Iritzia: Egun bakarrean

Lur Albizu Etxetxipia

Joan den astean, egun bakarrean, Euskal Herrian bortxazko bi hildako gehiago genituela jakin genuen: prekaritatearen 2017ko bigarren biktima zen bata, janari azkarreko enpresa bateko langile gaztea. Semeak hildako emakumea bestea. Egun bakarrean. Gorlizen eta Portugaleten. Euskal Herrian, 2017an. Bi hildako.

Iritzi-artikuluak han-hemen —nik ere ezin izan diot tentaldiari eutsi—, mota guztietako eragileen adierazpenak. Protokoloak martxan, mobilizazioak abian, protestak. Sumindura eta samina. Sareak sutan.

Askotan, beldurtu egiten nau horrelakoak gertatzen direnean —gertatzen esan dut, kasualitatea balira bezala, erantzulerik ez balego bezala— dugun jokatzeko moduak. Sumindura, tristezia, amorrua… egun bateko kontuak izaten direla iruditzen zait, Twitterreko eguneko trending topic-ak. Biharamunean, ezer gutxi. Batzuetan, ezer ez. Eta aurrera jarraituko dugu —eta jarraitzen dugu— bizitzarekin. Ezer gertatu ez balitz bezala.

Baina gertatzen da. Askotan gertatzen da, gehiegitan. Ahaztu egiten zaigu eguneroko kontua dela hau; testu hau idatzi eta publikatzeko tartean agian beste langile (gazte)ren bat, beharbada beste emakume bat gehiago faltako direla gure artean. Ahaztu egiten zaigu hau idazten ari naizen bitartean hemendik ez hain urrun itotzen ari direla beste batzuk itsasoan, beste batzuk hotzak akabatuko dituela eta etxetik gertu, agian, imajinatzen ez dugun arren, bizilagunen bat berogailua piztu ezinik ibiliko dela.

Eta ez ditu hotzak hiltzen. Ez ditu ez hotzak, ez laneko motorrak, ez labanak hiltzen. Ezta itsasoak ere. Osotasunean ulertu beharko genituzke heriotza hauek, heriotza hitza erabiltzeari utzi eta hilketez hitz egiten hasteko. Beharbada ez da egun bakarreko amorrua, tristezia eta haserrea izanen, hilketez mintzatzen hasten garenean. Agian ulertuko dugu sistema oso baten, sistema oso batzuen ondorio direla hilketa hauek.

Prekaritateak, presak, lan baldintza kaskarrek hil dutela gazte langilea; janari azkarreko enpresa azkar eta prekarioak. Emakume izateagatik hil dutela emakumea; horregatik bakarrik. Itsasoan ez direla ito: ihes egin behar izateak, mugen ixteak, gobernuen konplizitateak eta politika oso batek hiltzen dituela; milaka direla eta ez dela kasualitatea egunero gertatzen ari dena.

Agian planteatu beharko genuke zein den honen guztiaren norabidea eta zeintzuk diren kausak eta ondorioak. Planteatu beharko genuke zer egin sistema kapitalista honek hiltzen gaituelako, patriarkatuak hiltzen gaituelako. Heriotza-hilketa asko, gehiegi eragiten dituztelako. Planteatu beharko genuke, beharbada beste zerbait nahi dugulako. Agian imajinatzen dugun jendartea beste bat delako. Eta horren alde lan egiteko prest daudenak, gaudenok, agian uste dugun baino gehiago garelako. Agian ezin dugulako gehiago itxaron —zeren zain gaude?—. Ez genukeelako itxaron behar. Egun bateko haserrea eguneroko lana bilakatuko bagenu, gauza txiki eta handi asko aldatuko liratekeelako. Beharbada.