Adabakiz jositako eraikin zaharra

Adabakiz jositako eraikin zaharra

Asier Garcia Uribarri

Hemen guztia MacGyverrek egindakoa dirudi”, horrela azaldu du Pedro Lopez Lehendakaritza Departamentuko arkitektoak Nafarroako Jauregiaren egoera. Eraikina 1851. urteko abenduan inauguratu zuten, Foru Diputazioko egoitza izateko. Mende eta erdi luzean aldaketa ugari jasan ditu jauregiak, baina sakoneko azken erreforma 1951. urtekoa da. Eraikineko oin nagusia 1986an berritu zuten, eta presidentetza kabineteko bulegoak, 2008an. Gainerako espazioek bere horretan jarraitzen dute. Lopezek azaldu du azken urteetan adabakiak baino ez dituztela jarri. Hori zergatik gertatu den galdetuta, lanetarako dirurik ez zegoela azaldu du arkitektoak. “Jauregia Lehendakaritza Departamentuaren ardura da, eta sail horrek ez du inoiz dirurik izan”.

Maria Jose Beaumont Lehendakaritza eta Funtzio Publikoko kontseilariak kargua hartu bezain laster salatu zuen jauregiaren egoera. “Ezin nuen sinetsi”, izan ziren kontseilariaren hitzak. Horregatik agindu zuen eraikinaren azterketa oso bat egitea. Nafarroako Hitza-k Lopez eta Edurne Iriarte jauregiko lanak koordinatzen dituen arkitektoarekin bisitatu du eraikin historikoa.

Hala ere, Nafarroako Jauregiaren arazo bakarra ez da arkitektonikoa. Edurne Eginoa Presidentetza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiaren arabera, “egun jauregiak ez du jarduera sailkatuetarako lizentziarik, ezta irekitzekorik ere”. Horregatik, hasi dituzte Iruñeko Udalarekin eraikina “legeztatzeko” pausoak. Horrek esan nahi du eraikinak ez dituela betetzen irekita egoteko legeak eskatzen dituen baldintzak: besteak beste sute, lan segurtasunekoak eta iristeko erraztasunekoak.

Behin jarduera sailkatuetarako lizentzia lortuta, beharrezkoak diren lanak egingo dituzte legea betetzeko. “Kasu batzuetan egokitzapen hutsak izango dira, baina beste batzuetan eraberritzeko lan sakonak egin beharko dira. Artxiboko eraikina, adibidez, goitik behera aldatu behar da”.

Baina jo dezagun eraikinera. Kaletik begiratuta Nafarroako Jauregiak izan dezakeen gauzarik deigarrienetako bat San Ignazio kaletik ikusten den lorategia da. Gaur egun duen itxura 1953an Victor Eusa Foru Diputazioko arkitektoak diseinatutakoa da. Urrunetik ez da ezer arraro nabaritzen, baina lorategiko zorua hondoratua dago, bereziki isurbidearen inguruan eta artxiboko eskaileren ondoan. “Iturriak ur asko galtzen du, eta lurra eraman du. Gainera, lur azpitik sartu dute zuntz optikoa. Horrek guzti horrek eragin du zorua hondoratzea”, azaldu du Lopezek. “Duela sei bat urte iturria iragazgaitz bihurtzeko xafla batzuk jarri ziren, ur asko galtzen zuelako. Garai hartan esan ziguten bost urte baino ez zuela iraungo. Baina dirurik ez zegoenez, hori egin genuen”.

Iriartek lorategiari buruzko pasadizo berezi bat azaldu du: “XX. mende hasieran Gernikako Arbolaren muskil bat landatu zuten. Ez dakigu noiz kenduko zuten, baina akaso 1953an, orduan aldatu baitzuten”. Era berean, lorategiak hasieran izan zuen iturri borobila Baionan erosi zutela zehaztu du. Iriarteren arabera, lorategiaren itxura soilduz joan da aldaketa bakoitzarekin. Hala ere, berak gaur egungo itxura mantenduko luke. “Erreforma batzuk egin behar dira, baina irudi hau gustatzen zait”.

Artxibo ohia

Jauregiko artxiboko eskaileren aurreko zoruak maila bat egin du behera. Bertatik artxiboko zorroten zaharkituak ikusten dira, eta inguruan sortu dituzten hezetasunak. “Buxatuta daude. Duela urte batzuk zulotxo batzuk egin genizkien zorrotenei ura askatu zezaten. Une zehatz baterako irtenbide ona da. Baina horrek ez du konpondu benetako arazoa. Zorrotenak goitik behera aldatu behar dira. Gaur egun daudenak 1980ko hamarkadakoak izango dira”.

Nafarroako Jauregiko eraikinetatik artxibo zenak du egoerarik okerrena. “Artxibo Nagusia eraikin berrira eraman zutenean, hau hutsik gelditu zen, eta biltoki gisa erabiltzen da”, azaldu du Lopezek. Bertan aurkitu daitezke, besteak beste, jauregiko Olentzeroa eta Nafarroako armarri ereinozduna duten aulkiak.

Iriartek azaldu du artxiboko irakurketa gela zena museo gisa prestatu zutela. Hori da eraikin osoan txukun dagoen gela bakarra. Kanpotik ikusten diren hezetasunen eragina barruan ere ikusten da. Hala nola azken solairuko geletako baten sabaia duela hiru urte erori zen.

Lopezek dio artxiboko hormak eta teilatuak direla konpondu beharreko lehenengo gauzak. “Kanpotik barrurako lanak egin behar dira. Lehenengo urak sartzeari utzi behar dio, eta gero, barrukoa atonduko dugu”. Jatorrizko teilatua zinkarekin egin zuten, baina 1970eko hamarkadan uralitagatik aldatu zuten. “Garai hartan, materialik onena zela pentsatuko zuten. Baina ez da egokia, ura sartzen baita. Berriro ere atzera egin eta zinka jarri beharko dugu”, adierazi du Iriartek.

Lopezen aburuz eraikineko gauzarik baliotsuena Jainkozko amodioa XVII. mendeko tapiza da. Hori ere eraberritzeko dago. “Apurtuta dago, eta pipiak ditu. Hainbat aldiz eskatu dugu aurrekontua konpontzeko, baina inoiz ez da egin”. Artxiboko eskaileretako jatorrizko hormak berreskuratzearen alde dago Lopez, gaur egungoaren azpian dagoena. “Eraikina berritzean, jatorrizko margoa berreskuratu beharko litzateke. Bertan Nafarroako hiribildu guztietako armarriak baitaude”.

Oraindik eraikinaren azterketarekin badaude ere, aurrera begirako helburuetako bat artxibo zenaren oin nagusian aritzen diren hainbat langile lekuz mugitzea dela azaldu du Eginoak. Oin nagusian aritzen diren langileak pilatuta daudela salatu du Iriartek. Behin langileak mugituta, aztertuko dute jauregitik kanpo dauden zenbat langile sar daitezkeen jauregian. Horrez gain, ekitaldi areto bat egitea ere aztertzen ari dira. Jauregiak ez baitu horrelako gelarik. Era berean, osoko bilkuren areto berri bat egiteko asmoa ere badute. “Gaur egun gobernua biltzen den gela ez dago prestatua horretarako. Areto zahar bat da, eta ez ditu beharrezko baliabideak. Gainera, oso gela iluna da”, adierazi du Eginoak.

Oin nagusia

Jauregiko bizia oin nagusian dago. Bertan 300 bat lagunek lan egiten dute, eta gune batzuetan pixka bat pilatuta, gainera. Goiko solairuan Nafarroako SOS deietako egoitza zegoen; 2006an lekuz aldatu bazituzten ere, tokiak berdin jarraitzen du. Hala nola orduko afixak mantentzen dira.

Hala ere, goiko solairuko punturik harrigarriena San Ignazio kalera jotzen duten eskaileretako sabai-leihoari eusten dion egitura da. Egun jatorrizko egurrezko egitura mantentzen da. Hori bai, altzairuzko habeekin lagundua. Pipiek egurra nahiko janda dutelako. “Garai batean altzairuzko habeak jartzeko beharra izan zuten, baina egun ez dago hondoratzeko arriskurik. Hala ere, beharrezkoa da egurra garbitzea”, azaldu du Lopezek.

Oin nagusia nahiko ondo dago. Hala ere, bada zer hobetu. Kasu askotan dekorazioa 1970eko hamarkadakoa ematen baitu. Jauregiko jatorrizko gelak oso altuak dira, bereziki beheko solairuan. Espazioa aprobetxatzeko asmoz, solairuarteak eraiki zituzten. Horren emaitza, oso baxua den lehen solairu bat sortzea izan zen. Gainera, solairu horretako bulego batzuek ez dute kalera jotzen duen leihorik. Beste batzuetan badute, baina leiho handi baten goiko zatiak dira. Hau da, beheko solairuan pertsiana ixten badute, goikoari ere ixten diote. Solairu horietan aire girotua 2010. urtean jarri zuten, eta eraikinaren energia kalifikazioa E da.

Nafarroako Jauregiak 160 urte ditu. Azken mende erdian egindako lanak erabat partzialak izan dira. “Planteamendu orokorra behar du eraikin honek. Ikuspegi bateratua”, uste du Lopezek.