Historia gorde, egin, zabaldu

Historia gorde, egin, zabaldu

Edurne Elizondo

Isiltasuna da nagusi giroan. Harrizko pareten artean, halere, lanean ari dira dozena bat pertsona. Historia egiten ari dira, historia gordetzen den tokian, gero zabaltzeko. “Oraingo Nafarroaren historia hemen egosten da”, erran du Nafarroako Artxibo Nagusiko goi teknikari Pello Monteanok, erakunde horretako ikerlarientzako gelan.

Agiri eta liburu zaharrei so dira han bat egin dutenak. Gutxi dira gazteak. Langileek kontu handiz mugitzen dituzte, toki batetik bertzera, ikerlariek eskatutako paperak. Ongi ezagutzen du gela Fernando Mikelarena historialariak; orduak eta orduak eman ditu artxiboan. Nafarroako Jauregian, lehendabizi; eta Alde Zaharreko Rafael Moneok diseinatutako eraikinean, gero, 2004. urtetik aurrera. Gaztelaniazko saiakerako Euskadi saria jaso berri duen 1936ko garbiketa politikoari buruzko Sin piedad liburua han aurkitutako agiriekin osatu du, neurri handi batean.

Artxibora egindako bisitak ezezagun zituen tokietara eraman du Mikelarena, Pello Monteanorekin eta Nafarroako Gobernuko Agiritegien eta Dokumentazio Ondarearen Zerbitzuko buru Joaquim Llansorekin batera. 180 urte bete ditu artxiboak, eta barrukoak erakutsi nahi izan ditu. Nafarroako mila urteko historia gordetzen du eraikinak: 27 kilometro agiri, denera. Etxeak ateak zabalik dituela nabarmendu dute arduradunek. “Herritar guztientzat”. Iraganetik etorkizunari egiten diote so, gainera, eta, digitalizazioaren bidetik urratsak eginez, “biharko erabiltzaileen neurriko” artxiboa osatzea hartu dute helburu.

Artxibo irekia izeneko tresnaren bidez, erabiltzaileek informazioa etxetik bilatzeko aukera dute jada. “Datu basea osatzen ari gara; 200.000 erregistro inguru sarean jarri ditugu jada”, azaldu du Llansok. “Hainbat kasutan, agiriaren beraren irudiak laguntzen du sareko informazioa, eta ikerlaria, ondorioz, zer eskatu jakinda etortzen da artxibora”, erantsi du.

Artxiboko arduraduna, Mikelarena eta Monteano, halere, agiri zaharren paperarekin hunkitzen diren horietakoak dira. Monteano eta Llanso artxiboko erabiltzaile izan dira bertako langile bilakatu baino lehen. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen orduan Nafarroako Jauregian zegoen artxiboan lanean Monteano. Garai berean hasi zen hango agirietan informazioa bilatzen Mikelarena ere. Orduko artxiboak zerikusi gutxi du oraingoarekin, bi historialariek nabarmendu dutenez. Toki faltak eraman zituen gobernuko arduradunak agirientzako espazio egokiago bat bilatzera. Moneok diseinatutako eraikin berria 2003an inauguratu zuten, baina 2004an jarri zuten martxan. Hamar solairuko eraikin horretan 27 kilometro agiri gordetzen dituzte. Cordovillan, gainera, administrazioaren artxiboa du gobernuak.

“Hemen, agiri baliotsuenak lur azpian daude, baldintzak egonkorragoak direlako”, azaldu du Monteanok. Bosgarren solairuan ere nabarmentzeko moduko agiriak gordetzen ditu artxiboak. Pasabideetan gora eta behera, sumatzen zaio Mikelarenari gozatzen ari dela. Monteano eta Llanso ere bai. Azken horrek iazko irailean hartu zuen zerbitzuaren ardura bere gain. Nafarroako Unibertsitate Publikoko artxiboko arduradun aritu zen, aurretik. “Artxibo nagusira etortzeko deia jaso nuenean, berehala erantzun nuen baietz. Hau amets bat da niretzat”.

Eskularruak jantzi ditu bosgarren solairuko gordailuan sartu denean. Apaletan dauden agirien artean, Ingalaterrako errege-erreginen koroatze liburua aukeratu du. Kontu handiz hartu, eta zabaldu egin du. Agerian gelditu dira urrearekin egindako marrazkiak, bai eta hainbat kolorez idatzitako esaldiak ere. “XIV. mende bukaerako liburu bat da; Nafarroako errege-erreginen koroatze protokoloa jasotzen du; harribitxi bat da”, erran du Llansok, harro.

Ez da artxiboak duen altxor bakarra. Gordetzen dituen funtsengatik, Nafarroako Artxibo Nagusia Europako artxibo garrantzitsuenen pare dela argi utzi dute erakunde horretako arduradunek. Llansok Nafarroako kontuen inguruko serie bat aipatu du, adibide gisa. “Gaur egunera arte ailegatzen den agiri serie bat da”. Monteanok zehaztu du 1256. urtetik aurrerakoa dela. Nabarmendu du, gainera, Alde Zaharreko eraikinean Nafarroa egun denari buruzko agiriekin batera “Nafarroa izan zenari buruzkoak” ere gordetzen dituztela. “Nafarroa Behereko Erdi Aroko historiari buruzko agiriak hemen dira, bertzeak bertze”, erran du artxiboko goi teknikariak. 981. urtekoa da jatorrizko agiri zaharrena. “824. urteko bertze bat dugu, baina XVI. mendeko kopia batean”.

Amateurrak nagusi

Nafarroako Artxibo Nagusiko erabiltzaileen soslaia aldatuz joan da azken urteotan. “Unibertsitate edo ikerketa zentroekin lotutako ikerlari profesionalen tokia hartu dute historia zaletasun dutenek”, azaldu du Monteanok. Historialari amateur horien grina eta ikerketarako gogoa nabarmendu dute artxiboko arduradunek. “Nor bere ikerketa eremuan, benetako espezialista bilakatu dira; beren lanak argitaratzen dituzte, gainera, tokian tokiko aldizkari edo liburuxketan”, erantsi du artxiboko goi teknikariak.

Monteanoren hitzak berretsi ditu Mikelarenak. “Historialari anitz alfer hutsak dira”. Ez da Mikelarena horietakoa. Bere lanerako eta artxiboetan arakatzeko gaitasunaren adierazgarri da Sin piedad liburua. 500 orri baino gehiagoko lana da, 1936. urteko garbiketa politikoak Nafarroan eragindako sarraskiari buruzkoa. Bost urteko ikerketa lanaren emaitza da liburua, eta frankismoaren garaiko errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileen izen-abizenak jarri ditu mahai gainean.

Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpistak dira Mikelarenaren liburuan agertzen diren erantzule horietako bi. Zalaparta sortu du azken hilabeteotan udalak bi jeneralen gorpuzkiak Erorien Monumentuko kriptatik ateratzeko erabakiak. Molaren arrastoak urriaren bukaeran atera zituzten, haren familiak eskatuta. Sanjurjorenak ateratzeko lanak, berriz, asteazkenean hasi zituzten. “Lotsagarria da Iruñean halako monumentu bat izatea”, salatu du Mikelarenak; ontzat jo du militarren gorpuak handik atera izana.

Frankismoaren inguruko ikerketa egiteko zer aztertu badu Nafarroako Artxibo Nagusiak. Mikelarenak nabarmendu du, adibidez, lehen auzitegiko artxiboan ziren agiri anitz Alde Zaharreko eraikinean direla orain. Horiek baliatu ditu historialariak bere liburua osatzeko, bertzeak bertze.

Ez dira bakarrak. Artxiboak 1936ko gerrari buruz dituen bere agirien erakusketa antolatu du egunotan, hain zuzen ere. 2017rako, berriz, euskarari eta Nafarroa Behereko agiriei buruzko erakusketa bana prestatzen ari da artxiboa. Halako egitasmoak baliatu nahi ditu erakundeak herritarrengana hurbiltzeko. Ontzat jo du ahalegin hori Mikelarenak, eta argi utzi du herritar soilek “informazio anitz” jaso dezaketela artxiboan. “Senide baten bila ari denak hemen aurkitzen ahal du behar duen informazioa”.

Artxiboak izan dezakeen agiri motaz edo kopuruaz harago, egoitza horretan lan egiteko dauden aukerak ere nabarmendu ditu Mikelarenak. “Hemengo langileen maila izugarria da; etortzen dena laguntzeko prest dira beti. Ez bakarrik profesionalak, bai eta historia zaletasun gisa dutenak ere. Artxiboak erabateko konpromisoa du orain historiarekin eta memoriarekin, ikuspuntu demokratiko batetik”. Ez dela beti horrela izan argi utzi du historialariak, eta eskertu du azken urteotan gertatu den aldaketa.

Artxiboak herritar guztiengana ailegatu nahi duela berretsi dute erakunde horretako arduradunek. Egungo erabiltzaileei begira, haientzat prestatutako formakuntza saioak egiten dituztela aipatu du Monteanok. “Artxiboa erabiltzeko saioak izaten dira, edo paleografiari buruzkoak; ikerlarien artean sareak osatzeko saioak ere egiten ditugu, nork bere ikerketa lanaren berri eman dezan”.

Bertze urrats bat egin nahi du artxiboak, eta jende gaztea erakarri. “Horretarako, hainbat programa prestatzen ari gara Hezkuntza Departamentuarekin”, azaldu du Llansok. Asmoa da gazteek beren ikastetxeetan lantzea gaia, batetik, eta artxiboa bera ezagutzea eta erabiltzea, bertzetik. Bertzelako proiekturik badu erakundeak. Datorren urtean martxan jarri nahi du, adibidez, musikaren eta arte eszenikoen artxiboa. 50.000 euroko diru saila jasoko du artxiboak horretarako. 2017rako aurrekontuetan, hain zuzen ere, %22 igo da Nafarroako Artxibo Nagusiaren saila. “Babes” hori eskertu du Llansok. 1.380.000 eurokoa da artxiboarentzat zehaztutako kopurua. Lanerako prest dira artxiboan.