Iritzia: Zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Sorpresarako gaitasuna galdurik genuela uste nuen; aspalditik, gainera. Gauza asko, gehiegi bizi izan ditugulako, ikusi izan ditugulako, entzun izan ditugulako, norbaitek kontatu izan dizkigulako. Errealitateak fikzioa gainditzen duela esateak, nire iritziz, esanahi berezia hartzen du Euskal Herrian: debekuak, ilegalizazioak, komunikabide-itxierak, isunak, identifikazioak, kontrolak, kriminalizazioa, atxiloketak, tortura…

Zerrendarekin jarrai genezake luzaroan, orrialde hau osorik bete arte. Baina badakizue zeri buruz ari naizen; guztiei egokitu zaigu, era batera edo bestera, gertuagotik edo urrunetik, horrelako zerbait bizi behar izatea. Eta Nafarroan, bereziki, horrek guztiak bere berezitasun propioak ere badituela esanen nuke, navarrísimoek bere berezitasunak dituzten bezala. Errepresioa ere diferentea izan baita hemen.

Baina duela aste batzuk harritu egin ginen (nintzen?). Beste behin. Aspalditik ez bezala. Beharbada inuxenteegiak gara batzuetan? Ahaztu egiten zaigu estatuek gerran jarraitzen dutela? Ahantzi egiten zaigu Nafarroak estatu-afera izaten jarraitzen duela?

Atxilotu zituztela jakin nuenean harritu egin nintzen. Muntaia polizial-politiko-mediatikoaren beste kapitulu bat gehiago. Berriz ere. Berriz ere gazte batzuk atxilotuak, kriminalizatuak, komunikabideetan haien bizitza, haien izenak. Epai mediatikoa. Zirkuaren beste kapitulu bat gehiago.

Eta kartzelara joanen zirela jakin nuenean ezin izan nien malkoei eutsi. Sabeleko korapiloak egun batzuetan iraun zuen. Sinestezina iruditzen zitzaidan. Askotan erabili izan dut surrealista hitza. Surrealista. Baina nola deitu horri surrealismo, zazpi gazte espetxean baldin badaude? Ba al da hori baino egoera injustuagorik, gordinagorik, errealagorik? Errealistagorik, egiazkoagorik? Irudikatzen ahal ditugu zazpi gazte altsasuarrak, gazte izateagatik, altsasuar izateagatik, kartzelan, haien etxeetatik ehunka kilometrora?

Gertatutakoaren dimentsioa oso argi bizi izan dugu azkeneko asteetan. Herri oso bat batuta, gertatutakoa ezin sinetsi. Inguruan ere bizi izan ditut egoera kuriosoak, nik behintzat: jendearen interesa, gertatutakoa bidegabekeria hutsa dela ikusten duen jende anitza, kezka, manifestaziora joateko zalantzarik izan ez duen jendea (horrelakoetan ikustea zaila dena)… Duela bi larunbateko irudia(k), dudarik gabe. Asko esaten du egun hartakoak. Oihu herritar isila, eta hain ozena, Altsasu guztiz kolapsatu zuena.

Ezin da bizikidetzaz hitz egin desmilitarizazioaren auzia mahai gainean jarri gabe. Zaila da bizikidetzaz hitz egitea zazpi gazte kartzelan daudenean. Nekeza egiten da kontrol eta poliziaz jositako toki batean bizikidetzaz mintzatzea. Herri oso bat kriminalizatu dute, errealitatea ezkutatzeko, eta eztabaidak isiltzeko. Bai gehiengo baten nahiari muzin egiteko ere. Zein garesti ateratzen den Euskal Herrian, Nafarroan, gazte izatea.

Mila kilometrora; bihotzetik gertu, alegia. Etxean izan arte jarraituko dugu lanean. Maite zaitugu. Maite zaituztegu.