Iritzia: Antzaratik antzarara

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

Kartoizko kutxa batean aspalditxo gordeta genuen jolas-taula atera dugu. Urte askotako usaina zabaldu da. Lasaitasunaren usaina, konfiantzarena, inozentziarena… Ene! Noiztik ez gara jolastu? Aurtengo uda nahasiko arratsalde triste honetan ere langarra ari du, eta, gainera, freskatu egin du. Hau denbora, hau!

Haurretan bezala, mahai baten bueltan eseri gara, eta orduko haurren moduan hasteko irrikan gaude. Taula gogoan genuen baino pisutsuagoa da: egurrezkoa da! Gaur egungoak plastikozkoak dira-eta! Hoja del lunes egunkariko orri horituek ondo bilduriko ontzitxoak ere atera ditugu. Horietako batean dado pare bat dago, eta beste batean koloretako fitxa txikiak agertu dira.

Marrazkidun lauki-segida duen egitura biribila du jolasak. Lagun batzuek diote XII. mendeko tenplarioek sortu zutela Donejakue bidean oinarriturik. Burura datorkit Eunateko eliza zoragarria bere zortzi aldeko oina eta klaustroarekin. Eta beste batzuek gehitzen dute bidaia batera gonbidatzen duela jolas honek.

Egurrezko bidaia ludiko honetan zubirik zubi salto egin dezakegu, aurrera edo atzera; geldialdiak egin beharko ditugu, eta kontuz ere ibili beharko dugu oztopo eta tranpak baitaude bidean, hain zuzen ere, putzua, benta, kartzela, labirintoa; eta horiek guztiak gutxi balira, heriotza ere topa dezakegu ibilaldian.

Denok toki beretik abiatuz hasiera emango diogu bidaiari. Fitxak prest daude lehenengo laukian. Baita gu ere. Godalet barnean dado saltarien hotsa aditzen da. Ekin! Erori da lehenengo dadoa, eta jirabiran bia suertatu zaio puntuazio handiena lortua zuen lagunari, alegia, jolasean hasteko den lehenari. Bat eta bi. Kieto. Ontzi barneko dadoaren hotsa, atzera ere. Bosta tokatu zaio bigarren jokalariari. Bost! Antzaratik antzarara! Berriro nire txanda!

Ibilaldi honek gure oporraldia irudika lezake! Egia da. Antzaratik antzarara beharrean santutik santura kanta genezake, udaldiko Elizaren festarik festa-egutegiaren ibilbidea jarraituz: sanjoanetan hasi, sanpedroak, sanferminak, karmenak, santiago eta santanak… Ibilbide luzea. Musika, parrandak, bazkari eta afariak, algarak, musuak, koloreak.

Zubirik zubi kantatu du lagun batek. Bidaiari porrokatuendako salto ederra. Hemendik hara, handik hona. Auto, tren, hegazkin, bizikletaz. Mendizale, turista, boluntarioak. Plazerezko oporraldia. Plazerezko bidaiak.

Ordea, adi egon beharra daukagu gure bidean aurki ditzakegun putzu eta labirintoetan, benta edo kartzelan. Heriotza bera atera dakiguke gure bidera. Zorte-kontua izan da. Besterik gabe. Neurriz gaindiko mozkorraldiak, lapurretak, atzerapenak, istripuak, bortxaketak. Bortxaketa! Eraso sexista. Gure festa-giroaren hiztegian sartu beharreko hitz berriak! Tiroketak, leherketak… Zentzugabekeria!

Minezko oporraldia. Minezko bidaiak. Jeremy Bentham filosofo ingelesak idatzi zuen izadiak gizatasuna bi jauntxoren menpe utzi zuela: plazera eta mina. Zein gertu bata bestearengandik. Zein hari lausoak bereizten dituen. Zein arrazoik eraman dezake gizakia eromenera beste pertsona menperatzeko guztion plazerezko uneak bilatu beharrean. Izan ezazue, irakurleok, antzaratik antzarara, plazerezko laukietan ibiltzeko zoria; izan itzazue, irakurleok, plazerezko festa, bidaia eta oporrak!