Peoia altxatu da

Edurne Elizondo

Prekaritateak hartu du lanaren mundua. Errealitate gero eta gordinagoa da, gainera, gora baino ez baitu egin, krisia piztu zenetik. Datu batek ematen du egoeraren neurria: Nafarroan, 2015. urtean sinatutako lan kontratuetatik %95 izan ziren behin-behinekoak, eta haietatik %43, berriz, astebete baino gutxiagokoak.

Errealitate hori aldaezina dela ez dute onartu nahi gazteek, ordea. Ez denek, behintzat, eta, horregatik, Langileon Autodefentsa Sarea sortu du gazte mugimenduak, Iruñerrian. Langabeziak eta lan baldintza kaskarrek gogor jo dituzte gazteak, eta egoera horri aurre egiteko ordua dela nabarmendu dute, ondorioz. Aski dela erran dute. “Norbanakoen arazoei erantzun kolektiboa eman nahi diegu; erasoei aurre egiteko behar duten indarra eman langileei”. Gazteei, bai eta gazte ez direnei ere. Peoia altxatu da, eta bertze peoiak altxarazi nahi ditu, gainera.

Dani Lacalle eta Ibai Miranda dira sarean lanean ari diren gazteetako bi. Auzoz auzo eta herriz herri sortu nahi dituzte taldeak, merkatuaren gehiegikeriak sufritzen dituzten langileei babesa emateko. Apirilean hasi ziren gazteak proiektua mamitzen, eta inguruko eta urrutiko esperientziak baliatu dituzte sareari forma emateko. Konturatu dira prekaritatea ez dela bakarrik gazteen egunerokoa, batetik, eta, horregatik, argi utzi dute sareak langile guztiak hartu nahi dituela bere barnean. Bertzetik, nabarmendu dute sindikatuen eragin esparrutik at gelditzen diren egoerei egin nahi dietela so. “Ez da gure asmoa sindikatuekin lehiatzea; kontua da sindikatuak ez direla esparru guztietara ailegatzen, eta horietan eragin nahi dugu guk, enpresa handietatik kanpoko errealitateetan, alegia”, azaldu du Lacallek.

Gazteen mugimenduaren eta lan esparruaren arteko harremanari buruzko gogoetak ekarri du Langileon Autodefentsa Sarea. “Konturatu ginen gazteon ikuspuntua falta zela arlo horretan; gazteon artean ere klase kontzientzia falta dela ohartu ginen, gainera. Hamaika gizarte mugimendutan ari gara, baina lanaren esparrua borroka horretatik at uzten dugu, arlo horretan zer borrokatu ez bagenu bezala. Militanteak gara, baina ez enpresan”. Eta egoera hori irauli nahi dute gazteek.

Maiatzaren Lehenaren harira egin zuten lehendabiziko urratsa, hain zuzen ere. Sindikatuak izaten ohi dira egun horretako protestetako protagonista nagusi, baina aurten bere ekarpena egin nahi izan du gazte mugimenduak ere. Apirilaren 30ean karrikara atera ziren gazteak, ondorioz; manifestazioa egin, eta mahai gainean jarri zuten lanaren esparruko aldarrikapenei segida emateko beharra.

Lehen urrats horrek ekarri zituen bertze hainbat. Gogoeta prozesu sakonago bat egin zuten udako Gazte Boterea Eraiki izenburuko jardunaldietan, adibidez, eta Iruñeko sanferminetan, berriz, lan esplotazioaren aurkako kanpaina jarri zuten abian. Urrats horiek guztiek ekarri dute orain martxan jarri duten Langileon Autodefentsa Sarea. “Sanferminetako lan esplotazioak agerian utzitako baldintza kaskarrak ez baitira bakarrik bestetan gertatzen”. Aurreko asteburuan ere izan zuten gogoeta sakontzeko aukera, Euskal Herriko gazte mugimenduen autogestio topaketak egin baitzituzten Barañainen, eta parte hartu zuten sareko kideek.

Elkarlana oinarri

Iruñerriko bertze hainbat gizarte eragilerekin eta zenbait sindikatutako ordezkariekin bilerak egin dituzte Langileon Autodefentsa Sareko kideek jada. “Harrera ezin hobea egin digute denek”, nabarmendu du Mirandak. LAB, CGT eta CNT sindikatuetako kideekin egon dira, oraingoz. ELArekin ere bilera egiteko zain dira. Bertzalde, hipotekek kalte egindakoen plataformetako kideekin egon dira, bai eta SOS Arrazakeria taldeko arduradunekin ere, bertzeak bertze.

Izan ere, auzoetan eta herrietan, bertze gizarte taldeekin elkarlanean ulertzen dute beren eginbeharrekoa Langileon Autodefentsa Sarearen bultzatzaileek. Gehiago erran dute: “Ez dugu uste gureak kolektibo berri bat izan behar duenik; uste dugu bertze elkarte eta taldeetako kideek bat egiteko espazio bat eskaintzen ahal duela gure sareak; sinergia horiek bultzatzea dela gure lana”.

Asmoa da antolatzeko eta protesta egiteko zailtasunak dituen langileari baliabideak ematea, eta, batez ere, “babes soziala” eskaintzea. Hipotekek kalte egindako plataformen lana jarri du Mirandak adibide. “Auzoko plataforma auzo horretan aritzen da, baina baita bertzeetan ere. Elkarri babesa ematea da kontua”, nabarmendu du.

Bertze hainbat proiekturi egin diote so Langileon Autodefentsa Sareko kideek, beren egitasmoari azala eta mamia emateko. Bertzeak bertze, Bartzelonan sortutako auzo sindikatuei. Bartzelonako Una Posicio izenburuko aldizkarian azaldu dute sindikatu horien bultzatzaileek beren asmoa zein den: “Langile anitz bakartuta daude, eta egoera hori aldatzeko ordua da; mugimendu politiko eta sozialetatik behar dena egin behar dugu lan esparruko borrokak auzoen eta herrien esparrura itzultzeko; auzo eta herrietan aurkituko baitute lan baldintza prekarioak eta behin-behineko lanpostuak dituzten langileek behar duten babes soziala. Lan esparruan beldurra bazter utzi ahal izateko oinarriak ezarri behar ditugu”.

Ameriketako Estatu Batuetan sortutako elkartasun sareak ere aipatu dituzte Lacallek eta Mirandak. Seattle hirian garatu dira horietako hainbat, adibidez. Pertsonen arteko babes sareak sortu dituzte hiri horretan, lanaren esparruko edo etxebizitzen arloko bidegabekeriei elkarrekin aurre egin ahal izateko.

“Beldurra”

AEBetako elkartasun sareek eta Bartzelonako auzo sindikatuek zabaldutako mezuekin bat egin dute Langileon Autodefentsa Sareko kideek. Beldurraren auzia nabarmendu dute Lacallek eta Mirandak ere, adibidez. “Gurpil zoro baten gisakoa da errealitatea. Baldintza kaskarrenak dituzten langileentzat bereziki zaila da antolatzea; eta langileak antolatzen ez badira, are okerragoak izaten ohi dira haien lan baldintzak, are zailagoa beren egoera; babes gutxiago izaten dute langile horiek. Argi dugu egoera hori irauli behar dela, eta hori da sarearen helburua”, azaldu du Lacallek.

Horretarako, taldeen arteko sarea sortuz, hain zuzen ere, “presioa egitea” da gazteen xedea. “Auzi batek bide judiziala egin dezakeela uste badugu, sindikatuetara bideratuko dugu, guk baino gaitasun handiagoa baitute arlo horretan. Ez da hori gure lan arloa; gure zeregina da presio soziala egitea, lan baldintza kaskarrak jendaurrean salatzeko eta langileak bakarrik ez uzteko”. Martxan oraintxe jarri dira, baina sareko kideak hasi dira deiak jasotzen. Webgunea ere martxan dute, Langileautodefentsa.net helbidean.

Langile guztien alde egin nahi dute, baina gazte mugimendutik sortu den ekinaldia da sarea, eta, ondorioz, gazteei eragin nahi die, bereziki. Azken urteotan gazteon artean nolabaiteko “ezkortasun giroa” zabaldu dela uste dute Lacallek eta Mirandak. “Gazteok onartu dugu lanaren esparruan dugun egoera prekarioa. Ez da horren aurka egiteko beharrik sumatzen, eta ez da borrokarako esparrutzat hartzen”, nabarmendu du Lacallek; kezka agertu du egoera horri buruz. “Gazteek uste dute gazte garaiari dagokion egoera bat dela egungoa, izanen dutela gero bizitza osorako lanpostu bat, baina ez da egia; ez dugu bizitza osorako lanposturik izanen, eta prekaritatea lanaren esparru guztietan gertatzen da. Ez da bakarrik gazteon kontu”.

Lanari buruzko ikuspuntu hori aldatzea erabat beharrezkotzat jo dute Langileon Autodefentsa Sareko kideek. “Gazteontzat larria baita lanak prekario izan behar duela onartzea eta laneko arlo hori gure gizarte borroketatik bereiztea”, berretsi du Mirandak.

Lan baldintza prekario horiek hamaika aurpegi dituzte. “Beltzean kobratzen dira ordu anitz; ordu gutxirako kontratuak egiten dira; sinatutakoa baino gehiago lan egiten da, aparteko ordu horiek kobratu gabe; kontraturik gabe lan egiten da…”. Zerrenda luzea dela nabarmendu dute Mirandak eta Lacallek. Hala eta guztiz ere, egoera horiek salatzeko eta hutsean uzteko lan egiteko prest dira.

Lan horrekin, gainera, klase kontzientzia piztu nahi dute gazteen artean. “Konturatu behar dute egungo egoera lan munduaren ezaugarri nagusi bilakatu dela, eta horren aurka egin behar dugula. Ezin dugu gertatzen dena onartu”.

Sareko kideek onartu dute, halere, gazteek baino zailtasun handiagoak dituztela, anitzetan, adin bateko langileek. “Guk, finean, gurasoen babesa dugu; argi dago seme-alabak dituen 50 urte baino gehiagoko langilearentzat zailagoa dela lan baldintzen kontra protesta egitea”.

Protestarik gabe, ordea, egungo errealitatea betikotzeko arriskuak gora egiten du. “Gizarte mugimenduetako ekintzaile izateak eragina izan dezake lanaren arloan; ondorioak are larriagoak izan daitezke lanaren arlo horretan ari bazara. Horregatik da hain garrantzitsua presioa egiteko taldeak eta sareak sortzea, hain zuzen ere”, nabarmendu du Lacallek.

Iruñerriko beharginentzat “tresna eraginkorra” izan nahi du Langileon Autodefentsa Sareak, finean. Eguberrietarako bertze kanpaina bat prest dute jada, Enpresak gonbidatu, baina zuk ordaindu lelopean, enpresek antolatzen dituzten afarien harira. “Ezin dugu ahaztu gure nagusia ez dela gure laguna; nagusia gure lanaz baliatzen da”.