Euskarara egin dute jauzia hiru eskolatan

Euskarara egin dute jauzia hiru eskolatan

Kattalin Barber

Asteazkenean hasi zuten ikasturtea Nafarroako hiru urteko 5.952 haurrek. Aldaketekin hasi da oraingo ikasturtea, eta, Hezkuntza Departamentuko bi zuzendariak aldatzeaz gainera, euskarazko eredua eremu ez-euskaldunera ere hedatu dute: euskaraz hasi dute ikasturtea Lodosan, Caparroson eta Tafallan.

Sergio Iribarren Sortzen elkarteko koordinatzailea pozik agertu da euskarazko eskaintza zabaldu delako, baina kritiko azaldu da Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin: “Lan lardatsa egin zuten. Iragarri zutenean ez zuten ez kanpainarik egin, ez eta familiekin hitz egin ere”. Eremu ez-euskalduneko tokian tokiko egoera desberdina dela azaldu du Iribarrenek, eta, hortaz, herri bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu beharrekoak direla. “Nola matrikulatuko da haur bat D ereduan, adibidez, Cintruenigon, gurasoek zer den ere ez badakite?”, galdetu du.

Hezkuntza Departamentuak gutunak bidali zizkien haurrak eskolan hasteko adinean zituzten gurasoei, jakinarazteko eremu ez-euskaldunean ere izanen zutela aukera euskaraz sartzeko sare publikoan. “Baina hori ez da aski izan; uste dugu gobernuak gehiago egin behar duela”. Horrez gain, Euskararen Legea aldatzea eskatu dio gobernuari. “Nafarroako Gobernuak D eredua zabaldu dezake Nafarroa osoan, baina Euskararen Legea aldatu arte ezin gara normalizazioan bizi”, adierazi du.

“Nafar guztien eskubide historikoa bermatu dugu, eta horrela jarraituko du izaten”, esan du Asier Morras Hezkuntza Departamentuko Hizkuntza zuzendari berriak. Kopuruak eman ditu Morrasek: Caparroson 3 urteko bost haurrek eman dute izena D ereduan. Lodosan, 3 urteko lau haur daude euskarazko ereduan, eta 4 urteko bost. Tafallan asteazkenean hasi zuten ikasturtea 3 urteko bost haurrek, eta 5 urteko hamar umek. Dena den, zuzendariak adierazi du kopuru horiek behin-behinekoak direla, matrikulazio epeak irailean zabalik jarraituko duelako.

Hainbat ume geratu ziren D ereduan aurrematrikula egin ezinik, Zangozan, Castejonen, Corellan eta Tuteran. Horiek guztiak aztertuko dituzte Hezkuntza Departamentuan, eta kasuz kasu irtenbidea emanen zaiela baieztatu du Hizkuntza zuzendariak: “Gurasoekin hitz eginen dugu, eta aztertuko dugu ea haurrek inguruko beste herri batera joan daitezkeen D eredua bermatzeko”.

Horretarako, ziurtatu du eskola herrian bertan ez dutenei diru laguntzak emango dizkietela, euskaraz ikasi ahal izateko. Halaber, Morrasek aurreratu du Nafarroako Gobernuak D ereduko kanpaina “zabala” aurrera eramanen duela aurki eta orain arteko “desorekak” bideratzea izanen duela helburu.

Joan den ikasturtean Nafarroako eremu ez-euskalduneko Abartzuzako, Lezaungo eta Zudairiko eskola publikoetara heldu zen D eredua. Urteetan aukera ukatu dieten hiru ikastetxe hasi ziren euskarazko ereduan. Aurten, beste hiru gehituko dira: Tafalla, Lodosa eta Caparroso. Alicia Aramendia Lodosakoa da. Aurten, lehenbiziko aldiz bere haurra eramanen du D eredura. “Urteak dira herriko hainbat jendek hau eskatzen dugula, eta, azkenean, lortu egin dugu”, adierazi du, pozik.

3 eta 4 urteko umeek elkarrekin hasiko dute ikasturtea Lodosan, ez dagoelako ume nahikorik bi gela osatzeko. Argi izpi bat heldu dela dio: “Joan den urtean astean lau orduz egiten zuten euskaraz; aurten lortu dugu egun osoz egitea”. Euskaraz ikastea garrantzitsutzat jotzen du Aramendiak: “Gure hizkuntza ere bada, eta uste dut ezinbestekoa dela etorkizunerako”.

Eremu ez-euskalduneko bizilagunek urtero egin behar dute hautua seme-alabak matrikulatzerakoan: herrian eta euskaraz baina ikastolan, euskaraz eta ikastetxe publikoan baina herritik kanpo, edo herrian eta eskola publikoan baina A ereduan. Aurten, heldu da D eredua Nafarroako eremu ez-euskalduneko hainbat eskola publikotara.

Iaz baino 654 haur gutxiago

3 urteko 5.952 ikasle sartu dira Nafarroako hezkuntza sistemako aurtengo ikasturtean, hilabete honetan eginen diren matrikulen datuak jasotzeko zain; hau da, iaz baino 654 ume gutxiago. 3 urteko ikasleen kopuruak behera egin du, 2013ko jaiotza tasak ere behera egin zuelako. Haur Hezkuntzari dagokionez, 26.123 ikaslek eskola publikoan hasiko dute ikasturtea: % 68,5ek, A eta G ereduetan, eta % 31,5ek, D ereduan; 15.178 ikasle, berriz, itunpekoan ariko dira: % 80,5 A eta G ereduetan, eta % 19,5 D ereduan.