Victor Rubio: “Harakiria egin dugu, baina suhiltzaile zerbitzuaren onerako izan da”

Victor Rubio: “Harakiria egin dugu, baina suhiltzaile zerbitzuaren onerako izan da”

Ion Orzaiz / BERRIA

Sakelakoa itzali du Victor Rubiok (Barakaldo, Bizkaia, 1965), elkarrizketa hasi aitzin. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko buruzagitza utziko zuela zabaldu zenetik, telefonoa joka ari zaio etengabe. Kazetariak, politikariak eta, batez ere, Nafarroa osoko lankideak. Animoak emateko deitzen diote gehienek, baita kargua uzteko erabakian atzera egin dezala eskatzeko ere. «Nire dimisioak kontzientziak astintzeko eta egoera hobetzeko balio badu, ongi etorria izan dadila». Hala ere, etsipen puntu bat nabari zaio irribarrean.

Dimisioa eman dute hiru zerbitzuburuk, eta zuk zeuk ere erreleboa eskatu zenuen. Nola iritsi zarete egoera honetara?

Zerbitzuko arduradunok hasieratik genekien zein zen egoera: baliabide murritzak, kudeaketa arazo handiak eta, batez ere, langileen eskasia izugarria. Hori guztia, gainera, UPNren agintaldian ezarri zizkiguten murrizketa bortitzen ondorioz. Hainbat urtez ez zuten lan deialdi publikorik egin, eta horrek beste albo kalte bat eragin zigun: lantaldearen zahartzea. Gurearen gisako zerbitzu batean, oso larria da hori. Izan ere, langile helduenek ezin dute zerbitzu aktiboan egon, eta administrazio lana egin behar izaten dute. Egoitza bakoitzean, gutxieneko suhiltzaile kopuru bat eduki behar dugu une oro, baina, gaur egun ditugun baliabideekin, ez gara kopuru horretara ailegatzen inondik inora.

Eta, hala ere, zerbitzua zuzentzeko erronka onartu zenuten…

Bai. Bururatu zitzaigun irtenbide bat: aparteko orduen poltsa sortzea, langileen gabezia apur bat orekatzeko. Era boluntarioan aparteko lanegunak egiteko aukera proposatu genuen, erretiro adina aurreratzearen truke. Plan interesgarria iruditzen zitzaigun: alde batetik, gutxieneko ratioak betetzeko modua ematen duelako; bestetik, kostu ekonomikoa zero delako; eta, azkenik, langileen erretiroa urtebetez edo bi urtez aurreratzeko modu interesgarria delako. Behin-behineko neurri sorta zen, hala ere: 2016an ateratzekoa den lan eskaintza publikoan aurreikusitako lanpostuak atera arte.

Eta zer gertatu zen, bada?

Proposamenak ez zuela izan guk espero genuen arrakasta. Suhiltzaileen sindikatuek ez dute sinatu, oraingoz, eta Nafarroako Gobernuak ez ditu argitara eman LEP bidez aterako dituen lanpostuak. Beraz, planak ez du aurrera egin. Eta zerbitzu honek plangintza eraginkor baten beharra duenez, eta egungo zerbitzuburuak hori eskaintzeko gai izan ez garenez, kargua uztea erabaki dugu. Gure gaitasun eta gogo guztiak plan horretan jarriak genituen. Ez genuen besterik. Eta huts egin du. Bada, ez du zentzurik guk hemen segitzeak. Ez dugu karguan betierekotzeko inolako asmorik, gurea zerbitzu publikoa baita.

Minduta zaude hala ere…

Apur bat bai, noski. Penaz bizi dut hau guztia, denbora falta izan zaigulako. Segur aski, Nafarroako Gobernuak bizpahiru aste barru emanen du 2016ko LEPari buruzko informazioa, eta arazoa erabat konpondu ez, baina izugarri arinduko du horrek.

Hedabide batzuen arabera, Barne Departamentuarekin izandako liskarrak daude zuen dimisioen atzean…

Bai, izugarria izaten ari da eskuinaren intoxikazio kanpaina. Eztabaidak eta desadostasunak izan ditugu, logikoa den bezala: oso lantalde murritza dugu, LEParen zain gaude, eta normala da administrazioaren eta sindikatuen artean tentsioa sortzea lanpostu kopuruen inguruan. Baina zerbitzu guztietan gertatzen dira halakoak: suhiltzaileak, foruzainak, basozainak… Karguarekin batera datoz halako ika-mikak ere.

Beraz, ez duzue Nafarroako Gobernuaren «konfiantzarik eza» sumatu?

Inolaz ere ez. Eskuinak asmatutako gezurra da hori. Harrituta eta minduta gaude, antza denez zerbitzu barruko norbaitek informazioa filtratu ziolako Diario de Navarra-ri. Dena nahastu zuen hedabide horrek, Maria Jose Beaumont kontseilaria jopuntuan jartzeko. Eta, egia esan, gobernu honek krisia nahiko ongi kudeatu duela iruditzen zait. Arazoa naturaltasun osoz planteatu genien, ordezkoak bilatzeko denbora nahikoa izan zezaten, eta emandako hitza bete dute.

UPNk salatu du Beaumontek «kaosera» eraman duela zerbitzua. Anbulantzia medikudunen kudeaketa aipatzen dute froga gisa, zerbitzu barruan liskarrak sortu omen dituelako. Hala da?

Ez. Sistema publikora itzularazitako zerbitzu bat izan zen anbulantzia medikudunena. Garai batean, DYA elkarteak kudeatzen zuen hori, baina, urtarriletik, Suhiltzaile Zerbitzuaren esku dago. Publifikatu egin da. Egia da horren kontra azaldu den suhiltzaile talde bat dagoela, baina sindikatu eta langile gehienek begi onez hartu dute. Nire ustez, oso zerbitzu ona da, eredugarria. Eta garrantzitsua da hori sare publikoan ematen segitzea.

Bilduko legebiltzarkide izan zinen aurreko legealdian. Horrek izan al du zerikusirik polemika honetan?

Bai, zalantzarik gabe. Eskuinak gogoa zuen ni gainetik kentzeko, eta, bide batez, pagaburu gisa erabili nau, oraingo gobernuari astindua emateko. Baina horrek ez nau askorik arduratzen. Gu lauroi egokitu zaigu harakiria egitea, baina ziur nago zerbitzuaren onerako izanen dela. Kargua utzita, nire konpromiso etikoa frogatu dudala uste dut. Beste askok ezin dute halakorik esan.

Javier Baiona izanen da Suhiltzaile Zerbitzuko burua, zure ordez. Ezagutzen duzu?

Ez askorik. Badakit ikastaro zenbait eman dituela hemen, baina orain arte ez dugu harreman handirik izan. Hala ere, erabateko babesa emanen diot. Ni, finean, hemengo suhiltzailea naizelako, eta onena nahi dudalako zerbitzu honetarako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.