“Europan gogoeta egin behar dugu burujabetzari buruz, zentzu zabalean”

“Europan gogoeta egin behar dugu burujabetzari buruz, zentzu zabalean”

Edurne Elizondo

Joan den astean ezagutu zuten Askapenako bostek Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententzia: absolbitu egin zituzten, erakundeak ETArekin “harreman zuzenik” ez duela ebatzi eta gero. Haietako bat da Aritz Ganboa (Arruazu, 1979).

Azkenean, absoluzioa. Poza nahasten da bost urte luzez bizi izandakoak utzitako arrastoarekin?

Hala da. Sei urteko espetxe zigorra genuen buruan, kartzelak Euskal Herrian ekartzen duen guztiarekin. Hori kontuan hartuta, absoluzioak harridura eta poza ekarri digu. Baina sentimendu horrek berehala egin du bat amorruarekin.

Bidean galdutakoaz?

Bide horretan gertatu denak eragindako amorrua da: atxiloketa, inkomunikazioa, espetxea. Nire etxera goizaldeko hiruretan sartu ziren, modu bortitzean; bi urteko alaba nuen han. Prozesuak ekarri du familia eta lagunak hipotekatzea. Kontrola ere erabatekoa izan da. Poliziaren jazarpena sufritu dut nik. Lantokira sartu zaizkit, errepidean hamaika aldiz geldiarazi naute, alaba nirekin zela, nire etxeko atarira etorri dira… Guk jasan izan duguna da, tamalez, euskal herritar askok jasan dutena. Horregatik lan egiteko konpromisoa berretsi dugu, beste testuinguru politiko eta sozial bat eraikitzeko.

Konpromiso horrek berak eraman zintuen Askapenara?

Askapenara iritsi nintzenean, gazte mugimenduan eta ikasle mugimenduan aritutako beste euskal militante bat nintzen. Askapena brigada baten bidez ezagutu nuen. Mugimendu zapatistaren altxamendua gertatu zenean, Mexikora joan nintzen Askapenarekin. Orduan erabaki nuen nire konpromiso militantea mugimendu internazionalistari eta Euskal Herriko mugimendu independentistari lotuta garatuko nuela, eta Askapenak ematen zidan horretarako aukera.

Elkartasuna da Askapenaren oinarrietako bat. Sumatu duzue zuen aurkako prozesuan?

Nik beti pentsatu dut elkartasun internazionalista balio etiko bat baino gehiago herri honek duen behar bat badela. Arma ezinbesteko bat da. Ez du zentzurik Euskal Herri libre batek zapaldutako mundu batean; Euskal Herriaren alde egitea da beste herri askoren alde egitea ere. Hori izan da gure ikuspegia, eta auziak iraun duen bitartean horri eutsi diogu. Konturatu gara elkartasuna izan dela prozesu honetan izan dugun arma nagusia; Euskal Herritik eta munduko hamaika txokotatik jaso dugu elkartasun hori.

Zein neurritan eragin dio prozesuak Askapenaren lanari?

Arrisku nagusia gure kontrako auzian ez da izan kartzela, Askapena legez kanpo uzteko aukera baizik. Munduan disidentziarako gero eta aukera gutxiago dugu, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiaren pean; herritarron eta herrion eskubide zibil eta politikoak etengabe ari dira urratzen. Elkartasun internazionalistaren borroka ildoetako bat horrek behar du izan, hain zuzen, askatasun demokratikoak berreskuratzea. Inoiz baino beharrezkoagoa da internazionalismoa. Askapena horretarako tresna bat da.

Brigadak izan dira elkartasun hori lantzeko baliabide nagusia. Proiekturik baduzue jada?

Uste dugu oso garrantzitsua dela Europan dugun egoera politiko berri honetan burujabetzaren inguruan gogoeta eta borroka egitea. Ildo horretan, aurten brigada bat joanen da Greziara; ez bakarrik herri horretara. Espainiara ere bai, Andaluziara. Bai eta Kataluniara ere. Burujabetzaren auzia ari da sekulako pisua hartzen Europan. Burujabetza zentzu zabal batean ulertzen dugu: troikaren inposizioen, elite ekonomikoen eta transnazionalen inposizioen aurrean, herriak izan beharko lukeen burujabetzaz ari gara. Oso garrantzitsua da argi izatea zer-nolako Europa eraiki nahi dugun, eta Europa horretan herriok zer-nolako rola izanen dugun. Europatik kanpo, Bolivartar prozesuak egun bizi duen ataka kontuan hartzekoa da. Brigadak han ere oso garrantzitsuak izanen dira. Baita Palestinan ere, Saharan… denak dira inportanteak. Herritarrak deitu nahi ditut parte hartzera.

Europa aipatu duzu; errefuxiatuei atea itxi nahi dien Europa. Zer deritzozu?

Inperialismoaren ikuspegi moderno batetik, botere ekonomikoa ari da hainbat herri zapaltzen ikuspegi geoestrategiko eta ekonomikoetan oinarrituta; zapalkuntza horren ondorioz dator miseria eta giza drama. Ostrukarena egin arren, drama hori elite ekonomiko horien gotorlekuetara ailegatzen ari da. Eta elite horiek herri xehea erabiltzen dute ezkutu gisa, manipulazioaren bidez. Horrek dakar faxismoa. Horren aurrean ikusten ari gara ere herritarren elkartasuna. Hori aktibatu behar dugu. Baina kontuan izanda arazoak erantzun politikoa behar duela. Kurdistan ere ezin dugu ahaztu. Batez ere hango emakumeak ari dira borroka egiten. Europak eta munduak Turkiari agertu diote elkartasuna; baina elkartasuna Kurdistanek behar du.