Zazpigarrena, biziberritzeko

Zazpigarrena, biziberritzeko

Edurne Elizondo

Esaldi bera errepikatu zuten iruindar anitzek, duela bi aste, Osasunak Lehen Mailara itzultzea lortu eta gero. “Sanferminak aurreratu dira aurten”. Izan ere, Girona 0-1 mendean hartu eta gero, taldeko kideek zaleen omenaldi beroa jaso zuten, ekainaren 19an, Iruñeko Udaletxe plazan. Lepo bete zuten iruindarrek, hiriko besten hasiera iragartzen duen uztailaren 6ko txupinazoan gertatzen ohi den bezala. Sanferminek eta futbolak baino ez dute lortzen hori. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak egin zieten harrera Osasunako kideei, lehendabizi. Jokalarien eta zaleen pozak, halere, jokalariak Iruñeko herriko etxeko balkoira atera zirenean jo zuen goia. Zazpigarren igoera ospatu zuten denek, elkarrekin.

Taldea biziberrituko duen igoera izanen dela uste eta espero dute zale anitzek. Aurtengo igoera testuinguru berezi batean gertatu baita. Izan ere, azken urte luzean zelaitik kanpoko gora-beherek baldintzatu dute Osasunaren ibilbidea: 1920. urtean sortu zenetik talde eredugarritzat jo izan dena, susmopean jarri dute azken hamasei hilabeteotako gertaerek, eta futbolaren alde iluna agerian gelditu da, Iruñean ere.

Osasuna auziak 2015eko otsailean egin zuen eztanda epaitegietan, taldeko kudeatzaile ohi Angel Bizkaik partidak amarruz irabazteko hainbat akordioren berri eman eta gero. Orduan hasi zen Miguel Artxanko eta Patxi Izko presidente ohien gidaritzapean taldeko diruaren erabilera bidegabea gertatu ote den argitzeko ikerketa. Fermin Otamendi epaileak jarri zuen auzia martxan, eta oraindik ez da amaitu.

Epaitegietako gorabeherek Osasunaren arazo ekonomikoekin egin dute bat azken hilabeteotan; taldearen etorkizuna arriskuan jartzeraino. Zentzu horretan, igoera lortu eta berehala, argi eta garbi mintzatu zen taldeko entrenatzaile Enrique Martin Monreal: “Ezin ditugu iraganeko hutsak berriro egin; ezin dugu ez daukagun dirua gastatu; hurrengo sasoian Bigarren Mailara jaisten ahal gara, berriz ere, eta, hala bada, ez da deus gertatuko”. Martin Monreal izanen da Osasunako entrenatzaile datorren denboraldian ere. 2015eko maiatzean ailegatu zen taldera, Osasuna auziak eztanda egin eta gero, eta zuzendaritzak baieztatu du jada karguari eutsiko diola hurrengo sasoian, Lehen Mailan.

Sabalzaren erronkak

“Martinen proiektuarekin %100 egiten dugu bat”, berretsi du Osasunako presidente Luis Sabalzak. Sabalzak 2014ko abenduan hartu zuen talde gorritxoaren ardura bere esku. Igoera lortu eta gero, egungo taldearen oinarriari eusteko asmoa agertu du. Diruarena zaindu beharreko auzia dela badaki presidenteak, eragin dituen zorrei ere aurre egin behar baitie, oraindik ere, talde gorritxoak.

Kirolaren esparruko garaipenak ospatzeko garaia da, oraingoa, halere, Osasunako kideentzat, lehen taldearen igoera ez baita azken egunotako bakarra izan gorritxoentzat: Osasunako bigarren taldeak ere Bigarren B mailara igotzea lortu zuen, joan den igandean. Erronka berriak ditu Osasunak zelaian, bai eta zelaitik kanpo ere.