Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Kattalin Barber

Harrera garaia izaten ari da Arrosadiako Printzearen Harresia eta Donibaneko haur eskoletan. Lan taldea berria baita bi eskoletan, eta haur gehienak ere bai. Elkar ezagutzen ari dira orain. Aurten, gainera, euskara da berritasuna. Polemiken ondoren, ikasturtea lasai eta bare hasi dutela diote haur eskoletako zuzendariek eta gurasoek. Euskarazko eskaintza zabaltzea erabaki zuen Iruñeko Udalak otsailean, baina hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin.

90 ume daude Printzearen Harresia haur eskolan. %30 iazkoak dira, eta %70, berriak. “Harrera garaian gaude, eta ongi doa. Haurrek ez dituzte hezitzaileak ezagutzen, lantalde berria garelako, baina pozik eta gogoz gaude”, dio Garikoitz Torregrosa Printzearen Harresiko zuzendariak. Dioenez, aurtengo matrikulazio berrien ehunekoaren zati batek euskararen aldeko apustua egin du, beste zati batek gertutasunarengatik aukeratu du haur eskola, eta gainerakoek plaza lortu dutelako. Torregrosak badaki oraindik erabakia auzitegian dagoela guraso talde baten salaketa dela medio, baina ez dutela horretan pentsatzen adierazi du: “Egunetik egunera lan egiten dugu, eta ez dugu hori buruan. Zerbait gertatzean erantzuna emanen diogu”.

Txema Unzuek aurten lehenengo aldiz eraman du bere haurra haur eskolara. Argi zuen euskarari lehentasuna eman nahi ziola, eta plaza lortzean poztu ziren. Harrera prozesua ongi joaten ari dela dio Unzuek: “Egia da dena berria izan dela bai guretzat eta bai haur eskolako hezitzaileentzat ere, tokia eta umeak ez zituztelako ezagutzen, baina pozik eta gustura gaude”.

Iritzi berekoa da Leire Ugarte. Ametsek ikasturtea hasi du Printzearen Harresian. Iaz Burlatako haur eskolan zegoen, gazteleraz. “Euskaraz aritzeko aukera ikusi, eta ez genuen birritan pentsatu; gertutasunarengatik ere ederki datorkigu Arrosadiako haur eskola”, azaldu du. Pozik agertu dira bi gurasoak euskarazko eskaintza zabaldu delako Iruñean eta horrela mantentzea nahi dute. “Heldu den urtean gehiago badira, hobeto”, esan du Ugartek.

Torregrosak azpimarratu du, halaber, atzerritar askok eman dutela izena euskaraz. “Gurasoak etorri zaizkigu haien seme-alabek euskaraz ikasi nahi zutela komentatzen, eta plaza lortzean erabat poztu dira”. Lehenengo egunetan haur eskolan urduritasuna nabari zela dio, baina horrelakoetan “normala” dela jakinda, lanean aritzeko gogo handiarekin daude hezitzaileak. Harrera prozesuan daude orain, umeak egokitu arte.

Edurne Lekunberri Urmeneta Donibaneko haur eskolako zuzendaria da. Torregrosarekin bat egin du, eta ikasturtea normal hasi dela adierazi du. “Iaz zeuden haur batzuen gurasoak kezkatuta agertu ziren hasieran, haien seme-alabek euskaraz ez zekitelako. Baina bi aste pasatu dira, eta lasai daude orain. Ongi joan dela konturatu dira”. Gainera, Lekunberrik azaldu du umeentzat gazteleraz egitea lasaigarria bada, horrela egiten dietela. Iazko haurrek martxa hartua dute, eta familiak lasaiago daude horrekin. Guztira, 97 haur daude Donibaneko haur eskolan. %31 iazkoak eta gainerakoak berriak.

Jauzia ingelesezko eredutik

Gehienek hurbiltasunarengatik aukeratu dutela uste du Lekunberrik, baina baita euskararen apustu garbia egin dutela ere askok. Lekualdatzeak izan dira, eta Hello Rochapeako, Mendebaldeko eta Sanduzelaiko eskoletatik jaso dituzte umeak. “Bitxia iruditu zaigu, batez ere, ingelesezko eredutik hona etortzea”, esan du. Lantalde osoa berria den arren, elkar ezagutzen dutela nabarmendu du zuzendariak eta horrek egunerokoa errazten laguntzen duela. Ilusio handiarekin eta euskaraz lan egiteko gogoz hasi baitute ikasturtea Iruñeko euskarazko bi haur eskola berriak.

Lehendik martxan ziren euskarazko haur eskolak Txantrea eta Arrotxapea auzoetan daude. Denera, haur eskoletan 954 toki eskaini dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10 zen kehen, eta %30 da orain. Udalak adierazi du haur eskolen okupazioa %93,2koa dela gaur egun, eta bigarren matrikulazio epea urtarrilaren 31n bukatuko da. Euskarazko haur eskola gehiago irekitzeko eskatu dute urte luzez Iruñeko euskalgintzako eragileek eta ehunka gurasok.