“Administrazioak ez du musika modernoa bere egin nahi izan”

“Administrazioak ez du musika modernoa bere egin nahi izan”

Edurne Elizondo

Nafarroako Ganbera Abesbatzaren barruan sortutako azken taldea da Jazzy Leap. Arlo klasikoa jorratzen duen abesbatzarekin batera, Michael Navarrus kapera errenazentista ere jarri du martxan erakundeak. Musika modernoaren esparruko Jazzy Leap taldeak duela bost urte hasi zuen bere bidea. “Proiektu heldua” da jada, erakundeko kudeatzaile Iñigo Osesen hitzetan (Iruñea, 1982). 80-100 pertsonak osatzen dute Nafarroako Ganbera Abesbatzaren familia.

Nola sortu zen diskoa grabatzeko dirua Verkamiren bidez lortzeko ideia?

Krisi ekonomikoak eztanda egin baino lehen, gurearen gisako erakundeek diru laguntzak jasotzen zituzten lanak grabatzeko. Laguntza horiek berez saritzen zuten bertako egileen lanen berri ematea. Aita Donostiaren musika profanoa grabatu dugu, adibidez, euskaraz. Krisiarekin, ordea, laguntza horiek desagertu ziren. Orain berriz hasi da gobernua laguntzak ematen, baina guk ez dugu jaso. Finean, Jazzy Leap taldeak ez du hemengo egileen lana zabaltzen. Bertze mota bateko proiektu bat da. Egia da, halere, hemengo musikarien lanari duen balioa ematen diola, eta musikaren moldaketa guztiak, adibidez, Andoni Erzillarenak dira.

Laguntzak emateko baldintzak zurrunegiak direla uste duzu?

Nafarroako Kulturaren Kontseiluan, adibidez, musika modernoa ordezkatzen duen kiderik ez dago. Horrek anitz erraten du. Administrazioak ez du musika modernoa bere egin nahi izan, eta nik uste dut hori huts handia dela; hutsegite bat dela duen balioa ez aitortzea. Gure helburuetako bat da jazz musikari, konpositore eta abeslariei aukera bat ematea, irtenbide bat. Gehienak atera dira Nafarroako Musika Kontserbatoriotik; bakarrenetako bat da, publikoa izanda, jazz espezializazioa eskaintzen duena. Gobernuak berak babesten duen jarduera batekin egiten dugu bat. Halere, ez dugu horrekin tematu nahi. Horregatik erabaki dugu behar dugun dirua geure kabuz lortzea. Publiko fidela badu Jazzy Leapek. Haien babesa jasotzea espero dugu.

Taldearen lehendabiziko lana litzateke.

Bai. Bost urteko bidea egin dugu jada. Abesbatzaren barnean sortu den azken taldea da, eta iruditzen zaigu disko horrekin ziklo bat itxiko dugula. Bost urteotan maila ederra erakutsi dugu, eta proiektu heldua lortu dugu. Argi dugu oraingoa dela diskoa grabatzeko garaia. 40 kontzertu baino gehiago eman ditu taldeak jada.

Bost urteko bide hori nola hasi zen?

Nafarroako Ganbera Abesbatza da oinarria. Hamar urte beteko ditugu 2018an. Iruñeko Ganbera Abesbatzak David Guindano kaleratu zuen. Hura da gure zuzendari artistikoa. Harekin batera, abesbatza amateurreko kideetatik %95ek utzi zuten taldea, eta horrela sortu zen Nafarroako Ganbera Abesbatza. Duela bost urte sortu zen Jazzy Leap. Andoni Erzilla da zuzendaria. NUPen musika modernoari buruzko hainbat ikastaro egin zituen, eta, jarduera hori oinarri hartuta, taldea sortu genuen. Jazzak bide garrantzitsua egiten ahal zuela iruditu zitzaigun, eta horri heldu genion.

Abesbatzaren kultur izaerarekin batera proiektuak duen arlo soziala nabarmendu izan duzue beti. Zergatik?

Diru laguntzak jasotzen dituen taldea izanda, argi izan dugu beti jasotako hori itzuli behar geniola gizarteari. Itzultzen diogu gure lanaren bidez, bertako egileen lana zabalduz, adibidez; baina bertze urrats bat egin nahi izan dugu guk, eta elkarlanaren bidetik aritu gara. Proiektu bat dugu, adibidez, Ugandan, musika eskolen bidez gerraren ondorioei aurre egiteko.

Zaila da publikoa erakartzea kontzertuetara?

Nik uste dut Nafarroan musikaren arloko heziketa badela. Herritarrak trebatuta daudela. Arazo nagusia da, nire ustez, dena doan eskaintzeko kultura nagusitu dela. Krisiak eztanda egin zuenean, murrizketak hasi ziren esparru guztietan, eta inon baino lehenago kulturaren arloan. Deus gabe utzi gintuzten. Horrek ekartzen du nork bere bidea egin behar duela, nork bere diru sarrerak bilatu behar dituela. Kontzertuak doan eskaintzen genituenean, aretoak lepo betetzen ziren. Interesa badelako. Baina ordaindu behar denean, anitzez ere jende gutxiago etortzen da. Jendea ez dago ordaintzera ohituta. Publikoa bada, baina denak ez daude ordaintzeko prest.

Inork ez du zalantzan jartzen zinemara joateko sarrera ordaindu behar izatea; zergatik ez da berdin gertatzen zuenaren gisako taldeekin?

Halakoak inoiz ez direlako doan izan. Zinemara edo Anaitasunako kontzertu batera joateko beti ordaindu behar izan dugu. Musika klasikoarekin ez da berdin gertatu. Doan eskaintzea izan da suizidio bat musika mota horrentzat. Duela gutxira arte, nork ordaintzen zuen abesbatza baten kontzertura sartzeko? Duela lauzpabost urte gu izan ginen sarrera kobratzen lehenak. Eta bertze abesbatzen kritikak jaso genituen, jendaurrean. Hori egiten ez badugu, gure proiektua pikutara doa. Baliabide propioak behar ditugu aurrera egin ahal izateko. Guk Baluarte alokatzen dugu Encantando izeneko gure denboraldia eskaini ahal izateko.

Hilaren 29an duzue hurrengo kontzertua Baluarten.

Euskal kantak izeneko emanaldia eskainiko dugu. Aita Donostiak jasotako lanak emanen ditugu, Amaia Zubiria abeslariarekin. Gitarrarekin joko ditu Zubiriak. Abesbatzak, gero, Aita Donostiak egindako harmonizazioekin eskainiko ditu, eta, azkenik, Jazzy Leap taldeko kideek jazz kutsu batekin emanen ditu. Nor garen erakutsi nahi dugu, eta abesti batek egin dezakeen bidea azaldu publikoari.

Erraza da jende gaztea Baluarteren gisako egoitza batera erakartzea?

Gakoa da zure lana behin entzun dezatela lortzea. Jazzy Leap taldearen kasuan, publiko zabalagoa dugu, eta jende gazte anitz etortzen da. Gure asmoa da erakundean ditugun taldeek beren publikoa partekatzea; hau da, talde baten bidez bertze taldeetara ailegatzea jendea. Iaz, adibidez, Diabulus in Musica taldearekin kontzertu bat eskaini genuen. Talde nafarra da, eta rock sinfonikoa egiten du. Hemendik kanpo arrakasta handia dute. Kontserbatorioko orkestrarekin eta gure abesbatzarekin aritu ziren. Eta sekulakoa izan zen! Halako proiektuak egin nahi ditugu. Jende gaztea erakarri. Haiek dauden tokietara joan beharko dugu hori lortzeko. Erakundea sendotu nahi dugu, lehendabizi, eta urratsak egiten jarraitu, gero.