Hemezortzi

Lur Albizu Etxetxipia

Asko dira eta asko izanen dira. Askoz gehiago, beharbada. Orain, eta momentuz, hemezortzi dira. Hemezortzi besterik ez. Erraz esaten da. Hamaika gai biltzen dituzte gaur-gaurkoz. Baina hemezortzi dira. Izen desberdinak dituzte haien artean, baina osagarriak izan daitezke.

Batzuk ezagun egiten zaizkigu, beste batzuek harridura sortzen digute, eta, izenburuak irakurrita soilik, ez gara gai imajinatzeko beste batzuek zer daramaten barruan.

Batzuek badituzte datak, hausnarketak eginak, informazioa jasoa, konpromisoak zehaztuak. Beste batzuk bidea egiten ari dira. Denak dira, daude irekiak. Gakoak ematen dituzte; galdera argiei, erantzun garbiak: zer, zergatik, non, nola, zenbat, nori, nork. Zehatzak dira.

Ezinegonei erantzuten ahal diete, behar bati erantzuteko sortu dira, bizi eredu berriak planteatzen dituzte, herriei ekarpena egiten diete, pertsonala publiko bilakatzen dute, komunitatea egiten dute, sistema propioak eraikitzen dituzte, elkartasuna sustatzen dute, gidak, eztabaidak eta tresnak eskaintzen dituzte, praktika onak bultzatzen dituzte, bertako ekoizleen aldeko apustua egiten dute, hausnarketa kolektibizatzen dute, indarrean dauden harreman-ereduak irauli nahi dituzte, erantzuna(k) dira, eraikuntza dira, kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren kontrako borrokak pizten dituzte.

Autodefentsa sarea. Nekazarien gida. Emantzipazio bulegoak. Etxegabeon etxea. Euskalduntze gida. Material biltegia eta foroa. Talde osasun gida. Udaleku feministak. Ikerketa laborategia. Eskola kolektiboen sarea. Ikerbiltza. Jai herrikoien konpromisoen gida. Kirol eta jarduera fisikoen inguruko eztabaida. Gazte prekarioen mugimenduak. Proiektu komunikatiboak eta jarrera komunikatzailea sustatzeko dekalogoa. Sortzaileen gida. Ikuskizunak antolatzeko praktika onen bilduma. Sortzaileen mugimendua.

Garena, duguna, sortzen duguna defenditzeko. Bizitzeko moduak eraikitzeko, teilatupea izateko. Euskararen borroka gazteon artean berpizteko. Hezkuntza sistema propioa aldarrikatu eta eraikitzeko. Bizitza lapurtu nahi digutenei aurre egiteko, pertsonala politiko bihurtzeko, gure baliabideak konpartitzeko. Botere-harremanak iraultzeko, elkar ezagutzeko. Gure ikerketek herriei mesede egiteko. Jai ereduari buelta emateko. Gerrak pizteko. Finean, borrokatzeko.

Hemezortzi erraz esaten da. Aise esaten dira hitz handi asko: emantzipazio, mugimendu, autodefentsa, kolektibo, borroka, burujabetza, askatasun, bizi eredu, eraikuntza, konpromiso, irauli, autogestio, komunitate, libre, antolakuntza, gazte, (kontra)botere. Ilusio, indar, bizipoz, lan, kontraesan, elkar, ero. Gazte.

Erraza dirudi, baina lan handia du atzean, ezin zenbatuzkoa. Erraz esaten da hiru egunez herri berean ehunka gazte egonen direla. Erraz esaten da abenduaren 9, 10 eta 11n Barañainen GaztEraiki izanen dela: Euskal Herriko Gazte Mugimenduen Autogestio Topaketak. Gazteengandik, gazteentzat eta gazte boterez sortuak.