“Eztabaida izan da gure artean; gehiengoak erabaki du”

E. Elizondo

Nafarroako VII. Komiki Azokaren antolatzaileek idatzi bat argitaratu zuten, joan den astean, H28 hilabetekari saretirikoa aldizkariko arduradunek beren bi obren aurkako zentsura salatu eta gero. H28-ko kideek aurkeztu eta bazter utzitako bi lanek erakusketako “lerro grafikoa eta edukia hausten” zutela nabarmendu zuten zabaldutako agirian Tiza elkarteko kideek. Argudio horri eutsi dio Patxi Anton azokaren antolatzaileak. Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntza jaso du ekinbideak, eta babesleen artean dira Diario de Navarra, El Corte Ingles eta Nafarroako Kutxa Fundazioa.

Zergatik erabaki zenuten bi marrazki horiek ez erakustea?

Pentsatu genuen hainbat sektoretako jendea mintzen ahal zutela. Iruditzen zaigu adierazpen askatasunaren eta irainaren arteko zalantzazko esparruan kokatzen direla lanak. Hala ere, hilabetekariko egileekin hitz egin dugu, eta mahai inguru bat egiteko aukera proposatu diegu. Ongi hartu dute ideia. Iruñeko Udaleko Kultura Saileko kideekin ere hitz egin dugu. Kontua da denon artean eztabaida egitea adierazpen askatasunari buruz, mugak izan behar ote dituen edo ez jorratzeko, bertzeak bertze.

Kasu honetan, muga zuek jarri duzue, eta muga horren arabera utzi dituzue bi obra erakusketatik kanpo.

Egileek zentsura salatu dute. Guk orain arte errandakoari eutsi nahi diogu. Azoka izaera zabala duen ekinbide bat da, eta iruditzen zaigu lan horiek min egiten ahal zutela, bazela irainduta sentitzen ahal zen jendea. Iruñeko Udalak berak erran du oreka bilatu behar dela adierazpen askatasunaren eta artistek beren burua neurtzeko duten ahalmenaren artean.

Bazter utzitako lanek erakusketaren lerro grafikoa hausten zutela erran duzue, eta nabarmendu duzue ez dela satirari buruzko erakusketa bat. H28, ordea, aldizkari satirikoa da. Hori jakinen zenuten lanak eskatu aurretik, ezta?

Hilabetekari horri buruzko erakusketa egiteko ideia Tiza elkarteko batzordeko kide batek jarri zuen mahai gainean. Erakusketaren helburua da Nafarroako fanzineen edo nafarrek egindako lanen berri zabaltzea. Ez da satira politikoari buruzko erakusketa bat. Lan horiek ez dute gainerakoekin bat egiten.

Zenbaitek uste dute fanzineek edo zuenaren gisako azokek lotsagabe izan behar dutela, hori dela halako euskarrien berezko izaera. Zer deritzozu?

Aurten, zazpigarren aldiz eginen dugu azoka, eta urteotan jende anitz etorri da Iruñera. Mongolia aldizkariko kideak izan ditugu; El Jueves aldizkarikoak ere bai. Manel Fontdevilla izan dugu azokan, monarkiari buruzko azala egin eta zentsura jasan zuen artista. Aurten, halaber, EHUren Tirabirak erakusketa izanen dugu; gure iragan gatazkatsuari buruzko zintekin osatutako erakusketa da. Era guztietako iritziei egin diegu tokia.

Babesleak galtzeko beldurra dago aurten bi lan baztertzeko erabakiaren atzean?

Ez dugu inolako presiorik jaso babesleen aldetik. Auzi honek eztabaida sortu du gure artean, eta gehiengoak erabaki du.