Nor garen, zer nahi dugun

Nor garen, zer nahi dugun

Edurne Elizondo

Sexu heziketa ez da kondoi bat jartzen irakastea”. Esaldi bera errepikatu dute Andraizeko sexu hezitzaile Montse Velascok eta Kattalinguneko sexologo Erika Salvatierra Urtasunek. “Nor garen, zer nahi dugun, hori aztertzea da kontua; gure burua ezagutzea, maitatzea, errespetatzea”, erran du Velascok. Eta bat egin du Salvatierra Urtasunek: “Sexologiarena esparru zabala da. Aniztasunetik abiatu behar dugu, nor garen eta zer nahi dugun finkatzeko; gizon eta emakume izateko hamaika modu daude; gustuak eta desirak jorratzea da kontua, askatasunez erabakitzea”.

Bi emakumeek nabarmendu dute sexu heziketaren garrantzia; bai eta auzi horri modu positibo batean heltzeko beharra ere. Nafarroako Gobernuak ere jarri du auzia mahai gainean. Prest du Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretua. Hil honetan onartu nahi du, akordio programatikoan jasotakoa betetzeko: osasun sare publikoan abortatzeko eskubidea bermatzeaz gain, garai bateko COFES zentroen espiritua berreskuratzea ere bada asmoa. Sexu heziketa, berriz ere, lehen mailan jartzea, alegia.

Ez da hori gobernuak egindako urrats bakarra. Kattalingunek, Kattalingorri elkarteko kideek martxan jarritako gune sexologikoak ere, gobernua du atzean; LGTB informazio eta arretarako zerbitzu publikoa da, Kattalingorrik eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak sinatutako akordioaren ondorio. “Txiki gara orain, baina garatzen joatea da gure erronka, eredu bilakatzea”, erran du Kattalingorriko kide eta sexologo Xabier Sanchez Goronaetak. Atzera bota du begirada, eta azken urteotako “hutsuneak” nabarmendu ditu, sexu heziketaren alorrean: “Sexu heziketak ez du tokirik izan hezkuntzaren esparruan, modu sistematizatu batean; gizarte mugimenduek bultzatu dituzte hainbat egitasmo, beharra bazelako, baina kostata egin dugu aurrera”.

COFES zentroak

Kattalingorri da gizarte mugimenduek bultzatuta sortu diren erakunde horietako bat, hain zuzen ere; 2000. urtean jarri zuten martxan. Urte berekoa da sexu heziketarako Gozamenez izeneko programa ere. Andraizek eta bertze hainbat eragilek sortu zuten, hamaika herritako udalekin batera. Sakanan, adibidez, programaren hamabosgarren urteurrena ospatzen ari dira egunotan. Programa horren sorrerak izan zuen lotura zuzena Nafarroako Gobernuak COFES Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako zentroei buruz hartutako erabakiarekin: edukiz hustu, eta Emakumearen Arretarako Zentro bilakatu zituen, 1990eko hamarkadaren bukaeran; sexu heziketari buruzkoak bazter utzi zituen.

1978. urtean sortu zen Andraize. Aitzindari izan zen Euskal Herrian, bai eta hemendik kanpo ere. Txantreako auzokideen eta emakumeen elkarteek bultzatu zuten. Andraizek familia plangintzaren eta sexu heziketaren esparruan zabaldutako bideari jarraituz sortu ziren COFES zentroak, 1980ko hamarkadan. “Garrantzitsuena izan zen zentro guztien artean sarea osatu genuela; ez zen garai erraza, baina orduan ikuspuntu osoagoa genuen sexu heziketari buruz, azken urteotan baino”, gogoratu du Velascok.

Izan ere, COFES zentroak desagertzearekin batera, ordura arte sexu hezitzaile izandakoak osasun hezitzaile bilakatu ziren. Gizonak zentro horietatik atera zituzten, gainera, eta emakumeak artatzeko gune huts bilakatu zituzten, neurri handi batean. Azterketa ginekologikoak egiteko toki, alegia.

Andraize hasierako erronkari eusten ahalegindu da urteotan guztietan, eta lortu du betiko bere izaerari eustea. Montse Velasco duela hamabi urte ailegatu zen Txantreako zentrora, eta argi du “oasi moduko bat” izan dela, beti, sexu heziketaren arloan. “Andraizekoak gara arlo publikoan sexu hezitzaile gisa ari garen bakarrak”, zehaztu du. Eredua bertze zentroetara itzultzea bertzerik ez du nahi, eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak hamaika eragileren ekarpenekin osatu duen dekretua txalotu du Velascok. “Aurrerapauso handia da, sexu osasunaren garrantzia nabarmentzen duelako, eta hezkuntzaren esparruak horrekin duen lotura estua agerian uzten duelako. Gobernuaren lana izanen da, orain, estrategiak garatzea sexu heziketa curriculumean txertatzeko. Irakasleen ilusioa berpiztea lortu behar dugu, gainera”.

Onartzeko zain den dekretuaren testuak argi erraten du: “Gizon eta emakumeentzat izanen dira zentroak, eta arreta osoa, diziplina anitzekoa eta normalizatua eskainiko dute sexu eta ugalketa osasunari buruz”.

Hezkuntza Departamentuak ere sexu heziketaren arloan zer egin baduela jasotzen du testuak; zehazki, Osasun eta Hezkuntza departamentuek elkarlanean eskola programak garatzeko asmoa bere egiten du dekretuak: “Helburua izanen da bizitza sexual eta afektibo osasuntsu, aske, positibo eta arduratsua bultzatzea, jarrera baztertzaileak eta matxistak hutsean uzteko”. “Sexu heziketaren arloan ere betaurreko moreak janztea beharrezkoa da; sexu heziketaz hitz egitea, berdintasunaz hitz egitea ere badelako”, erantsi du Velascok.

Biografiaren garrantzia

Kattalinguneko kideek aniztasunak duen garrantzia nabarmendu dute. Sexologiari aniztasunetik heltzeko beharra, alegia; batzuen edo bertzeen sexu joeraz edo sexu identitateaz harago, batzuen eta bertzeen biografiari erreparatzeko beharra ere bai.

Hiru urtez aritu da Salvatierra Urtasun Burlatako Askatasuna institutuan, sexu heziketa lantzen. Guraso elkartetik jaso zuen gaia jorratzeko enkargua, eta esperientzia hagitz ona izaten ari dela nabarmendu du sexologoak. “Hasieran gazteek espero zuten kondoiei edo hiesari buruz ariko ginela; baina eskertu zuten beste ikuspuntu bat eskaintzea. Finean, haiek esateko dutena entzutea da kontua, haiei ematea hitza, protagonista bilakatzea”, azaldu du Salvatierra Urtasunek. Lan egiteko modu horrek eman dituen emaitzak ontzat jo ditu sexologoak. “Gazteek beren beharrak jarri dituzte mahai gainean, eta oso gai interesgarriak plazaratu dituzte; garrantzitsuena modu positiboan hitz egitea da”.

Aukeren esparrua lantzeko beharra nabarmendu du, hain zuzen ere, Xabier Sanchez Goronaetak. “Oraindik ere, arriskuen eta mehatxuen diskurtsoa da nagusi sexu heziketaren arloan”. Bat egin du Andraizeko Montse Velaskok. “Garai batean haurdun gelditzeko edo gaixotasun bat kutsatzeko mehatxuak markatzen zituen sexu heziketa eta sexualitatea; orain, gehiegikeriak edo eraso bat sufritzeko mehatxuak. Horrek ekarri du sexualitatearen balioa desitxuratzea”, nabarmendu du sexu hezitzaileak.

Kattalingunek, hain zuzen ere, sexualitateari duen garrantzia eman nahi dio. Oraindik lan anitz bada egiteko, arduradunek onartu dutenez. “Sexu joera eta identitatea nahasten dute askok, oraindik ere, adibidez”, azaldu dute zerbitzuko sexologoek. “Identitatearekin lotzen da transexualitatea, baina ez du joerarekin deus ikusteko”, argitu du Sanchez Goronaetak. “Gauza bat da nor garen, eta beste gauza bat da zer gustuko dugun”, erantsi du Salvatierra Urtasunek.

Norbanakoak artatzen dituzte Kattalingunen, baina taldekako lana ere ari dira egiten. “Biografiak duen garrantzia bazter utzi gabe, berdinen arteko taldeak oso garrantzitsuak dira, diskurtso berdinetik elkarri lagundu ahal izateko”, erran du Salvatierra Urtasunek.

LGTB kolektiboa artatzeaz gain, gizarte osoari zuzendutako sentsibilizazio lana egitea ere bada Kattalinguneko kideen helburu. Gogoetarako esparru ere izan nahi dute, nolabait erranda. “Aniztasunetik abiatuta”, berretsi du Salvatierra Urtasunek. Nafarroako Gobernuak prestatuko dekretuak ere jasotzen du aniztasun horri kasu egiteko beharra. “Kolektibo guztien sexualitateen garapena bultzatzeko beharra dago, berdintasunean, errespetuz eta denen ardura erdigunean jarrita”. Sanchez Goronaetak mahai gainean jarri du “gizarte osoak” transexualekin duen “zorra”: “Erabat baztertu ditugu”, salatu du.

Andraize, Kattalingune, gobernuaren dekretua; herri mugimenduen eta administrazioaren arteko elkarlana. Hori aipatu du Xabier Sanchez Goronaetak, eta erronkatzat hartu du “karrikatik heldu den mezuari” so egitea, batetik, eta “LGTB politikak administrazioan txertatzea”, bertzetik. Administraziotik sexu heziketaren esparruan, oro har, egin beharreko lana nabarmendu du Velascok ere. Zer egin badela argi du. Lanerako prest da Andraize; lanerako prest da Kattalingune ere.