Historia ekinez idazten ari dira

Historia ekinez idazten ari dira

Asier Garcia Uribarri

Mugimendu bereko belaunaldi ezberdinak, eta mugimendu bera ulertzeko modu ezberdinak. Guztiek bat egin dute Iruñeko Alde Zaharreko Zabaldi gunean. Ekainaren 28ko plataformak Aniztasuna ospatuz! jardunaldiak antolatu ditu sexu askapenerako nazioarteko egunaren harira. Jardunaldietako lehen ekinbidean Nafarroako LGTBIQ mugimenduaren historia aztertu dute, 1970eko hamarkadatik gaur egunera arte. Zortzi hizlarik parte hartu dute, bakoitza kolektibo bateko kide gisa.

Ekainaren 28ko plataformaren izenean, Raul Lopezek gidatu du mahai ingurua. Lehen hizlariari hitza eman aurretik, Javier Cenoz izan zena gogoratu du, hura izan baitzen Nafarroako sexu askapenerako mugimenduko aitzindarietako bat 1970eko hamarkadan. “Cenozek sortu zuen CHN Nafarroako homosexualen batzordea, 1976an”.

“Garai hartan, sexu askapenerako bi kolektibo baino ez zeuden Espainiako Estatuan: CHN eta FAGC Kataluniako Gay Askapenerako Frontea”. Lopezek nabarmendu du oso garai gogorrak zirela sexu askapenerako mugimenduko kideentzat. “Jipoiak eta torturak jasateaz gain, Usurbilgo psikiatrikoan giltzapetu zuten Cenoz”.

Zailtasunen gainetik, bidea egin zuen Nafarroako Homosexualen Kolektiboak, eta 1982an Ekainaren 28ko lehen manifestazioa egin zuten Iruñean. “Iruñean 600 lagun elkartu ziren, eta oso manifestazio morbosoa izan zen. Jende mordoa bildu zen ikustera, katolikoak asko”.

Lehen pauso horien ostean, belaunaldi berri batek hartu zuen LGTB borroka garatzeko ardura. Anjel Leranozek sortu zuen Nafarroako EHGAM, beste kide batzuekin batera, 1980ko hamarkada bukaeran. Oso militantzia aktibista izan zutela gogoratu du. “Manifestazio eta kanpaina ugari egin genituen: erasoen aurkakoak, guneak askatzekoak, apostasiaren alde edota intsumisioan ikuspuntu homosexuala txertatzekoak”. Leranozek azaldu du 1980ko hamarkada bukaeran herri mugimendu indartsua zegoela Iruñerrian, eta harreman handia zutela guztiekin. Horrez gain, azaldu du EHGAMen emakumeren bat bazegoen ere militantzia oso maskulinoa zela.

Aktibismotik arretara

LGTB mugimenduaren hasiera oso aktibista izan zen, besteak beste, gai hori erabat isilarazia zegoelako. Baina 1990eko hamarkada bukaeran EHGAMen eta Lumatzan ibilitako hainbat pertsonak pauso bat harago joatea erabaki zuten.

Militante talde batek Europan barna egin zuen bidaia, tokian tokiko sexu askapenerako mugimenduak ezagutzeko. Handik ekarri zuten Elkarri Laguntzeko taldeen ideia, eta Kattalingorri sortu zuten 2000. urtean.

Kattalingorrik hamabost urtez LGTB pertsonei arreta eskaini die, arratsaldero irekitzen zuten bulegoaren bitartez. Horrez gain, sozializaziorako guneak sortu zituzten. “Behar genituen homosexualek bat egiteko espazioak gaueko girotik kanpo. Horrela hasi ginen irteerak eta hainbat ekintza antolatzen”, azaldu du Oskar Sada Kattalingorriko kideak.

Kattalingorri LGTB mugimenduaren bateragune ere izan zela azpimarratu du Sadak. “Kattalingorri gerora Ekainaren 28ko plataforma izango zenaren hazia izan zen”. Urteetako lanaren ostean, iaz itxi egin zuten Aldapa kalean zuten lokala. Orain, proiektua birpentsatzen ari dira. Hala ere, espero dute instituzio publikoetan emandako aldaketa politikoak LGTB pertsonentzako arreta bulego publiko bat sortu ahal izatea.

Denek nabarmendu dute Kattalingorrik egindako lana. Hala ere, 2007an neska talde batek 1990eko hamarkadan egondako Lumatza kolektiboa berpiztea erabaki zuen. Kaleko kolektibo politiko eta autonomo gisa definitzen dira, eta lesbianismoa heteroaraua apurtzeko bide gisa aldarrikatu dute. Herri mugimenduarekin elkarlana sustatu dute, bereziki kolektibo feminista eta LGTBekin. “Feminismoa bollerizatu eta LGTB mugimendua feminizatu nahi ditugu”, aldarrikatu du Susana Cañete Lumatzako kideak. Berak uste du Euskal Herriko mugimendu feministak azken urteetan mezu transfeminista garatu badu lesbianek egindako ekarpenagatik garatu duela.

Transexualen ahotsa Nora Gomez eta Luis Grandek jarri zuten. Gomez Ilota-Ledo Nafarroako transexual, lagun eta senideen elkarteko kidea da. Transexualek paperetan eskubideak baldin badituzte ere, horiek betearazteko sortu zuten elkartea 2000n. Euren jardun nagusiak dira sentsibilizazio kanpainak eta legedia garatzeko alderdi politikoekin izandako harremanak. Mugarri gisa definitu ditu Gomezek 2005ean egindako transexualitatearen inguruko jardunaldi zientifikoak. “Pauso garrantzitsu bat izan ziren transexualitatea despatologizatzeko”.

Grande Chrysallis adingabeko transexualen familien elkarteko kidea da. Talde hori hiru-lau familiak sortu zuten 2013an, Madrilen, eta euren helburua adingabeak eta familiak laguntzea zen. “Hasieran bereziki, bakartasun handia sentitzen duzu, ez duzulako beste kasurik ezagutzen”. Egun, 300-400 familia inguruk osatzen dute Chrysallis, eta iazko martxoaren 8an Euskal Herriko delegazioa ireki zuten. Orduan bi familia baino ez ziren, baina egun hamasei dira. Indarra hartu duten honetan, aktibismora ere jotzea erabaki dute. “Kontzeptu berriak sortu behar ditugu. Ez daude okerreko gorputzak, zakila duten neskak eta bulba duten mutikoak baizik”.

Azken urteetan bi kolektibo gazte sortu dira Nafarroan: Lugatibe eta Zikuta. Lehenak “trans, maritxu, bollo eta misto” gisa definitzen du bere burua, eta 2013an sortu zen. Kattalingorrin ez zuten euren burua ikusten, eta talde autonomoa eratzea erabaki zuten. Joseba Verdugo bertako kidea da, eta, haren arabera, egungo LGTB mugimendua ezkontza eskubidearen ondorengo garaian bizi da, eta euren aldarrikapenetan behera egin du. Horrez gain, kapitalismo arrosa mugimendua asimilatzen ari dela uste du. Lugatibek, Ekainaren 28ko eta LGTBIQ koordinakundeetan parte hartzeaz gain, mobilizazio handietan mezu propioa zabaldu du.

Zikuta da mahai inguruan parte hartu zuten taldeetatik berriena. Lumatzatik ateratako neska talde batek sortu du aurten, lan egiteko modu ezberdinak behar zituztelako. Egun, gogoeta fasean daude, baina argi dute pertsonen arteko harremanetan zein gizartearen eraldaketan lan egingo dutela. LGTB kolektiboaren aurkako erasoen aurrean ere erantzuteko beharra nabarmendu dute. Euren burua “bollera, feminista eta transfeministatzat” dute. “Bollerismoa ez dugu esentziazko kategoriatzat hartzen, heteroaraua apurtzeko jarrera politiko gisa baizik”, azaldu du Luna Martikorena Zikutako kideak.

Aurkezpenaren ostean, publikoak hitza hartu du. Agerian geratu dira mugimendua ulertzeko modu ezberdinak. Helduek begi onez ikusten dute instituzioekin elkarlana garatzea, eta azken 30 urteetan egindako aurrerapausoak nabarmendu dituzte. Gazteenek, ordea, egoeraren azterketa “positiboegia” egitearen arriskuak nabarmendu, eta egindako lana aitortu badute ere, egiteko bide luzea dagoela adierazi dute.

Eztabaida giro onean garatu da, eta Zabaldi ixteko orduak derrigorrezko amaiera eman dio mahai inguruari. Eztabaidak mugimendua bizirik dagoela erakutsi du, eta ekinez haren historia egunero idazten ari dela.