“Teknologia eskura dugu, baina mapak eta iparrorratza ere behar dira”

“Teknologia eskura dugu, baina mapak eta iparrorratza ere behar dira”

E. Elizondo

Mendia ongi ezagutzen du Koldo Aldaz mendizale eta mendi gidariak. Neguan ere tontorrez gozatzeko aukera badela nabarmendu du, baina neurriak hartu behar direla berez sor daitezkeen arrisku egoerak bazter uzteko.

Arriskua mendizaletasunaren parte da?

Mendiak beti badu arriskua. Bertze hainbat kirol jarduerak edo bizitzak berak bezala. Kontua da gure esku dagoen guztia egitea arrisku hori ahalik eta txikiena izan dadin. Halere, beti izanen da istripuren bat gertatzeko aukera. Jarduera horrek berez duen arriskuaren parte da hori.

Oro har, hartzen ditugu arrisku egoera horiek ahal den neurrian bazter uzteko neurriak?

Nik uste dut arrisku nagusia dela mendira ateratzen diren anitzen ezjakintasuna. Horrek ekartzen ahal ditu arrisku handiko egoerak. Gero eta jende gehiago joaten da mendira, eta, ondorioz, behar diren neurriak hartzen ez dituen gero eta jende gehiago dago. Larrialdi zerbitzuen esku hartzea halako egoerek eragiten dute, batez ere, estatistiken arabera.

Mendiaz goza daiteke neguan?

Bai, noski. Kontua da behar bezala prestatzea, eta behar dugun informazioa jasotzea. Elur-jausiak gertatzeko arriskuaren maila 2koa edo 3koa bada, adibidez, haranean paseoa eman dezakegu.

Nolako informazioa behar dugu?

Nonbaitera joan baino lehen ongi ezagutu behar dugu egin behar dugun bidea; jakin behar dugu seinaleak badiren edo ez; zer-nolako eguraldia izanen dugun… Gaur egun, Interneten bidez, ibilaldi anitzen informazioa jaso dezakegu, baina garrantzitsua da informazio hori mapa batekin alderatzea.

Teknologia ongi erabiltzen jakitea garrantzitsua da?

Internetetik ibilbide baten berri jasotzen dugunean gerta daiteke informazioa ez izatea zehatza. Gerta daiteke, halaber, ibilbidea egokia izatea udan egiteko, baina ez negurako, adibidez. Ez da nahikoa GPSa piztea eta hari jarraitzea. Teknologiak izan behar du baliabide bat guretzat.

Zer erran nahi duzu?

GPSa erabiltzeko modurik egokiena da bizkar zorroan sartzea, itzalita. Lainoak hartzen badu ingurua, edo arazoren bat sortuz gero, orduan erabili behar da. Sakelakoak ere ematen du aukera Whatsapp bidez gure koordenatuen berri emateko. Horretarako aplikazioak ere badira, adibidez Alpify. Elurra dagoenean bertze hainbat gailu ere erabiltzen ahal ditugu.

Zeintzuk, adibidez?

Hagitz garrantzitsua da ARVA elur-jausien biktimak bilatzeko aparatua eramatea, bai eta pala eta zundatzeko makila ere. Prestatzea ere funtsezkoa da. Jakin behar dugu gailu horiek nola erabili. Mendira ateratzen garenean ere, adibidez, ez da nahikoa kranpoiak eta pioleta eramatea, erabiltzen jakin behar dugu. Teknologia eskura dugu, baina bizkar zorroan mapak eta iparrorratza sartzea ere funtsezkoa da.

Zer gehiago?

Berotzeko arropa, jatekoa, manta termikoa, botikak, pilak. Eguraldiari buruzko informazioa jasotzea ezinbertzekoa da.

Federatuta egon behar da?

Hori hagitz garrantzitsua da. Istripua duena elkartasunez artatzeko modu bat da. Eta aukera ematen dizu aseguru on bat izateko, prezio on batean. Nafarroan, 10.000 baino gehiago gara.