“Ongi aztertu behar da gaia; kontuan hartu ondorioak”

E. Elizondo

Gobernuak joan den abenduaren 30eko bileran erabaki zuen Aroztegiko udalerriz gaindiko eragina duen planarekin (UGEP) aurrera jarraitzea. Oporretan zen Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizalde (Bera, 1964), baina bileran izan zela argitu du.

Zure departamentua betean ukitzen du proiektuak. Ados zara UGEParen formularekin?

Akordio programatikoan adostu zen formula horren erabilera berraztertu behar zela. Ikusi genuen azken urteetan ez dela behar bezala erabili. Eta hori da orain egiten ari garena. Departamentu arteko lantaldea osatu dugu, dauden UGEPak berrikusteko.

Ez zegoen aukerarik egiten ari zareten txostena osatu bitartean, behintzat, prozesua bertan behera uzteko?

Abenduan jasotako eskaerari erantzuna eman genion. Argi dago auzia ongi aztertu behar dela, sakonago. Baina txosten juridiko bat genuen, eta haren arabera eman zuen gobernuak abenduan eman zuen erantzuna. Horrek, halere, ez du gelditzen egiten ari garen lana.

Txostenaren arabera, izanen da aukerarik prozesua gelditzeko?

Ez dakigu aukera hori izanen dugun edo ez. Azterketa egin, eta emaitzak baloratuko ditugu. UGEP bat zegoen auzi honetan; guk jasotako eskaerari erantzuna eman diogu, eta prozesuak aurrera jarraitzen du. Hori da gaur egun duguna. Bertze gauza bat da UGEPak aztertzea, eta erabakitzea ea hemendik aurrera zer eginen dugun.

Prozesuak aurrera jarraitzen du, zuek erabaki zenutelako hori abenduan, ezta?

Eskaera bat jasotzen duzunean, txosten jurudikoa egin behar duzu. Eta txosten horren arabera erantzun genuen. Txostenak erran zuen UGEP bat dugula auzi honetan, eta ezin dela erran halakorik ez denik.

Azken urteotako UGEP guztiak ari zarete aztertzen?

Bai. Azterketa horrek emanen digu tresna bat erabakiak hartzeko. Txostena jarraipen batzordera eramanen dugu, aztertzeko eta baloratzeko.

Jarraipen batzordeak egin al du bilerarik auziaz, abendutik?

Ez.

Proiektuari buruz, zer iritzi duzu?

Nik argi dut ongi aztertu behar dela. Hemen bi kontu daude: garapen turistikoa, batetik, eta hirigintzari lotutakoa, bertzetik. Kontuan hartu behar da zer ondorio sor daitezkeen. Ongi aztertu beharko dira proposatzen diren faseak; solastatu beharko dugu sustatzaileekin, bai eta hango herritarrekin ere. Ikusi behar dugu zer proposatzen den, eta nola. Gauza anitz daude kontuan hartzeko. Ur hornidura kudeatu behar da, zaborrak, bideak, errepideak…

Hainbat herritarrek galdeketa eskatu dute.

Eskubide hori dute, eta errespetatzen dut. Erran behar da Baztanen iritzi ezberdinak daudela ere, eta kontuan hartu behar da hori. Lekarozko herria dago, batzar nagusia, udala, bai eta sustatzaileak ere. Gaia landu behar da, eta hitz egin.

UGEPa da formularik egokiena parte hartze hori bultzatzeko?

Behar du parte hartzea, eta ematen du izan dela. Baina sakondu behar da. Txostena jaso, eta eginen dugu egin behar den lana.