Berriz ere gerta ez dadin

Berriz ere gerta ez dadin

Asier Garcia Uribarri

Hiesak jota eta inolako arreta medikorik gabe. Horrela hil zen 1993ko maiatzaren 15ean Pello Mariñelarena euskal presoa, Parisko Antoine Beclere ospitalean. Igandean, heriotzaren urtemugarekin, Mariñelarenaren margo eta olerkien erakusketa aurkeztuko du Sarek Etxarri Aranatzen. “Pello [Mariñelarena] gogoratzeko eta haren lana aitortzeko egin dugu erakusketa. Baina baita gaixorik dauden presoen eskubideak aldarrikatzeko ere. Hark pairatu zuena inork berriz paira ez dezan”, azaldu du Mikel Mundiñano Sareko kideak.

Mariñelarena Etxarri Aranatzen jaio zen, 1963. urtean. Nerabea zenetik lan egin behar izan zuen etxeko ekonomian laguntzeko. Horrez gain, goiz piztu zitzaion inguruan zuen munduarekiko ezinegona. Era berean, beste hainbat garaikideri gertatu bezala, droga mendekotasunak harrapatu zuen Mariñelarena. Zuen arazoaz jakitun, Mondoñedoko desintoxikazio zentrora jo zuen, Galiziara. Han lortu zuen drogaren atzaparretatik ihes egitea. Baina, handik gutxira, militantzia politikoaren ondorioz erbestera jo behar izan zuen. “1987. urtea berezia izan zen Pellorentzat [Mariñelarena]. Lagun eta militantziako kide bat hil zitzaion, istripuz. Garai hartan, ihes egin behar izan zuen”.

Erbestean hasi zen margotzen eta olerkiak idazten. “Haren ibilbide osoa ikus daiteke haren margoetan: droga mendekotasuna, sendatzea, konpromiso politikoa eta ihesa”. 1990. urtean atxilotu zuten, Bretainian. Zailtasunak zailtasun, La Santeko espetxean (Frantzia) margotzen jarraitu zuen. Espetxean bi urte eta erdi zeramatzala hiesa diagnostikatu zioten, eta hilabete baten buruan hil zen.

Gaixo dauden presoen askatasuna da Sareren aldarrikapen nagusietako bat. Mariñelarenaren lana baliatu nahi dute aldarrikapen horretan sakontzeko. Presoen eskubideen alde, Eskubideen trena egitasmoa garatzen ari da Sare. Alor ezberdinetan lan egiten duten pertsonen ekarpenak jasotzeko. Kanpaina horretan kokatu ditu Mundiñanok erakusketa eta igandeko aurkezpena. “Erakusketa aurkezteaz gain, Sakanako sortzaileen ekarpena garrantzitsua izango da”. Aurretik, antzeko ekinbide parte hartzaileak egin dituzte eskualdeko kirolari eta musikariekin.

Erakusketa igandean Etxarri Aranatzen aurkeztuko badute ere, datozen asteetan Sakanako hainbat herritan egongo da ikusgai. Ekainaren 6tik 17ra, berriz, Iruñeko Katakraken izango da.

Egitarau zabala

Egun handia igandea izango bada ere, gaur egingo dute lehen ekitaldia. Etxarri Aranazko Leku Ona tabernan Burdin hariak eta plastikozko koilareak ikuskizuna taularatuko dute. “Markel Ormazabal eta Oier Gonzalez preso ohiek landutako solasaldia da, espetxearen ingurukoa, bideo eta musikarekin lagunduta. Galdera bati erantzutean otu zitzaien ideia: berdin pisatzen du koilara batek espetxearen bi aldeetan?”, azaldu du Mundiñanok.

Igandean, 11:00etan aurkeztuko dute erakusketa Etxarri Aranazko plazan. “Badakigu ez dela egokiena erakusketa bat kalean jartzea. Baina herriak ikustea nahi dugu. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko arkupeetan jarriko dugu”. Ordu berean, Uribe Crew grafitigileek Mariñelarenaren irudia margotuko dute herriko horma batean.

Eguerdian, Artie Kalia Etxarri Aranazko sortzaileen taldeak serigrafia tailerra eskainiko du. “Pelloren [Mariñelarena] lanen irudiekin zorroak eta elastikoak egingo dituzte. Bertan izango dute materiala; beraz, ez da etxetik eraman beharko”.

Horrekin batera, sormen parte hartzailerako ekinbidea prestatu du Altsasuko Artebide taldeak. Eskualdeko hainbat margolariren topagunea da Artebide. “Pentsatu dute biltzen den jendearen artean Pelloren [Mariñelarena] olerkiak banatzea. Bertan, panel handi batzuk jarriko dituzte. Orduan, bakoitzak olerkiak irakurtzean, norberari ateratzen zaiona margotzeko aukera izango du”.

Goizeko azken ekitaldia 13:00ean hasiko da. “Froga txiki” gisa definitu du Mundiñanok. Triki edo bertso poteoa egin beharrean, “olerki poteoa” egingo dute. Horretarako, sortzaile ezagunen laguntza izango dute.

Oraingoz, Jon Arretxe idazleak eta Maider Ansa abeslariak eman dute baiezkoa. Baina beste hainbatekin harremanetan daudela nabarmendu du Mundiñanok. “Tabernetan sartu eta isiltasuna eskatuko dugu. Orduan, Edur Zubeldia musikariak akordeoiarekin musika inprobisatuko du, eta sortzaileek Pelloren [Mariñelarena] olerkiak irakurriko dituzte. Ez dugu sekula egin, baina uste dugu oso interesgarria izango dela”.