Iritzia: Ateak nola ireki

Tania Arriaga Azkarate

Bazen behin hurbileko erreinu bat non erregeak, bere kortesano tripazorro, bihozgabe eta krudelekin, herritar txiroen uztak lapurtu, eta bizitzak ankerkeriaz gobernatzen zituen. Gortesauen arbasoen asabek, jendearen artean izua zabaltzeko, milaka legoa hartzen zituen gotorleku ilun bezain erraldoia eraiki zuten. Herritar guztiek zekiten gazteluak aztikeria franko ezkutatzen zituela. Eraikin hori, oraindik ere, zirudiena baino okerragoa zen! Harresietara hurbilduz gero, norberaren azalean orban ezabagaitzak agertu, hitzek esanahiez aldatu eta, deskuidatuz gero, hormen artean harrapaturik gerta zintezkeen; errekarriak landuzko harri eta harri artean gelditzen diren moduan. Bi munduren artean bizi diren bele beltz bihotz xurik herritarrak karranka uxatzen zituzten handik.

Nolanahi dela, gotorlekuaren alderdirik gordinena horma zorrotzen gainean eta haize izoztuen azpian zutitutako torretak ziren, 366 hain zuzen ere. Dorre estu, hotz, umel, zahar, triste eta itxi bakoitzak preso bat ezkutatzen zuelarik. Preso bat eta bakarra. Ziegak hain ziren txiki ezen urrats bat besterik ezin baitzen egin; argia hain zen urri ezen izpi ziztrinen bila betileak amaigabe luzatzen baitziren; hain zeuden altu eta urrun ezen, garai batean, senideek abestutako kantak ere ez baitzituzten entzuten. Besteak beste, zoritxarreko gazteluak presoen senitartekoak hilik nahi zituelako. Tokiek begizkoa eginen balute, bisitari tristeok jota egonen lirateke, gogor alabaina egiten zioten aurre.

Egun hotz bezain argi batean, lurrikara arrosa eta kantari batek gotorlekua funtsetaraino dardaratu zuen. Astinaldi bakoitzak melodia zahar eta alai baten hotsa zekartzan. Halere, lurrazalaren mugimendua beti beldurgarria da, baita eraikuntza hautsien pitzaduretatik sonatarik goxoena sortzen bada ere. Musikaren eraginez, ordea, presoak ziegetako hormetan ate berriak sumatzen hasi ziren: batean txikia eta estua, bestean kristalezkoa eta zabala, borobila kisketarekin, heldulekurik gabe gehienak baina denak ate, betiere. Lurrikara laster gelditu zen; kantak, ordea, presoen eztarrietatik jalgitzen segitu zuen. Gorua haria sortzeko edo errodontxoa lurrera eror ez dadin etengabe biratzen mantendu behar den bezala, kanta indartsua ezin zen itzali, albokaren muina baitzeraman asmoan. Izan ere, abesten zuten bitartean, hormetan herabeki agertutako ateak irekitzen hasten baitziren. Gatibu bakoitzaren ekarpena derrigorrezkoa zen baina ez nahikoa. Ate bakarra zein 366ak zabaltzeko, atxilo guztiek aho batez heldu behar zioten eresiari, abesbatza sakabanatu baina afinatuan. Lotutako guztiek eta haiek maite dituztenek (ama, aita, ahizpa, arreba, semea, anaia, alaba, auzokidea, laguna), denak batera, ateak ireki arte, ozen.

Larunbatean, Bilbon, 17:30ean hasita, eztarria eztitu eta ziega bakoitzean gure aldarria entzuteko moduan, kantatuko dugu: “Lur zatitu honetan/ itxaropen doinu hau/ hegalean zabalduz goaz/ kimu berriak landatuz/ bide zail luze honetan” (Ken 7). Ipuin hau Josune Arriagari eskaini nahi diot, Topasko (Salamanca) kartzelan lotua.