Tomate gorriak ez direlako berdeak

Tomate gorriak ez direlako berdeak

E. Elizondo

Nafarroa berdearen irudia saldu zuen gobernuak, 1990eko hamarkadan; ez herrialdeko basoengatik, energia berriztagarrien aldeko apustuagatik baizik. Haizearen energia baliatzeko moduak garatzen hasi ziren UPNko agintariak 1995ean, eta gero, 2000. urtean, eguzkiari egin zioten so. Nafarroan ekoizten zen energiaren %11,1 baino ez zen berriztagarria 1997an, eta %18,2ra igo zen kopurua, 2001ean.

2011n, ordea, “%9,1 baino ez zen berriztagarria”. Energia Gara kooperatibako kide eta NUPeko Ekonomia irakasle Alejandro Arizkunek eman du datua: “Erakusten du Nafarroa berdearen irudia kondaira bat bertzerik ez dela izan”. Energia berdearen aldeko apustu hori “marketinarekin eta espekulazioarekin” lotu du Sustrai Erakuntza fundazioko kide eta energia kontuetan aditu Xabier Zubialdek. Bertze datu bat jarri du mahai gainean: “2008. urtean, kontsumitu zuen energiaren bikoitza ekoitzi zuen Nafarroak. Aurreko urteetan haize erroten, eguzki plaken eta eraginkortasunaren alde egin nahi omen zuten energia planek huts egin zuten”.

Energia planek lortu ez zutena krisiak egin du. “Historian lehen aldiz, kontsumoa behera egiten hasi zen 2008an”, azaldu du Zubialdek. Joera horrek erakusten duena baino aldaketa sakonagoa behar dela uste du, hala ere. Batetik, gogoratu du PPko Jose Maria Aznar buru zuen Espainiako Gobernuak liberalizatu egin zuela energiaren sektorea, eta, ondorioz, negozio pribatu bat dela, gaur egun. “Auzi politiko bat da, eta erabaki politikoak behar ditu”. Bertzetik, egungo gizarte ereduarekin lotu du energiaren auzia. Horretarako, tomate gorriaren adibidea baliatu du Zubialdek: “Lehen, udaberri-udan jaten genituen tomate gorriak; orain, urte osoan. Jendarte gisa gure eskakizunek gora egin dute, eta horrek ekarri du kontsumoak ere gora egitea”.

Eskaera horiei erantzuteko moduak ere badu garrantzia. “Lehen auzoko dendan erosten genuena orain hipermerkatuan hartzen dugu; Almeriako negutegietan ekoizten dituzten tomateak kamioiz ekartzen dituzte; hipermerkatuetara eramaten dituzte, plastikoz bilduta, eta autoz joaten gara gu merkataritza gune horietara, erostera”.

Lehen hurbila zena urruntzen joan da. Prozesua luzatu egin da, eta horrek ekarri du behar den energia kopuruak gora egitea. Tomate gorria, beraz, ez da batere berdea. “Egia da eraginkorrago izateko moduak garatu ditugula; kamioi batek lehen baino gutxiago kontsumitzen du, gaur egun; baina kontua da lehen baino kamioi gehiago daudela, orain, errepidean”.

Kanpoan saldu

Jaten ditugun tomateak daude, batetik; ekoizten ditugunak, bertzetik. Gauza bera gertatzen da energiarekin. Nafarroak ekoizten duena gauza bat da, eta bertze bat kontsumitzen duena. Nafarroak behar duena baino gehiago ekoizten du, saltzeko. Ekoitzi ahal izateko ere, aurretik erosi egin behar du, ordea.

Nafarroan gertatzen den energiaren salerosketa hori ulertzeko ezinbertzekoa da Castejongo zentral termikoak aipatzea. Gasa erabiltzen dute, eta gas hori Errusiatik eta Aljeriatik ailegatzen da Nafarroara. “Hiru zentral daude; urbanismoaren gorakadaren garaian egin zituzten; orain, haietako bi geldirik daude”, azaldu du Zubialdek. Krisiak kontsumoan eragindako beherakadak ukitu ditu.

“Lehengaia kanpotik dator”, erran du Zubialdek. Arizkunek ere nabarmendu du Nafarroak energiaren esparruan duen menpekotasuna. “Urtearen arabera, %80-85ekoa izan daiteke”, erantsi du Zubialdek. Hala eta guztiz ere, Castejongo zentralek ez diote negozio aukerari ihes egiten utzi nahi. Energia berriztagarriek lehentasuna dute, eta lehenak dira sarean sartzen. Ondorioz, Castejonen ekoitzitakoa saltzeko moduak bilatu dituzte enpresek.

Bilaketa horrek harreman estua du Nafarroan gertatu diren bi konturekin. Batetik, gasa bilatzeko haustura hidraulikoa baliatu nahi duten proiektuak aipatu ditu Zubialdek. “Castejongo zentralek behar dute gasa; Aljeriatik ekartzeko, adibidez, gero eta arazo gehiago izanen dira; bertze bideak bilatu behar dituzte, eta horietako bat da fracking-a”.

Bertzetik, ekoitzitako elektrizitatea saltzeko bideekin lotutako goi tentsioko lineak egiteko proiektuak ekarri ditu Zubialdek gogora. “Linea horien helburua da elektrizitatea kanpora ateratzea, Europara; hor dago negozioa. Zentralak geldirik daude orain, baina enpresek etekina atera behar diete egindako azpiegiturei, eta hori da bidea”.

Hori, eta berriztagarriei oztopoak jartzea. Haustura hidraulikoa garatzeko eta goi tentsioko lineak egiteko proiektuek, beraz, ekonomiaren ikuspuntutik baino ez dute zentzua. Negozioa da haien justifikazioa, Zubialdek agerian utzi duenez. Bat egin du Arizkunek horrekin. “Goi tentsioko lineak daude elektrizitatea saltzeko; halako ereduak ordezkatzeko garaia da, ordea; tokian tokiko ekoizpenaren alde egin behar dugu; nork bere energia ekoizteko ereduen alde. Nafarroan berriztagarrien aldeko apustuak ez du xede izan erregai fosilak ordezkatzea; hori da gakoa”.

Autokontsumoa aipatu du Arizkunek. Hori izan da Nafarroako hamaika tokitan jarri dituzten eguzki plaka anitzen asmoa. Hainbat proiektuk zuzenean lotzen dituzte plaka horiek elektrizitate sarera. “Iberdrolak jasotako elektrizitatea ordaintzen die; kontua da prezioak behera egin duela, eta, egun, ez du merezi”. Bertze eredu bat dago, zuzenean autokontsumoa bultzatu nahi duena. “Kasu horretan zuk ekoizten duzuna erabiltzen duzu, eta hori ez diozu Iberdrolari erosi behar. Eredu horri baldintza zorrotzak jarri dizkio Espainiako Gobernuak, ordea”. Garestitu du, enpresen negozioa bultzatzen duen eredua sustatzeko.

Kontsumoaren joerak marrazten duen grafikoa ez da kontuan hartu beharreko bakarra, Zubialderen hitzetan. Petrolioaren prezioak 2005ean goia jo zuela gogorarazi du, eta horrek anitz garestitu zuela energiaren faktura. “Zerbitzu bera hiru bider garestitu zen”. Orain, petrolioaren prezioak behera egin du. “Baina gora eginen du berriz”.