Iritzia: Urte berri berri

Jon Barberena

Hamabigarren mahats pikorra irentsi, eta urte berriak urte zaharra irentsi du. Sukaldeko dekorazioaren parte zen egutegia zakarrontzira bota, eta irudi berri batek eta zenbaki beltz eta gorri andanak estaliko dute pareta. Hainbertze bizipen utzi dizkigun urtea zokoratu, eta urte berrian iltzatuko ditugu begiak eta nahiak. Ez da helburu berririk faltako 2017an. Arimak pisurik ez duenez, haragiaren gramoetan eta kiloetan paratuko dugu arreta. Arimak ez du lekurik gurean. Elizak hustu eta gimnasioak bete zaizkigu azken urte hauetan; gorputza egurtuz eta gurtuz. Gerri-bueltan soberan dagoen haragiak konfesiorako aproposak ez diren bekatuek baino buruhauste gehiago sorrarazten digute. Gimnasioetako tramankuluak objektu sakratu ditugu, korrika egiteko zintaren soinu errepikakorra mantra belarriendako eta fedea argaltzeko botika miragarrietan edo ahoskatzeko hain zailak diren jarduera berrietan harrapatuko dugu. Stretching eta crossfit bezalako hitzak ez dira faltako erosi berria dugun agenda ñabarrean. Agenda betez eta potolotuz; gorputza hustuz eta argalduz.

Urte berriarekin batera, mingainak jatekoan ez dauden bertze zapore batzuk milikatu nahi ditu. Turroiaren gozotasunaz edo gintonic-aren garraztasunaz aspertu eta hizkuntza berrietan aurkitu nahi du plazera. Urtarrilak aniztasunera garamatza. Bidaiatu gabe, mugak hautsi eta hizkuntza berriak korapilatuko ditugu mingainean gure curriculumaren hobe beharrez. Comment allez-vous? I’m fine, thanks.

Hilabete hotz honetan, erronkak ez dira faltako euskaldunon artean. Norbere muga helmuga bihurtuz. Gero eta gehiago dira buruko argia paratuta arratsez entrenatzen dabiltzanak mendian ehun kilometrotik goiti egiteko, eta Quebrantahuesos proba bortz orduz egiteko asfalto beltzean bizi direnak.

Helburuak eta helmuga urrunak. Urtero paratuagatik, maiz bide erdian galtzen direnak. Ahoa promesez bete arren, gerora betetzeko ahulegiak gara nonbait. Jainkotutako gorputz eredu perfektua lortzeko kirola egitea edo curriculumaren hobekuntza, maiz, bete gabeko helburu bihurtzen zaizkigu. Gizarteak zoriontsu izateko paratu dizkigun langak dira horiek. Gizarteak errezetatutako eginbeharrak ditxosozko zoriona eskuratzeko. Erdietsi beharreko helburu indibidualak, bakar-bakarrik zapaldu beharreko helmugak. Gizaki sozialondako bakarkako kirol neketsu bihurtu da bizitza.

Horren narzisistak izan gabe, urte berriari taldean eskuratu beharreko desioren bat eska diezaiokegu. Gutitan aditzen ditut konpromiso sozialak dauzkaten nahiak jendearen solasetan. Adibidez, mintzalagun izan gaitezke gure herri edo auzoan; kooperante edo misiolari hegazkinik hartu gabe inguru hurbilean; edo euskaraz mintzo den egunkari bakarra, BERRIA, eros eta lagun dezakegu.

PD: Helmuga sozialak norbanakoaren helmugak direla idatzi dudalarik, mutiko gazte bat billabesatik jaitsi da, sakelakoa piztu, aurikularrak belarrietan paratu eta inguruko errealitateari eta estimuluei bizkarra eman die.

Urte berri on.