Lanak tuneletan, segurtasuna indartzeko

E. Elizondo

N-121-A errepideak dituen arazoen artean nabarmentzekoa da Belateko eta Almandozko tunelen egoera. Izan ere, obrak hasi zituztenetik egon da ezbaian haien segurtasuna. Suhiltzaileek egindako txostenek horixe utzi dute agerian azken urteotan, eta Europak ere mahai gainean jarri du zuzentarauetara moldatzeko beharra. Nafarroako Gobernua babesten duten Geroa Baik, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k akordio programatikoan jaso zuten tunelak legedira egokitzeko azterketa egiteko beharra. Lan horretan ari direla zehaztu du Garapen Ekonomikorako Departamentuak. Bitartean, 7,2 milioi euroko saila onartu dute Belateko, Almandozko, Oieregiko eta Sunbillako tuneletan obrak egiteko, 2019a bitarte.

Gobernuak onartu du orain baimendutako lanekin arazorik larrienei eman nahi dietela konponbidea. Toki arriskutsuak “ahal den neurrian” konpondu, alegia. Aurten, 214.000 euroko diru sailarekin, tuneletan lanak egiteko proiektuak idatziko dituzte, eta datozen hiru urteotan obrei ekinen diete.

Batetik, likido toxiko eta sukoiak drainatzeko sistemak jarriko dituzte lau tuneletan; bertzetik, Belatekoan bi bazterbide berri eginen dituzte, eta Oreiegikoan eta Sunbillakoan, berriz, sua itzaltzeko sistema berriak ezarriko dituzte. Azkenik, Sunbillako tunelean larrialdietarako argindar hornidurarako sistema jarriko dute. Leitzarango eta bertze hainbat errepidetako egituretan ere lanak eginen ditu gobernuak, lau milioi euro inguruko aurrekontuarekin.