Tokia hartu du euskarak

Tokia hartu du euskarak

Edurne Elizondo

Guztiak ele bitan. Navarra-rekin batera, Nafarroa ere bai. Gobernuak herrialdeko sarreretako seinaleak aldatzea erabaki du, eta guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jartzea, azkenean. Nafarroako errepideetan gisako 67 seinale daude denera, eta haietako 45 aldatu beharko dituzte: 44 eremu ez-euskaldunean, eta bakarra, berriz, eremu mistoan. Eremu euskalduneko hamazazpi kartelak ele bitan daude jada, Nafarroako Gobernuak nabarmendu duenez.

“Gobernuak hori egiten badu, zoriontzeko moduko urratsa izanen da”, erran du Administrazioan Euskaraz taldeko kide Joseba Otanok. Hilabeteotan erakunde horrek hainbat aldiz eskatu dio gobernuari orain iragarritako erabakia hartzeko. Abuztuan, hain zuzen ere, eskaera horri ezezkoa eman zion Nafarroako Gobernuko Bide Segurtasuneko Zerbitzuak eta Kontrol Zentroak berak.

“2006ko arau bat aipatu zuten”, azaldu du Otanok. Horren arabera, eremu mistoko gaztelania hutsezko kartelek ele bitan behar zutela onartu zuten Bide Segurtasuneko Zerbitzuak eta Kontrol Zentroak, baina zahartzen edo apurtzen ziren neurrian aldatuko zituztela zehaztu zuten, ordea.

“Orain, gobernuak zuzendu egin du abuztuan emandako ezezko hori”, erantsi du Otanok. Gobernuak, hain zuzen ere, nabarmendu du 2006. urteko arauak ez duela bat egiten euskararen legearekin, eta horregatik erabaki du aldatzea. Eremu ez-euskalduneko kartelek gaztelaniaz behar dutela dio 2006ko arauak; gobernuak dio legeak jasotzen duela izen ofizialak legezkoak direla esparru guztietan eta Nafarroa osoan, eta, ondorioz, kartelek ere izen ofizialak errespetatu behar dituztela. Eremu ez-euskaldunean ere bai.

Gobernuak ezagutarazi du, gainera, Euskarabidea bi dekretu prestatzen ari dela: bat, Nafarroako berezko hizkuntzen erabilera arautzeko, bertzeak bertze, errepideetako seinaleetan; eta bertzea, berriz, herrien izen ofizialen erabilera arautzeko.

“Ausardiarik ez”

Kartelak aldatzeko erabakia ontzat jo du Administrazioan Euskaraz taldeak, baina Otanok argi utzi du konfiantzarik ez dutela gobernurekin. “Urte eta erdian jarrera erabat pasiboa erakutsi du”, salatu du Otanok, hain zuzen ere. Adibide bat jarri du: “Gobernua aldatu zenetik, administrazioko zerrendak osatzeko hogei deialdi izan dira, eta bakar batean ere ez du punturik eman euskarak”.

“Inertziek” duten pisua nabarmendu du Otanok, eta Nafarroako Gobernuak antolatzen duen kultur programa aipatu du. “38 ekitaldi antolatu dituzte, eta haietako lau baino ez dira izan euskaraz”. Administrazioan Euskaraz taldeak argi du “irizpideak finkatu” behar direla, euskararen alde. Euskarabideak Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu du, eta irizpideak zehazteko ahalegina onartu du Otanok. Hala ere, agiri horren etorkizunari buruz ez da baikor. “Ziur gara ez dutela garatuko”.

Euskararen auzian jasotzen dituen presioen aurrean gobernuak “amore” ematen duela uste dute Administrazioan Euskaraz taldeko kideek, eta beldur dira plan estrategikoarekin berdin eginen duten. Hori dela eta, euskalgintzatik “presioa” egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du Otanok. “Euskararen inguruko kontuetan gobernuak ez du batere ausardiarik erakutsi; horregatik uste dugu erraz gera daitekeela Euskararen Plan Estrategikoa tiradera batean, garatu gabe; halakorik ez gertatzeko presioa egin beharko dugu”.

Administrazioan Euskaraz taldeak proposamen zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari, hain zuzen, euskararen erabilerari buruzko 2003ko dekretuari buruz. Proposamen horiek eremu euskalduna dute ardatz. Otanok gogoratu du dekretu hori baliatuta Baztango Udalaren euskararen erabilera normalizatzeko plana bertan behera utzi zutela epaileek, bertzeak bertze. Halako egoerak saihesteko, beraz, dekretua aldatzea eta eremu euskaldunerako artikuluak moldatzea eskatu du Administrazioan Euskaraz taldeak.

“Dekretu hori aldatzea erabat beharrezkoa da”, berretsi du Otanok. Eremu mistorako eta ez-euskaldunerako ere proposamenak egiteko prest direla argi utzi du Administrazioan Euskaraz taldeko kideak. Txalotu du herrialdeko sarreretako kartelak aldatzeko urratsa, baina argi utzi du gauza bat dela erratea, eta bertze bat egitea. Kartel berrien zain da Otano.