“Beldurrak bazter uzteko aukera eman dit boluntario izateak”

“Beldurrak bazter uzteko aukera eman dit boluntario izateak”

Edurne Elizondo

Uda pasatzeko modurik onena dela ez du zalantzarik. “Boluntario aritzeak anitz ematen dit”, nabarmendu du Sara Hualdek (Salvatierra de Esca, Aragoi, Espainia, 1996). Nafarroako Autismo Elkarteak urtero egiten duen udako eskolan aritu da, hamabost egunez. Anfas elkartearekin ariko da abuztuan, lehendabizi, eta gero Ceutara (Espainia) joanen da, kanpaleku batean parte hartzera.

Hirugarrenez aritu zara boluntario autismoa dutenentzako udako eskolan. Zergatik erabaki zenuen elkarte horrekin bat egitea?

Osaba baten bidez izan nuen eskolaren berri, duela hiru urte. Saiatzea erabaki nuen. Bi asterako eman nuen izena, eta azkenean sei astez egon nintzen! Iaz ere bizpahiru astez egon nintzen, eta aurten ia bi astez. Ezin nintzen gehiago gelditu, baina datorren urtean berriz ere emanen dut izena.

Zer ematen dizu esperientziak?

Ni Gizarte Lana ari naiz ikasten Iruñean, eta beti izan dut boluntario aritzeko gogo hori. Iruditzen zait nire ikasketekin lotura handia duela esperientzia horrek, eta on eginen didala. Balioko didala gero nire lana garatzeko.

Zein izan da zure eginbeharra?

Autismoa duen pertsona bakoitzarekin boluntario bat aritzen da. Eskolan ematen duten denbora guztia haiekin egoten gara, eta gure egitekoa da behar duten guztian laguntzea. Denok ditugu gaitasun ezberdinak. Autismoa dutenek zailtasunak dituzte hainbat arlotan, eta horietan laguntzen diegu. Betiere, helburua ahalik eta autonomoen izatea dela ahaztu gabe.

Zer adinetakoak dira kideak?

2 urte ingurukoak dira aurten gazteenak, eta 13-14 ingurukoak zaharrenak. Lehen urtean, 6 urteko neska batekin aritu nintzen; iaz, 14 urteko mutiko batekin; eta, aurten, berriz, 4 urteko neska batekin. Ezberdinak dira esperientzia guztiak. Sindromearen maila ez da bera guztietan, eta bakoitzak behar ezberdinak ditu. Polita da urratsak egiten dituztela ikustea, haiekin egoten zaren denbora horretan.

Zer ikasi duzu autismoari buruz urteotan?

Nik uste dut boluntario aritzeak aukera eman didala hasierako beldurrak bazter uzteko. Hasieran urduri nintzen, autismoa dutenekin inoiz ez nuelako harremanik izan, eta ez nekielako nola jokatu behar nuen. Baina nerbioak laster utzi nituen bazter. Finean, erraza da haiekin egotea. Bertze edozeinekin egotea bezalakoa. Kontua da bertzearen azalean jartzea. Jendeak uste du autistak hitz egiteko gai ez badira zaila izanen dutela haiekin komunikatzea. Baina ez da hala. Komunikatzeko gai dira, keinuen bidez, edo irudien bidez.

Piktogramak ere erabiltzen dituzte, ezta?

Bai. Hagitz garrantzitsuak dira irudiak haientzat. Eskolan, piktogramak erabiltzen ditugu une oro. Egun osoko jarduera piktogramekin lotzen dugu. Autismoa dutenentzat errutina funtsezkoa da. Horregatik, udako eskola ere bada hagitz garrantzitsua, ikasturtean izandako errutinak bazter ez uzteko balio duelako. Gurasoek ere eskertzen dute. Hemendik kanpoko hamaika tokitatik etortzen da jendea, gisako esperientziak urriak baitira.

Anfas elkartean ariko zara abuztuan. Lehen aldiz?

Bigarrenez. Iaz ere aritu nintzen. Adimen urriko pertsonak artatzen dituzte elkarte horretan. Anfaseko kideekin Barriako kanpalekura joanen naiz, batetik, eta Iruñean ere ariko naiz talde batekin. Eta, gero, Ceutara.

Han ere boluntario aritzera?

Han kanpaleku soziokulturalak antolatzen dituzte, eta haietako batean parte hartzera joanen naiz. Kontua da hiria ezagutzea; hainbat kulturak bat egiten dute han, eta hori jorratzea da asmoa. Badut gogoa. Ceutari buruz dakidan guztia da albistegietan ikusten dudana. Ezagutu nahi dut hango jendea; eguneroko bizimodua nolakoa den ikusi nahi dut.

Administrazioak eskaintzen ez dituen baliabideak eskaintzen dituzte, anitzetan, Anfasek eta Nafarroako Autismo Elkartearen gisako elkarteek. Zer deritzozu egiten duten lanari buruz?

Hagitz garrantzitsua dela uste dut. Batetik, familiei ematen diete babesa; bertzetik, ezintasunen bat dutenak ahalik eta autonomoen izaten laguntzen dituzte. Hori funtsezkoa da. Hirugarrenik, uste dut haien lana gizarte osoarentzat ona dela. Guztiok gaitasunak eta zailtasunak ditugula erakusten digutelako.

Gizarte lana hobeki egin ahal izanen duzula uste duzu, boluntario aritu eta gero?

Nik uste dut baietz. Oraindik ez dut argi zer esparrutan espezializatu. Aukeretako bat da ezintasunen bat dutenen arloan aritzea. Argi dut urteotan ikasi dudana hagitz baliagarria izanen dela niretzat. Emakumeen aurkako indarkeriaren esparruan espezializatzea da bertze aukeretako bat. Tamalez, arlo horretan ere bada zer egin, oraindik ere.