“Gu laguntzeko prest gaude, baina eurak dira adituak beren esperientzietan”

E. Elizondo

Errehabilitazio psikosozialerako zentroa da Iruñeko Arga izenekoa. Han ez dago psikiatrarik, ezta erizainik ere. Buruko osasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak artatzen dituzte hango psikologo, gizarte langile, hezitzaile eta abarrek, helburu nagusi batekin: “Haiek izan daitezela haien bizitzaren kudeatzaile”. Hala erran du zentroko gizarte langile Monica Ortigosak (Iruñea, 1982).

Nafarroako Gobernuarekin itundutako zerbitzua eskaintzen duzue. Noiztik eta non?

Gure zentroak 2005. urtetik daude martxan, Iruñean, Sarrigurenen, Lizarran eta Tuteran. Denak dira errehabilitazio psikosozialerako zentroak, eta Sarrigurengoa, gainera, bizitoki dute hainbat erabiltzailek.

Zu Arga zentroan ari zara. Zer lan egiten duzue, eta zenbat pertsonarekin?

Bi programa ditugu. Batean, 30 pertsonak parte hartzen dute. Eguneko zentro gisa hartzen dute gurea; gure lana da laguntza ematea haien egunerokoari aurre egiteko; bertzean, errehabilitaziorako programan, bertze 35 pertsona ditugu. Bakoitzak dituen beharretara zuzendutako programa da.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak dira zentrora joaten diren guztiak. Buruko gaitzek duten estigmak zama handia du, oraindik ere?

Bai. Guk ez diegu honat etortzen direnei inolako etiketarik jartzen; buruko osasunaren aldetik zailtasunak dituzten pertsonak dira guretzat; bertzerik ez. Etiketek ez dute laguntzen gizartean dagoen estigmari aurre egiten; eta oraindik bada. Zailtasun horiek dituztenek ere beren burua estigmatizatzen dute, neurri batean. Eta horri aurre egin behar diogu.

Nola?

Gure zentroan saiatzen gara estigmari modu transbertsalean aurre egiten, gure programa guztietan txertatzen. Programa ofizialez gain, bertzelakoak ere garatzen ditugu. Asmoa da zentrora etortzen diren pertsonak auzoko egunerokoan murgiltzea; parte hartzea. Hori da gakoa; tresnak ematen dizkiegu zentroko jarduera bera, egin nahi dutena kudeatzeko, nolabait; haien iritzia emateko, eta hitza hartzeko.

Horrek bat egiten du Mejorana elkarteko kideek eskatzen dutenarekin, ezta?

Hala da. Eskaintzen dugun arreta sisteman aldaketa behar da. Gure helburuak izan behar du artatzen ditugun pertsonek dituzten zailtasunak arintzea; haiek dituzten bizi proiektuak babestu eta lagundu behar ditugu; haiek zehaztu behar dute zein helburu lortu nahi duten. Haien arduren jabe izan behar dute, eta, aldi berean, haien bizitzaren kontrolak haien esku egon behar du.

Ahalduntzea da kontua?

Hori da. Sistemak gehiago entzun beharko luke haien iritzia; gehiago erabakitzeko aukera izan beharko lukete.

Zaila da aldaketa horren alde urratsak egitea?

Bai. Ez da erraza. Aspaldikoa da oraindik indarrean dugun funtzionatzeko modua; arreta eredu paternalista bat da. Profesionalei dagokie sistema horretan rol aktiboa; eta erabiltzaileei, berriz, pasiboa. Hainbat psikiatrak uste dute egun duten egoera arriskuan jar dezakeela aldaketa horrek, eta ez dute haren alde egiten. Zaila da, baina egiten ari gara urratsak.

Mejorana elkartea bera da horren adibide?

Bai, zalantzarik gabe. Hasieran aisialdiaren esparrura begirako taldea zen, baina ahalduntzearen garrantziaz jabetu dira, eta bultzada berria eman diote elkarteari. Guk bultzada berri horri eman nahi diogu babesa, hain zuzen ere. Laguntzeko eta babesteko prest gaude, baina haiek dira kudeatzaile, haiek dira protagonista. Finean, guk teoria eman dezakegu, baina berak dira beren esperientzietan benetako adituak. Haien ekintzen bidez ari dira estigmaren aurka lanean. Egiten duten lanak, gainera, on egiten die. Rol garrantzitsua dutela konturatzen dira.