“Benetako eskola izan zen niretzat”

“Benetako eskola izan zen niretzat”

E. Elizondo

Erraz egiten du denboran atzera Martin Orbek (Errigoiti, Bizkaia, 1934). Fresko ditu gogoan UEUren eskutik Iruñean bizi izandakoak. 1976an bat egin zuen Orbek Udako Euskal Unibertsitatearekin, eta urte hartan hartu zuen erakundearen ardura bere gain. UEUko bigarren idazkari nagusia izan zen, Manex Goienetxeren ondotik. 1977an egin zituzten udako ikastaroak Nafarroako hiriburuan lehendabiziko aldiz. Iparraldean ezagutu zuen Orbek erakundea, Zamorako (Espainia) apaiz kartzelan preso egon eta gero mugaz bertzaldera ihes egin baitzuen. Gogor apaiz taldeko kide izan zen Orbe. 1969tik 1972ra egon zen espetxean.

Ipar Euskal Herrian hasi ziren UEU mamitzen. Nolakoa izan zen prozesu hura?

UEUren aurrekari gisa aipatu behar dira Baionan egin zituzten hiru euskal asteak, 1970etik 1972ra. Hirugarren astean, 1972koan, Carlos Santamariak bota zuen ideia, mahai gainean jarri zuen Katalunian bezala udako euskal unibertsitate bat sortzeko asmoa. Eta aurrera egin zuen. Ni orduan itzalpean nintzen, kartzelan.

1973an egin zituen UEUk udako ikastaroak lehen aldiz. Iparraldean zinen zu ordurako.

Bai. Iparraldean nintzen, eta ezagutu nahi izan nuen sortzen ari zen unibertsitate hori. Lehendabiziko bi urteetan Donibane Lohizunen egin zituzten ikastaroak, eta hurrengo bietan Uztaritzen. Han egin nuen nik bat UEUrekin, laugarren edizioan.

Bat egin, eta ardura hartu. Ez zenuen ardura hartzeko beldurrik?

Manex Goienetxe izan zen lehen idazkari nagusia. Laguntzaile talde bat bazuen ondoan; harekin aritu ziren Jean Haritxelar, Piarres Xarriton, Joseba Intxausti eta Jose Luis Lizundia, besteak beste. 1976ko edizioan Goienetxek esan zuen ezin zuela UEUko buru izaten jarraitu, eta ni aukeratu ninduten. Beldurtua nintzen, bai, ardura nire gain hartu nuenean. Lagunduko zidatela esan zidaten, eta lanean hastea erabaki nuen.

Zuk egindako urrats nagusietako bat izan zen ikastaroak Iparraldetik Iruñera ekartzea. Nola hartu zenuten erabakia?

Kosta egin zitzaigun erabakia hartzea, zalantzak bagenituelako. Zenbaitek proposatu zuten ikastaroak bi egoitzatan egitea, Iparraldean eta Hegoaldean. Azkenean, Iruñera joatea erabaki genuen. Batetik, ikusi genuen Iparraldeko ikastaroetan parte hartzaile gehienak Hegoaldekoak zirela; bestetik, UEUrentzat biltzen zen diru apurra ere gehienbat Hegoaldean batzen zen. Eta Euskal Herriaren batasunaren ikuspuntutik ere interesgarria iruditu zitzaigun ikastaroak Iruñean egitea.

1977an egin zenituzten udako ikastaroak Iruñean lehendabiziko aldiz. Erraza izan zen baimenak lortzea?

Asko lagundu zigun Javier Urmenetak, Jose Maria Satrustegiren bitartez. Gogoan dut Rodolfo Martin Villa Espainiako ministroari gutuna bidali geniola. Erantzun zigun ez zela bere ardura, eta hitz egingo zuela Hezkuntza Ministerioko arduradunekin. Ekain aldera ailegatu zitzaizkigun baimenak. Uste baino oztopo gutxiago jarri ziguten. Ez dakit Urmenetak isilean zer-nolako lana egingo zuen.

Larraona bilakatu zen UEUren udako ikastaroen egoitza, ia 25 urtez. Zer oroitzapen duzu zuk hasierako garai horri buruz?

Ni idazkari nagusi izan nintzen 1983ra arte, eta urte horietan guztietan han egon ginen. Eta oroitzapenak ezin hobeak dira. Euskal Herri osoko jendeak bat egiten zuen. Lana ondo eginda joaten ginen gu, gainera. Giro polita sortzen zen. Intxaustik esaten zuen lortu genuela halako lotura bat ahalegin akademikoaren eta ahalegin ludikoaren artean. Benetan hunkituta gelditu nintzen lortutakoarekin. Benetako eskola izan zen niretzat.

UEU Iruñera etorri zenean ikastaroen egitura ere aldatu egin zenuten.

Bai. Ordura arte hitzaldiak egiten genituen. Eta parte hartzaile guztiak joaten ziren hitzaldi guztietara. Iruñean hasi ginen ikastaroak sailka antolatzen. Bakoitzak bere interesen arabera aukeratzen zuen zer ikastaro egin. Saio osagarriak ere egiten genituen. Mus txapelketak eta futbol txapelketak ere antolatzen zituzten. Jende gaztea aritzen zen, eta sortzen zen giro ederra. Giroa ere euskaldundu genuen.

Larraonan bertan, giroa erdalduna zen oro har, ezta?

Bai. Baina guk asmatu genuen egoera horri buelta ematen. Egoitzan sartu, eta Recepción idatzia zuen kartel handi bat zegoen. Guk Harrera gela ere idatzi genuen. Gogoan dut, halaber, Olariagak aurreko eguneko ekitaldien laburpena egiten zuela, egunero, bere marrazkien bidez, eta korridorean zintzilikatzen zituen.

1983an utzi zenuen idazkaritza nagusia. Zergatik?

Esan nuen nekatuta nengoelako utzi nahi nuela, baina ez zen egia.

Zergatik utzi zenuen ba?

Uste nuelako idazkari nagusiak izan behar zuela lotura estuagoa unibertsitatearekin. Gero egitura aldatu zen, zuzendaritza taldea osatu zen, eta nik han jarraitu nuen hainbat urtez.

Anitz aldatu da geroztik UEU?

Asko, bai. Nire sasoian UEU zen auto txiki bat, eta nik banuen halakoak gidatzeko baimena. Egun, UEU trailer bat da. Ezingo nuke gidatu! Halere, uste dut garrantzitsua dela esatea UEUtik pasatu direla euskal kulturan izen bat izan duten guztiak. Harro sentitzen naiz.