“Liburuak erosteko momenturik egokiena oraingo hauxe da”

“Liburuak erosteko momenturik egokiena oraingo hauxe da”

Edurne Elizondo

Aurtengoa Liburuaren Egun berezia izanen da Iruñeko Auzolaneko kideentzat, Espainiako Gobernuak liburu denda independenteentzat duen kalitate zigilua jaso zutenetik lehenbizikoa izanen baita. Horrek ekarri dienaz eta sektorearen egoeraz mintzatu da Unai Pascual (Iruñea, 1976) bazkidea.

Espainiako Kultura Ministerioak emandako kalitate zigilua duzue, joan den otsailetik. Zer erran nahi du horrek?

Espainiako Gobernuak liburu denda independente bat zer den zehaztu nahi izan du zigilu horren bidez. Hainbat ezaugarri bete behar dira definizio horren barruan sartzeko; hainbat oso teknikoak dira, edozein enpresak bete beharrekoak; baina badago beste arlo bat, eta lotzen du liburu denda independenteon jarduera izaera sortzaile batekin; hau da, kultur jardueren sortzailetzat jotzen gaituzte. Kontua ez delako bakarrik liburuak saltzea, baizik eta irakurketarekin sortzen diren prozesu emozionalak eta pentsamendu kritikoarekin lotutakoak garatzea ere. Liburu denda egileen, irakurleen, dendarien eta editoreen arteko topaketarako toki bilakatu da.

Hori da egungo eredua?

Nik uste dut liburu denda mota berri hori sortu dela. Ez gara gu bakarrik, noski. Ameriketako Estatu Batuetan gertatu da, eta, han, liburu denden jarduerak %25 egin du gora. Iruñean ere nabarmena da gertatu den aldaketa. Sortu dira liburu denda independente asko. Hainbat geruza dago orain, nolabait esanda; trantsizio garaian sortu ziren liburu dendek bat egin duten sortu diren liburu denda berri horiekin, eta, aldi berean, bestelako ereduak sortu dira, adibidez Amazon eta Internet bidezko salmenta oinarri dutenak. Hainbat errealitatek egin dute bat. Sekulakoa da. Oraingo hauxe da da liburuak erosteko momenturik egokiena.

Zergatik?

Edozein tokitan, edozein momentutan, eta sekulako kalitatearekin eros ditzakezulako liburuak. Eskaintza handia da.

Eta askotarikoa, zuk erran bezala, ez baita gauza bera Amazonen edo Auzolanen erostea, ezta?

Ez, noski. Auzolan, Abarzuza edo Elkar sortu zirenean, adibidez, erantzun nahi izan zioten euskararen arloan zegoen beharrari. Garai hori atzean gelditu da, eta egun, nahi duzuna irakur dezakezu. Hori non lortu ere erabaki dezakezu, dagoen aukeraren artean. Gure proiektuak, adibidez, beste hainbat adar ditu orain, eta ni Denon Artean argitaletxeko arduradun ere banaiz. Katakraken gisako espazio batean, berriz, arlo politikoak ere lantzen dituzte, eta Chundarata, bestalde, haur eta gazte literaturaren esparruan espezializatu da. Bilatzen duenaren arabera irakurleak badaki nora jo. Esparrua asko zabaldu da.

Esparrua zabaldu da, eta asko zarete, zuk diozun bezala. Zuen kasuan, eredua egokituz joan zarete. Horrek izan du ordainik?

1990eko hamarkada, nolabait, urrezko garaia izan zen liburu saltzaileentzat. Hori atzean gelditu da, eta egia da, neurri batean, prekaritateak jo duela sektorea. Egiturak txikituz joan dira. Baina eutsi diogu. Liburuaren Eguna ere bada gertatu den aldaketa horren adierazgarri: duela hamar urte 8-9 liburu denda ginen kalean, eta aurten 17 aterako gara. Egia da herrietan denda asko itxi dituztela, baina hirietan, berriz, sortu egin dira, bakoitza bere eskaera berezi bilakatzen duen zerbaitekin.

Hori da eusteko bidea, berezi bilakatzen zaituena bilatzea?

Berria dena bilatzen du erosleak. Gu enpresa pribatua gara, ezin dugu hori ahaztu, eta kontsumoak eusten dio gure jarduerari. Saltzeko, ezagun bilakatuko zaituena behar duzu. Emozio bat sortu behar duzu. Nik argi dut, hala ere, erosle gehienak liburu denda guztietara joaten direla, berdin gurera eta besteetara ere. Eta, noski, pozik daude, eskaintza handia eta ona delako. Garai ona da oraingoa denontzat.

Hurrengo urtean 40 beteko dituzue. Zein da bide luze hori egiteko sekretua?

Datu bat dago nahiko tristea: estatuan 121 liburu denda bakarrik gelditzen direla 40 urte bete dituztenak. Guk eutsi diogu, eta nik uste dut sekretua dela beti izan garela oso independente, eta garaian garaiko gizarteak eskatu duen horretara egokitu garela.

Tutera karrikan zabaldu zenuten bigarren egoitza bat, baina itxi zenuten.

Horren aldeko apustua egin, baina ez zen ongi atera. Momentu batean erabaki bat hartu behar izan genuen, eta gure betiko egoitzaren alde egin genuen. Hura itxi eta San Gregorioko betiko egoitzan gelditu ginen. Orduan erabaki genuen gure jarduera kultur ekitaldiak antolatzera bideratzea ere, eta uste dut ongi ari garela. Kontua ez da noizbehinka zerbait egitea, baizik eta kultur programazio oso bat antolatzea. Oraingo eredua hau zela uste genuen, liburu denda txikia eta espezializatua. Eta bide horren alde egin dugu.

Liburu elektronikoaren mehatxua atzean gelditu da?

Liburu elektronikoak sekulako bidea eginen zuela ematen zuen. Kontua da teknologiaren inguruko taldeak oso indartsuak direla. Sartu dira musikaren arloan, hedabideetan, bai eta gurean ere. Baina gure esparruan ez dute egin espero zuten bidea. Beste euskarri bat da, baina ez du papereko liburuaren tokia betetzea lortu. Lotura emozionala dago liburuarekin. Teknologia digitala gure lanbidean sartu da, zalantzarik gabe. On egin digu digitalizazio prozesu horrek. Begiratu batean jakin dezakezu zer liburu dagoen zein dendatan. Baina kontua ez da beti teknologiak aurretik zegoenaren tokia hartzea. Gehitu bai, baina ordezkatu ez. Liburu elektronikoa gailu bat da. Papereko liburuak beste hamaika elementu ditu.

Amazonen gisako egitasmoek eragin dizuete?

Bai, hori bai. Baina ez da sektoreari min egin dion elementu bakarra. Guri gehien eragin diguten kontuak dira, batetik, liburutegietan egin diren murrizketak, sekulakoak izan baitira, oso gogorrak; %80 ingurukoak. Bestalde, pedagogian eta irakaskuntzan egon diren aldaketek eragin digute, testuliburua bazter utzi eta bestelako euskarriak garatu dituztelako. Amazonena hor dago, eskaintza gero eta zabalagoa dela ere bai. Aldaera guztiak hartu behar dira kontuan.

Pirateria ere bai?

Nik ez dut horretan sinisten. Egia da jendeak liburuak kopiatzen dituela, baina adibide bat aipatuko dut: bideo joko enpresa batek urte batean lortu zuen bere jokoen kopiarik ez egitea, eta urte horretan haren salmentek behera egin zuten. Liburuen esparruan ere hori gertatzen dela ikusten dugu guk. Pirateria dago, bai, baina baita jende gehiago liburutegietan ere.

Irakurle gehiago dago?

Bai. Gazteek, adibidez, asko irakurtzen dute. Gazteen artean onartu behar dugu lehiakiderik handiena sakelako telefonoa dela. Bestelako euskarriak dira, baina egia da irakurri egiten dutela.

Bihar karrikan izanen zarete berriz.

Bai. Ea eguraldia lagun dugun. Hurrengo urterako, gure 40. urteurrenerako, hain zuzen, hasi beharko dugu nola ospatu pentsatzen. 40 urte ez dira gutxi eta zerbait polita eta berezia egin nahi dugu.