Miren Asiain Lora: “Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egiterakoan”

Miren Asiain Lora: “Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egiterakoan”

Kattalin Barber

Arte Ederretan lizentziaduna da Miren Asiain Lora (Iruñea, 1988), eta egunerokotasuna eta fantasia uztartzen ditu ilustrazioetan. Bere azken lana kaleratu berri du Javier Ruiz de Taobada idazlearekin: Versos de la tierra. Euskal Herriko ilustratzaileen artean maila altua dagoela uste du Asiainek, eta “sentsibilitate berezia” dutela nabarmendu du.

Javier Ruiz de Taboadaren poemak ilustratu dituzu Versos de la tierra liburuan. Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso interesgarria izan da. SM editoriala nirekin harremanetan jarri zen poemak ilustratzeko, eta prozesua erabat librea izan da; nire kabuz sortu dut dena, testuak iradokitzen zidanaren arabera. Politak dira poemak, umore kutsua dute, eta haurrentzat egokiak dira.

2002an jaso zenuen Etxepare ilustrazio saria, Hara! liburuarengatik. Orduan zuk sortu zenuen liburua, eta oraingoan beste baten testuaren gainean ilustratu duzu. Zer nahiago duzu?

Prozesua guztiz desberdina da. Egia esan, azkenaldian enkargu asko jaso ditut, eta oso gustura nabil lanean. Modu honetan beste modu batean eginen ez nituzkeenak egiten ditut. Niretzat etxeko lanak dira; ikasten jarraitzen dut, eta gauza berriak egiten ditut. Erronka txiki gisa hartzen ditut. Baina, era berean, proiektu pertsonalek indar handia dute, zurea delako eta dena zeuk sortzen duzulako.

Proiektu pertsonalen bat lantzen ari zara?

Badut ideia bat buruan, baina orain ez dut astirik egiteko. Egunen batean aurrera eramatea gustatuko litzaidake. Gogoa dut helduentzako zerbait egiteko. Egia da orain album ilustratuak objektu fetitxe bihurtzen ari direla. Umeentzat da Versos de la tierra liburua, baina jende helduari ere gustatzen zaio. Hortaz, esan dezakegu publikoa 0 urtetik 100 urtera artekoa dela. Baina gaiaren aldetik, bai, gustatuko litzaidake zerbait helduagoa lantzea.

Liburuko 30 poemek munduko geografiari buruz hitz egiten dute. Nola ilustratu duzu?

Liburu bat ilustratzea ez da kartel bat egitea. Intentsitate handiko prozesua da, eta denbora eskatzen du. Testua kliskagailu gisa aritzen da, baina irudiak gehiago konta dezake. Horregatik, ilustrazioekin historia gehiago kontatzen ditut. Ilustrazioetan agertzen diren pertsonaia batzuk hainbat iruditan errepikatzen dira. Badago ume bat, adibidez, ia guztietan ateratzen dena. Gainera, ez dakigu haurra mutikoa edo neskatoa den; ez dut bereizi generoa. Haurrentzako liburua da, eta nik uste dut gauza horiez konturatzen direla, helduak baino askoz analitikoagoak direlako. Horrez gain, hamaika pertsonaia marraztu ditut liburuan, baina inor ez da bestea baino gehiago. Edonor izan liteke liburuko protagonista.

Zergatik marrazten dituzu generorik gabeko pertsonak?

Uste dut ongi dagoela bereizketarik ez egitea. Agian txorakeria irudituko zaie batzuei, baina gustatzen zait horrela egitea. Egun, esaten dute eskoletan lehen baino matxismo gehiago dagoela. Feministatzat jotzen dut neure burua, eta horrelako xehetasunekin nire militantzia txikia egiten dut. Haurrak horretaz ohartzen dira, eta mezu hori bidali nahi dut nire marrazkien bidez.

Argentinan bizi zara, Buenos Airesen. Badago alderik hemengo eta hango ilustratzaileen artean?

Ofizioa zaila da han eta hemen. Baina ez du hainbeste inporta non zauden. Adibidez, nik Txinatik jasotzen ditut mezuak lanak egiteko. Euskal Herriko ilustratzaileak asko gustatzen zaizkit, eta oso maila altua dago hemen. Ez dakit, baina euskaldunok sentsibilitate berezia dugula uste dut. Izan daiteke inguratzen gaituen pasaia edo arnasten dugun airearengatik. Benetan berezia da. Espainian ere maila altua dago, eta azkenaldian Mexikon ilustratzaile eta editorial asko sortu dira. Frantzia beti egon da urrats bat aurrerago.

Zerk du eragina zure lanean?

Atzerrian bizi naiz, baina betidanik inguratu nauenak eragina du nire lanean. Norberak baditu sentipen eta bizipen batzuk, eta, proiektu desberdinak egin arren, marrazteko orduan azaleratzen dira. Nire esperientziatik eta ingurutik marrazten dut. Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egitean.

Joan den urtean irabazi zenuen Ilustrazioaren VI. Katalogo Iberoamerikarra saria. Ateak ireki dizkizu?

Bai, enkargu asko jaso ditut saria irabazi ondoren. Jende gehiagok ezagutu nau, eta sariak lagundu nau bidea egiten. Urteak daramatzat lanean, eta oso pozgarria da egindako lana aitortzea. Orduak ematen ditut bakarrik lanean, eta batzuetan zaila da. Horrelakoak jasotzeak aurrera egitera animatzen nau. Dena den, maite dudalako margotzen dut, eta niretzat saihetsezina da.

Txikitatik margotu duzu, eta Arte Ederrak ikasi zenituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina noiz hasi zinen ilustrazioak egiten?

Unibertsitateko azken urteetan hasi nintzen gehiago interesatzen. Sakondu nuen, eta mundu horretan zerbait egin ahal nuela pentsatu nuen. Hasieran, ilustrazio digitalak egiten nituen, baina, orain, guztia eskuz egitea gustatzen zait. Izan ere, zerbait digitala egiten duzunean non geratzen da? Emaitza ikustea eta ukitzea gustatzen zait. Digitalean errazagoa da, ezabatzeko eta berregiteko aukera duzulako. Eskuz, teknika menperatzea beharrezkoa da. Perfekzionista naiz, eta gauzak ongi egitea gustatzen zait.