Iritzia: Nafarroa, Breaking Brand

Tania Arriaga Azkarate

Berrikuntzaren alorrean, oinarrian, Europako Batasunak bi mekanismo erabiltzen ditu ikerketa eta garapen teknologikoa garatzeko: Ikerketarako eta Garapen Teknologikorako Zazpigarren Esparruko Programa (FP7) eta Egiturazko Funtsak. FP7ak bi xede nagusi ditu. Batetik, Europako industriaren alor zientifikoa eta teknologikoa indartzea, eta, bestetik, ikerketaren bitartez, nazioarteko lehiakortasuna bultzatzea. Egiturazko funtsek aldiz, ikerketa eta berrikuntza medio, Europako Batasunako herrialdeen artean garapen orekatua sustatzea bilatzen dute. Hau guztiaren gauzatzea Europako Gizarte Funtsek (ESF) eta Europako Eskualdetako Garapen Funtsek (ERDF) kudeatzen dute. Orain, estatu bakoitzak ere bere mekanismoak ditu. Estatu espainiarrean, Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioa da, Erkidegoetako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Egiturazko Funtsak koordinatzen dituena.

1996tik, Europako Erkidegoko Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Estatistika Bulegoak, Oslo eskuliburua argitaratzen du. Lan honek berrikuntza bildu eta aztertzeko gidalerroak erakusten ditu eta gehien erabilitakoa den arren, zenbait herrialdek berrikuntza aztertzeko beste eredu batzuk ere baliatzen dituzte. Horregatik, inkesta guztien baloreak batzeko, Europako Erkidegoko Berrikuntza Inkesta (CIS) sortu zuten. Hor daude Erkidegoko Berrikuntzaren Markagailua eta Eskualdetako Berrikuntzaren Markagailuak. Estatu kidetako eta eskualdetako I+G arloko sendotasunak eta ahuleziak identifikatzen dituzte baita “ikasturte bukaerako” nota jarri ere. Ondoren, estatuak eta eskualdeak hierarkia jakin baten arabera antolatzen eta sailkatzen dituzte: berrikuntzan buru (lider), berrikuntzan indartsu, jarraitzaile moderatuak eta jarraitzaile apalak. Azken urteetan, estatu espainiarra jarraitzaile moderatuetan kokatu du Erkidegoko Berrikuntzaren Markagailuak. 2016 arte, Nafarroa berrikuntzan indartsuen artean zen. Aurten, estatu espainiarraren pare jarri gaituzte. Suspenditu dugu; Moderna, Nafarroako plan estrategikoa indarrik gabe utzi duten arren.

Europako Eskualdeentzat Espezializazio Adimendun Estrategia, berrikuntza zabaltzeko, Europako Batzordearen marko ideologiko-pragmatikoa da. Smart Specialisation-The Concept dokumentuan oinarritzen da eta, herrialde bakoitzak bere ahalmenak aztertzeko eta horien diagnostikoa osatzeko gomendioa egiten du. Ikerketa eskualdeko ekintzaileen parte hartzearekin burutzeko hobesten dute. Aldiz, urrats honetan, kanpoko aholkularitza-enpresen lana espresuki arbuiatzen dute. Gainera, egitura-funtsak ukitzeko Espezializazio Adimendun Estrategiaren parametroak jarraitu beharra dago; eskualdeei plan estrategikoak osatzeko eskatzen diete. 2008an Moderna Plana sustatu zuten, Europako Batasuneko lehena! Monitor-Deloitte eta AFI (International Financial Analyst) aholkularitza-enpresen laguntzarekin, jakina. Hura indargabetzeko arrazoiak batu dira: estrategiaren lehentasun susmagarriak; fundazio pribatu eta baztertzaile batek, legebiltzarretik kanpo, Nafarroako aurrekontuak kudeatzeko ahalmena zuela; lau urtetan aurrekontuen 3,2 milioi erabili zituztela, eta abar.

Paradoxikoki, etxeko lanak egin arren, Nafarroak 2016ko azterketa suspenditu du. Harritzekoa da, oraingo kudeatzaileek, besteak ez bezala, Nafarroaren alde egiten baitute. Mudantzan trifasikoa galdu ote da?