75 urte, eta osasun betean

75 urte, eta osasun betean

Asier Garcia Uribarri

Gizonez osatutako zortzikoak egin zuen Oberena dantza taldearen lehen emanaldia, Elon (Nafarroa), 1941eko abuztuaren 15ean. Aurten, 75 urte geroago, egun berean itzuliko dira Elora Oberenako dantzariak. Hiru mende laurden bete ditu taldeak, eta erabat aldatu da. Ehun dantzari baino gehiago dira egun, gizon eta emakumeak. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osorako, zer ospatu badutelako. Ez bakarrik urteurrena: Nafarroako Gobernuak iragarri berri du Karlos III.aren domina emango diela datorren maiatzean, euskal kulturaren alde urteetan egindako lanagatik.

“Uste dut ez dugula ezer berezirik egin beste taldeekin alderatuta”, adierazi du Irune Tubia Oberena dantza taldeko kideak. Haren aburuz, Euskal Herrian badago bertako kulturarekiko kontzientziazio berezia, eta horrek eragiten du, haren ustez, jendeak dauden dantza taldeetara jotzea, besteak beste.

Baina edozein taldek eutsi ahal izateko belaunaldi berriak behar ditu, derrigorrean. Oberenan lelo hori serio hartu zuten 1980ko hamarkadatik aurrera, eta emaitza agerikoa da. Dantzari txikien talde txukuna dute: egun, 60 kide inguru dira. Hori da Oberenaren harrobi nagusia. “Badakigu txikitan sartzen diren batzuek adinarekin utzi egingo dutela, baina beste batzuek aurrera jarraitzen dute. Txikiekin badugu aseguru antzeko bat aurrera jarraitzeko”. Gainera, nabarmentzekoa da nagusien taldeko berrogei dantzariek 15 eta 31 urte arteko adina dutela.

Hala ere, taldeetan pertsonak daude, eta beti ez dira errazak harremanak. Alde horretatik, Tubiak dio une gogorrenak pasatu zituztela 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Dantza taldea kudeatzerakoan ikuspegi ezberdinek edota pertsonen arteko ezinikusiek eragin zuten hainbatek taldea uztea. “Batzuek talde berriak sortu zituzten, eta beste batzuek sortu berri ziren taldeak aprobetxatu zituzten haietara jotzeko”.

Oberena sortzeko arrazoietako bat euskal dantza tradizionalak berreskuratzeko gogoa izan zen. Urteotan, publikoari eskaini dizkioten dantzak aldatuz joan dira. Egun, dantza tradizionalek eta hainbat koreografiak osatzen dute Oberenaren errepertorioa, hala nola Nafarroako hainbat herritako makil dantzak, Nafarroa Behereko inauteriak eta Baztango irri dantzak.

Urtemuga ospatzeko ekitaldi garrantzitsuena otsailaren 20an egin zuten, Iruñeko Baluarten, Iturri zaharretik, indar berriz ikuskizuna taularatuta. Bertan, taldearentzat garrantzitsuak izan diren dantzak aurkeztu zituzten, besteak beste, Erronkariko Ttunttuna, Otsagabiko dantzak eta sokadantza. Hala ere, modu berezian planteatu zuten ikuskizuna. “Ez genuen gure historia kontatu nahi beti egiten den moduan, lehengoaren kopia eginez. Guk izan nahi dugun taldearen irudia eskaini nahi genuen. Adibidez, generoaren aldetik aldaketa ugari egin genituen. Garai batean, Eusko Irudiak koreografia asko dantzatzen zuen Oberenak. Guk egin genuen koreografia hori hartu, eta neska eta mutilen artean landu, berdintasunean”. Era berean, Baluarteko ikuskizuneko sokadantza emakumeek soilik osatu zuten. “Urtetan emakumeak dantzetan baztertu dituzte, eta keinu horrekin merezi duten tokian jarri nahi genituen”.

Ikuskizunak Iturri zaharretik, indar berriz izena zuen, Joxean Artzeren poeman oinarriturik. Ideia horri jarraituz, gazteen taldearekin bukaera eman zioten saioari. “Horrelako ikuskizunetan dantzari txiki eta gazteak bigarren mailan egon ohi dira. Badakigu taldeak aurrera jarraitzeko bermea direla; beraz, beraien dantzekin bukatu genuen”.

Harremanak lantzen

Azken urteotan euskal dantzen inguruko gogoetak piztu dira, han eta hemen. Bereziki generoak markatutako rolak dira ezbaian jarri direnak. Oberenan udazkenean saio bat egin zuten, talde barruan horrek nola eragiten zuen jakiteko. “Oso positiboa izan zen, gure arteko harremanei dagokienez. Konturatu ginen beharra genuela gure taldea erabat aldatzeko. Orain arte egiten genuen neskek alde batetik, mutilek bestetik eta dantza batzuk elkarrekin. Filosofia hori alboratu nahi dugu. Nagusien taldeak 40 dantzari ditu, eta guztiek dantzatu dezakegu edozer. Hori bai, horretarako dantza guztiak ikasi behar ditugu”.

Gaiari heldu aurretik, erresistentziak aurkituko zituztela uste zuen Tubiak. Baina ez da horrela izan. “Gure arteko harremanetan sakondu nahi genuen. Nola jokatzen dugun ikusi, eta zergatik. Ondorioak modu naturalean atera ziren”. Taldeko jende nagusienak ere ondo hartu du erabakia. Tubiaren arabera, beste giro bat sortu da taldean. “Jendea alaiago dator entseguetara. Guztiek dantza guztiak ikasi behar ditugu orain. Eta gauza berriak ikasteak beti motibatzen du”. 75 urte beteko baditu ere, gazte eta osasuntsu dago Oberena dantza taldea.

Argazkia: Daniel Fernandez