“Nahi eta ezin”

“Nahi eta ezin”

Edurne Elizondo

A gerikoak dira, oraindik ere, azken istripuaren arrastoak N-121-A errepidean. 47 urteko Zaragozako (Aragoi, Espainia) kamioi gidari bat hil zen haren ondorioz, apirilaren 29an, Lantz ondoan. Joan den astean, karrikara atera ziren CGT, ESK, ELA, LAB, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuak, azken istripu hori salatzera. “Errepidea oso gaizki dago; ez da inbertsiorik egin, eta egoera kaskarra da”, nabarmendu du Hiru Garraiolarien Euskal Herriko Sindikatuko komunikazio arduradun Jaione Ugaldek.

Iruñea eta Behobia lotzen ditu N-121-A errepideak. Batez beste 12.000 ibilgailu inguru pasatzen dira egunean bide tarte horretatik. Haietako 2.700 dira astunak. Datu horiek islatzen duten egoera onartu du Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko kontseilari Manu Aierdik: “Trafiko oso handia dago. Azken urteotan, gainera, ez da gutxieneko inbertsiorik egin errepidea mantentzeko lanetarako; ondorioz, Nafarroako errepide sare osoaren kalitateak egin du behera”. Hainbat irizpideren araberako zerrendetan Nafarroa “azken postuetan” dela zehaztu du Aierdik, hain zuzen: asfaltoaren eta seinaleen egoerari dagokionez, adibidez. “Egoerak konponbide orokor bat behar du, baina ez dago dirurik. Hori da kontua. Nahi eta ezin”, laburbildu du presidenteordeak.

N-121-A errepidean dauden arazoak ez dira oraingoak; aspaldikoa da bide hori hobetzeko aldarria. Azken hamarkadetan egin dituzte lanak, eta horien ondorio dira, adibidez, Belateko eta Almandozko tunelak. 1993. urtean hasi zituzten obrak, eta 1997an inauguratu zituzten. Bera eta Behobia artekoa izan da moldatu duten azken zatia; 2009. urtetik dago zabalik egungo bidea. Obra horien ondorioz, hain zuzen, gora egin du errepide horretako trafikoak, batez ere ibilgailu astunenak. Ugaldek onartu du: “Errepidearen egoera kaskarra izan arren, motzagoa da, eta merkeagoa”. Bi faktore horiei hirugarrena erantsi die Hiruko kideak: kamioilariek Leitzarango autobian dauden aldapak baino nahiago dutela N-121-A errepidea. “Leitzarango bidea gogorra da”.

“Errepide berria egin zutenean uste genuen seguruagoa izanen zela, baina ez da hala izan. Jendea ere azkar ibiltzen da autoarekin. Beratik Behobiarakoa zazpi minutuko bidaia da; zenbatean egin nahi dute?”, galdetu du Berako alkate Josu Iratzokik. Bortzirietako, Baztango, Malerrekako eta Bertizaranako alkateentzat, hain zuzen ere, betiko kezka izan da N-121-A errepidea. Hamaika aldiz egin dituzte bilerak gobernuko garaian garaiko arduradunekin, konponbideen bila. Argi dutelako abiadura ez dela arazo bakarra, eta errepidea moldatzeko egin dituzten urratsak ez direlako nahikoak izan, haien ustez. 2013an, adibidez, errepidean izandako luiziek eragindako egoerak ekarri zuen alkateek bat egitea neurriak eskatzeko. Tunelak itxi, eta errepide zaharretik joan behar izan zuten ibilgailuek hainbat egunez; Belateko mendatetik, alegia.

“Oraingo agintariekin ere egon gara, eta dirurik ez dagoela erran digute”, azaldu du Iratzokik. Beran hainbat puntu beltz ditu N-121-A errepideak. Zalain auzo inguruan dago horietako bat. 2014. urtean hainbat istripu izan ziren toki berean. Asfaltoa moldatzeko lanak egin zituen orduan gobernuak. “Egoerak hobera egin zuen, baina gertatzen dira istripuak, oraindik ere”.

Lan osasunaren egunaren harira, hain zuzen, Zalaingo toki arriskutsu horretan protesta egin zuen Bortzirietako Sortuk, apirilaren 28an. Elkarretaratzearekin bat egin zuen LAB sindikatuak ere. “Argi dago arazo bat dagoela: errepide nagusi bat dugu hemen, baina ez dago prest jasan behar duen trafikoari eusteko”, nabarmendu du Koldo Saenzek, Baztan Bidasoko LABeko kideak.

Hori dela eta, egoera horren inguruan eztabaida pizteko beharra badela erantsi du Saenzek. “Eztabaida sozial sakona eta benetakoa egin behar da egun dagoen arazoari konponbidea emateko”.

Hainbat kontu daude mahai gainean. Abiadurarena da bat. Autoena aipatu du Iratzokik, baina kamioiei buruz ere bada zer erran. 2011. urtean, N-121-A errepidean gertatutako hainbat istripuren ondorioz, ibilgailu astunen abiadura kontrolatzeko operazioa egin zuen Guardia Zibilak, istripu horietako gehienetan halakoak zeudelako tartean. 154 kamioi gidariri jarri zieten isuna, abiadura mugak ez errespetatzeagatik.

Sei errepide nagusi

Abiadura, kamioien kopurua, toki arriskutsuak… arazo horiek hor daudela baina ikuspuntu zabalagoa behar dela nabarmendu du Manu Aierdi presidenteordeak. N-121-A errepidearen auzia, ondorioz, herrialdeko errepide sarearen egoerari buruzko hausnarketaren barruan jorratu behar dela erran du. Nafarroan sei errepide nagusi zehaztu ditu Aierdik: Pirinioetako eta Bideko autobiak, Tuterako autobidea, Leitzarango eta Gasteizerako autobiak eta N-121-A bera. “Tuterakoa eta N-121-A errepidea daude egoera kaskarrenean”, onartu du Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak.

Ikuspuntu zabala eskatu du Aierdik N-121-A errepidearen auziari buruz. Bat egin du konponbidea bilatzeko beharrarekin, bai eta gaiari buruz eztabaida egitekoarekin ere. Argi eta garbi erran du, hala ere, bere departamentuaren egungo aurrekontuak gauza handirik egiteko tarterik ez duela uzten. “180 milioi euro ditugu, eta 60 Bideko eta Pirinioetako autobien itzalpeko sariek eramaten dituzte”, azaldu du.

Hori dela eta, Europak zehaztutako zuzentarauen harira, errepideen erabiltzaileek ordaintzeko aukera aipatu du Aierdik. “Europak dio etorkizunean moduak bilatu beharko ditugula gutxienez errepideak mantentzeko lanetarako diru sarrerak lortzeko”. N-121-A errepidean ere nolabaiteko saria ordaintzeko aukera, beraz, mahai gainean jarri du. “Ez da nire asmoa legealdi osoa ematea dirurik ez dugula esaten; erronka handia da errepideena, eta eutsi beharko diogu. Gizarteak, hala ere, argi izan behar du egoera zein den. Onartu behar du egun baliabideak urriak direla”, azaldu du.

Berako alkate Josu Iratzokik uste du kamioien kopurua mugatu beharko litzatekeela. LABeko Koldo Saenzek ere argi du egunean ia 3.000 pasatzea “gehiegizko zama” dela errepidearentzat. Hala ere, ez da agertu ibilgailu astunei saria ordainaraztearen alde. Hiruko Jaione Ugaldek ere argi du konponbidea ez dela hori. “Finean, gu lanean ari gara, eta ez da bidezkoa guk ordaindu behar izatea. Gipuzkoan ari dira Etzegaraten saria ordainarazteko aukera aztertzen; Nafarroak esan du koordinazioa bilatuko duela haiekin. Horrek esan nahi du Nafarroan ere ordaindu beharko dugula?”, galdetu du. Zergen bidezko ordainketaren alde egin du Ugaldek.

Saenzek argi du garraiolariek ere zer erran badutela N-121-A errepideari buruz proposatu duen eztabaida horretan. Eragile guztiek parte hartu beharko luketela uste du. Errepide mota izanen da eztabaidagaietako bat, ziurrenik, auzi horri buruz iritzi ezberdinak baitaude jada. “Herritar batzuek autobia eskatzen dute; nik ez dut uste hori behar denik”, erran du Berako alkate Josu Iratzokik. Eztabaidarako prest da LABeko Koldo Saenz, baina zehaztu ditu marra gorriak: “Proiektu txikitzailerik ez dugu nahi, noski”.

Egungo egoerak markatzen duen abiapuntutik mintzatu da Aierdi, bertzalde: “Noski, sekulakoa izanen litzateke autobia izatea, baina ez dugu aztertu ere egin zer-nolako aurrekontua izanen lukeen gisa horretako proiektu batek”.

30 milioi euro

Errepideari buruzko azterketa egin du, hala ere, Nafarroako Gobernuak. Azterketa hori oinarri hartuta bide horren egoera hobetzeko hamaika neurri zehazten dituen aurreproiektua ere bai. Baina Garapen Ekonomikorako Departamentuko tiradera batean dago, gaur egun. “30 milioi euro inguruko proiektu bat da. Ez dugu gauzatzeko aukerarik, ordea”. Bertzeak bertze, Berako toki arriskutsuetako bat konpontzeko neurriak jasotzen ditu proiektu horrek; zehazki, Alkaiagako tunelaren ondoko sarbidetik Iruñerako bidea hartzeko bidegurutzea moldatzeko neurriak jasotzen ditu. “Proiektua hor dago, baina geldirik”, erran du, etsita, Iratzokik.

Errepideen auziari “modu oso batean” aurre egiteko beharra berretsi du Aierdik. “Ez dugu ahaztu behar errepideek ere lurraldea egituratzen dutela, eta, ondorioz, eskualde batzuen eta besteen arteko oreka bilatu behar dugula konponbideak zehazterakoan”, erran du gobernuko kideak. Badu lana Aierdiren departamentuak. Konponbidea eskatzen jarraituko dute garraiolariek eta tokian tokiko agintariek; eta jarraituko dute ibilgailuek N-121-A errepidetik pasatzen. Egunean 12.000.