“Tximinoei begira, pertsonak ikusten nituen zenbaitetan”

“Tximinoei begira, pertsonak ikusten nituen zenbaitetan”

Edurne Elizondo

Hitzetan eta keinuetan sumatzen zaio Ione Arbillari (Iruñea, 1990) bokazioak eraman zuela Biologiako ikasketetara. Mexikon eman ditu azken hilabeteak, Chiapasen, tximino orrolariei so. Animalia babestua da, bertzeak bertze, trafikoari aurre egiteko. Emozioz kontatu du hasieran urruti gelditzen zirela oihanean, baina, denborak aurrera egin ahala, konfiantza hartu, eta hurbiltzen hasi zitzaizkiola. Ama batek kume jaio berria erakutsi zion uneak erabat hunkitu zuela nabarmendu du.

Primateengatik erabaki zenuen biologia ikastea?

Animaliengatik, oro har. Txikitatik maite izan ditut. Baina ez bereziki primateak. Orain ere, ez dut argi primateen esparrura mugatu nahi dudanik. Lan arloa zabaltzeko prest naiz.

Masterra, hala ere, primateen inguruan egin duzu.

Leioan hasi nintzen ikasten, baina gero Italiara joan nintzen, Erasmus programaren bidez, zoologia jorratzeko aukera gehiago zegoelako han. Azken ikasturtea, berriz, Madrilen egin nuen. Ikasketak amaituta, masterra egitea erabaki nuen. Primateen ingurukoaren berri jaso, eta interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen.

Masterrak eraman zintuen tximino orrolariengana?

Bai. Bigarren urtean praktikak egin behar genituen. Lehen aldia izan da oihanean aritu naizela lanean; horregatik erabaki nuen Mexikora joatea, hizkuntzarena, behintzat, muga izan ez zedin. Banekien ez zela lan erraza izanen, eta ez nion bestelako zailtasunik erantsi nahi.

Zer zenekien tximino orrolariari buruz, eta zer ikasi duzu?

Masterrean ikasitakoa nekien. Batez ere, izenak argi uzten duen moduan, tximino hau ezaguna dela orro egiten duelako. Eta asko, gainera! Joan baino lehen esan zidaten ere animalia nagia zela. Eta horrek harritu ninduen. Han ikasi nuen dietarengatik direla hain nagi!

Zer jaten dute?

Hostoak, batez ere. Tarteka fruituak eta loreak ere bai. Garrantzitsua da hori, haziak barreiatzen dituztelako. Baina nagusiki hostoak jaten dituzte. Hostoen digestioa astuna da, eta energia gutxi ematen dutenez, asko jan behar dituzte. Digestio astun horren ondorioz siesta luzeak egin behar izaten dituzte, atseden hartu denbora luzez.

Haiek lo, eta zu haiei so?

Bai. Hamaika ordu ematen genituen haiei so. Eta lotan zirenean, gu azpian, haiei begira, eltxoek inguratuta. Ikaragarria zen. Abuztuan ailegatu nintzen, gainera. Beroa, eltxoak…

Nolakoa zen zure egunerokoa?

Hilero, gutxienez, hamar egunez ibili behar genuen oihanean. Ez zen beti erraza izaten tximinoen atzetik ibiltzea. Eguraldi txarrarekin, adibidez, behe lainoak hartzen zuen oihana, eta ez genuen deus ikusten.

Bertzela, erraza zen tximinoak aurkitzea?

Berez ez da zaila, egunsentian orro egiten dutelako. Gu sei tximinok osatutako taldea aztertzen aritu ginen, eta haiek ez zuten hori egiten, gizakiak eraldatutako eremu batean bizi zirelako. Errepidea bazen ondoan, bai eta nekazaritzarako erabiltzen zituzten lur sailak ere.

Entzun gabe, zaila zen tximinoak aurkitzea?

Hasieran, bai, zaila egin zitzaidan. Uste nuen ez nuela lana egiteko balio izanen. Baina gero ohitu nintzen. Entzumenaren bidez gai nintzen urtxintxak eta tximinoak bereizteko. Zazpi ordu egoten ginen, gutxienez, tximinoei so.

Zergatik egiten dute orro?

Lurraldea markatzeko. Azalpenak badu lotura energia gastuarekin. Orro eginez elkarri esaten diote zein den bakoitzaren lurraldea, eta, horrela, gatazka saihesten dute. Emeak erakartzeko ere egiten omen dute orro arrek. Antza, arrak gero eta orro handiagoa egin, orduan eta txikiagoak ditu barrabilak.

Taldeka bizi dira?

Guk aztertutakoak, bai. Normalena da ar nagusi bat izatea, beste arren batekin, eta, gero, hainbat eme. Halere, genero bereko sei espezie daude, eta ezberdinak dira. Hainbat monogamoak dira, adibidez.

Chiapasen, eremu zapatista batean egon zara. Nolakoa izan da esperientzia?

Agua Azul izeneko komunitatean bizi ginen gu. Herri zapatista asko zeuden inguruan. Autogestionatzen diren herriak dira, eta nahi duten gauza bakarra da bakean uztea. Tarteka errepideak blokeatzen zituzten, protesta moduan. Ekintza eraginkorra zen, hiri turistikoak zeudelako inguruan.

Nolakoa zen Agua Azul?

Indigenen komunitatea da, eta oso toki turistikoa; hor dute diru iturri nagusietako bat. Oinarrizko zerbitzuak baino ez daude. Guk lo egiten genuen CONANPek han zuen egoitzan. Babestutako Natur Eremuen Batzorde Nazionala da hori. Txorrotako ura, adibidez, ibaiko ura zen. Dutxa hartzen zenuenean, tarteka, hostoak ateratzen ziren txorrotatik. Bizimodua sinplea zen, baina lasaia. Sakelakoarentzako estaldurarik ez zegoen, adibidez, eta nik eskertu egin dut hori. Teknologia, tarte batez, bazter utzi ahal izatea mesedegarria izan da. Harritu ninduen hango indigenek iPhone telefonoak izatea.

Zapatistekin arazorik izan duzue?

Lana amaitzeko egun gutxi falta zirela etorri ziren gure etxera esatera zapatistek ez zutela haien oihanean egotea nahi. Guk lan egiten genuen eremua pribatua zen. Jabeak behiak zituen han, baina Mexikoko Gobernuak dirua eman zion, oihana bere hartan uztearen truke. Gero jakin genuen ez zela zapatisten kontua, eremu hori zaintzen zuen pertsonarena baizik. Bukatu genuen lana, baina kostata, eta CONANP elkartearen bitartekaritzari esker.

Oihanean lehen aldiz aritu zara. Nolakoa izan da esperientzia?

Zoragarria. Han sartu, eta hamaika animaliak inguratuak ginen. Guztiekin liluratzen nintzen ni. Tximinoekin ere, hasieran urruti gelditzen ziren, baina, denborak aurrera egin ahala, ohitu ziren gu han ikustera, eta hurbilduz joan ziren, ia parean gelditu arte. Gure taldeko emeetako batek kume bat izan zuen gu han ginela, eta erakustera etorri zitzaigun. Oso hunkigarria izan zen une hura. Tximinoak lehen aldiz ikustea eta entzutea ere oso hunkigarria izan zen.

Ez duzu esperientzia txarrik izan oihanean?

Bai, asko! Larriena, erleekin. Tximinoek jateko erabiltzen zituzten zuhaitzak markatzen genituen. Horretan ari nintzela, behin, erlauntz bati kolpea eman nion, eta erleak atzetik etorri zitzaizkidan. Zizta egin zidaten. Beldurra pasatu nuen.

Kontent itzuli zara?

Esperientzia oso polita izan da. Asko ikasi dut, eta konturatu naiz gurekin antz handia dutela tximinoek. Ama eta kumea elkarri eskutik helduta ikusi genituen behin. Gu bezala. Haiei begira, pertsonak ikusten nituen zenbaitetan. Gu ere primateak baikara.