Basamortutik mendira

Basamortutik mendira

Edurne Elizondo

Musika eta barre algarak. Ia ezin diote elkarri entzun, oihuka hitz egiten baitute, denek aldi berean. Kontent direla azaldu nahi dute. Polita dela herria, eta igerilekua maite dutela gehien. Gustuko dituztela Baztango paisaiak. Hain dira ezberdinak! Basamortutik mendira etorri dira, uda pasatzera. Sahararrak dira. Hamar neskato eta hamar mutiko. Elizondoko Lanbide Heziketako zentroan hartu dute aterpe. Bakelekua antolatu du han Saharaztan elkarteak; arnasgune bat eskaintzeko Tindufeko errefuxiatuentzako kanpalekuetan (Aljeria) bizi diren haurrei. Musikak eta haurren barre algarek betetzen dituzte eskolako txokoak, ondorioz, egunotan. Oihu egiten dute, ia elkarri ezin entzun arte. “Sahara hurra!”, errepikatzen dute. Aske nahi dutela beren sorterria. Kontent dira, baina ez dute aldi baterako atzean utzi duten errealitatea burutik kentzen.

“Kanpalekuetan jaio dira haur hauek; gehienen gurasoak ere bai; ez dute sorterria ezagutzen”, azaldu du Saharaztan elkarteko kide Mixel Gerekak. Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako hainbat herritarrek sortu zuten talde hori, duela hamar urte inguru. Haur sahararrak ekarri dituzte urteotan guztietan, udan, familiekin egotera. Aurten ere bai; hamar haur daude eskualdeko bertze hainbertze familiarekin. Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak kudeatzen ditu Tindufeko kanpalekuetatik herrialdera etortzen diren haurren bidaiak, hain zuzen. Denera, aurten, 110 haur etorri dira Nafarroara, udako hilabeteak herrialdean pasatzera.

“Gero eta jende gutxiago animatzen da, halere, haurrak hartzera”, azaldu du Gerekak. Azken urteotako krisiak ere izan du eragina horretan. Horregatik, Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteko kideen bultzadarekin, aurten Bakelekua antolatzea erabaki dute Saharaztan elkarteko kideek, familiekin diren hamar haur horiez gain, bertze hogei hartu ahal izateko. “Elkarte horren babesa ezinbestekoa izan da Bakelekua martxan jartzeko”, aitortu du Gerekak.

Gainean hartutako arduraren zamak “beldurtu” zituen, hasieran, baina trenbideetako langileen laguntzarekin, martxan jarri ziren elkarteko kideak. Ekainaren amaieran hartu zituzten haurrak. “Egoitza prestatzen lagundu digute trenbideetako langileek; janaria ere eman digute. Lanbide Heziketako zentroko arduradunak, halaber, hasieratik agertu ziren beren egoitza uzteko prest. Hezkuntza Departamentuan egin behar izan zuten eskaera, eta haiekin ere arazorik ez zen izan; alderantziz. Oso kontent gaude”. Baztango Udalak ere lagundu du eskola haurrak hartzeko prestatzen. Jasotako babes guztia eskertu du elkarteak.

Haurrekin bi begirale etorri dira Tindufeko kanpalekuetatik. Hirugarren sahararra bada, gainera, taldean, baina Gipuzkoatik ailegatu da Elizondora, herrialde horretan bizi baita. Duela hamar urte etorri zen Euskal Herrira. Kanpalekuetan jaioa da, Bakelekuan diren haurrak bezala, eta horregatik argi du gisa horretako ekinbideak “funtsezkoak” direla sahararrentzat. “Bizi baldintza gogorrak dituzte kanpalekuetan; udako beroa izugarria da basamortuan, eta hagitz garrantzitsua da haurrontzat udako hilabeteotan handik ateratzeko aukera izatea”, azaldu du Daha Emhamed Lehbibek.

Sukaldari lanetan ari da Bakelekuan. Sahararren eta euskal herritarren arteko elkartasun sareak eskertu ditu, eta nabarmendu du hilabeteotako “protagonista bakarrak” haurrak direla. “Haiengatik gaude hemen; haiek ongi eta kontent egotea da gure lehentasun bakarra. Haien alde egin nahi dugu lan”.

Begirale sahararrekin batera, Euskal Herriko hainbat tokitatik ailegatu direnak ari dira Bakelekuan, boluntario gisa. Bizkaitik etorri dira, zehazki, Sergio Carmona, Josu Agirre, Irantzu Gallego, Maider Tejado, Malen de la Fuente eta Eunate Eizagirre. 16 eta 18 urte bitarteko gazteak dira; Tindufeko kanpalekuetan egonak dira lau emakume gazteak, eta esperientzia “errepikatzeko modukoa” izan zela nabarmendu dute laurek. Tejado eta Galleko iazko abenduan izan ziren, Smarako kanpalekuan. “Eskolan eta haurtzaindegian aritu ginen, besteak beste, laguntzen. Oso esperientzia polita izan zen”, erran dute. Bat egin dute De la Fuentek eta Eizagirrek ere. Haiek martxoan bisitatu zituzten errefuxiatuen kanpalekuak.

Carmonak eta Agirrek ere badute joateko gogoa. “Nire arreba egon zen, eta ni ere joango naiz; ez dakit noiz, baina joango naiz, laguntzera”, erran du azkenak. Bakelekuan haur sahararrek denbora batez atzean utzi duten errealitateari buruz gehiago ikasi dutela nabarmendu dute, eta badutela elkartasuna agertzeko gogoa.

Haurren artean eroso direla sumatzen zaie begirale gazteei. Kantuan eta dantzan jarri dituzte neska-mutikoak. “Hizkuntza ere ez da muga; keinuka bada ere, ulertzen dugu elkar. Pozik dira”, azaldu dute denek.

Umeen irribarreak adierazten ahal duenaz harago, ongi direla baieztatzea da Bakelekuko arduradunen helburu nagusietako bat. Horretarako, mediku azterketa eginen diete guztiei, kanpalekuetatik atera direla aprobetxatuz, harat itzuli baino lehen. “Han ez dago halako azterketarik egiteko aukerarik; horregatik, garrantzitsua da hemen direla profitatzea, gaixotasunen bat badute antzeman ahal izateko, eta tratamendua emateko”, azaldu du Daha Emhamed Lehbibek. “Familia medikuarengana, okulistarengana eta dentistarengana eramanen ditugu denak”, zehaztu du Gerekak.

“Garrantzitsuena, haurrak”

Elizondon abuztuaren amaierara arte geldituko dira haur sahararrak. Denbora horretan eskualdearen egunerokoan parte hartzea da Bakelekuko antolatzaileen asmoa. Igerilekura joateaz gain, Baztango bazterrak ezagutzeko paseoak egin dituzte ailegatu zirenetik. Ez bakarrik hori. Saharaztan elkarteko kideen eskutik, Baztan inguruko herrietako tradizioak ezagutzeko aukera izan dute, adibidez. “Amaiurren egon eginen, hango errotan, taloak egiten”, azaldu du Gerekak. Haurrak esker onekoak direla gaineratu du, eta hagitz kontent direla.

Mafud Sadig begirale sahararrari haurren irribarreak ematen dio aurrera egiteko indarra. Bat egiten dute denek horretan. “Garrantzitsuena haurrak dira; haiengatik gaude hemen, haiei gozatzeko aukera eman ahal izateko”. Irribarrea aurpegian du Sadigek ere hitzok erraten dituenean. “Haurrak ongi badira, gu ere bai”, berretsi ditu Slaca Waladek Sadigen hitzak; kanpalekuetatik ailegatu den bertze begiralea da.

Astez aste aldatzen dira Bakelekuan aritzen diren boluntarioak. Abuztuaren amaiera bitarte, Euskal Herri osoko hamaika gazte etorri izanen dira Nafarroara, Saharaztan elkarteko kideak laguntzera. Taldeko arduradunek ere zuzenean parte hartzen dute Bakelekuan. “Astero elkarteko bi arduradun daude, eta dena gainbegiratzen dute”, azaldu du Gerekak.

Bakelekua martxan jarri baino lehen, hainbat urtez hartu zituen haur sahararrak etxean Gerekak. Izaro Bidegainek ere hainbat urtez partekatu ditu udako hilabeteak kanpalekuetatik ailegatutako haurrekin. “Elkarteko kide gazteena da; lekukoa nork hartu badugu”, erran du Gerekak, Bidegaini so. Sumatzen zaio gazteari baduela lotura berezia haur sahararrekin. “Etxera hainbat urtez etorri eta gero, sortzen da harreman estu bat. Ez bakarrik haur horrekin edo haren familiarekin; herri osoarekin sortzen da halako elkartasun sentimendu bat; kanpalekuetara joateko gogoz naiz”, erran du Bidegainek.

Haurrak ere kontent itzuliko dira etxetzat dituzten kanpalekuetara. Familiak dituzte han zain. Ez dira esku hutsik joanen, halere. Haur bakoitzak 25 kiloko pakete bat eramanen du: arroparekin, janariarekin, eskolarako materialarekin… Baztanen jasotako berotasuna eta elkartasuna ere eramanen dituzte bueltan.