Bakardadea hausteko paretak

Bakardadea hausteko paretak

Edurne Elizondo

Zuri ere gertatzen ahal zaizu. Horixe irakur daiteke Iruñeko Alde Zaharreko karrika bateko kartel batean. Karrika bera etxe duen gazte batek idatzi du, kartoi baten gainean. Lurrean jarri du; bere aurrean. Toki batetik bertzera mugitzen diren herritarrek irakur dezaten. Marinek nahiago du Merindadeen plaza. Eserita egiten die so aurretik pasatzen direnei. Gutxi batzuek utzi dizkiote hainbat txanpon. Eskuak tapatzen saiatu da, hotzak hartu baitu. Zigarreta ezpainetik kendu gabe mintzatu da. Errumaniatik etorri zen Iruñera, duela sei urte, eta lau seme-alabaren aita da. Baina emaztea falta du orain. “Duela zazpi hilabete zendu zen”. Belztu zaio keinua Marini, kontatu duenean. “Ez dut karrikan lo egiten”, zehaztu du.

Hiria bera etxe dutenak ongi ezagutzen dituzte Patxi Martinez eta Esther Villar Iruñeko Udaleko hezitzaileek. Hiria lantoki dute haiek, eta etxerik ez dutenei babesa eta laguntza ematea da haien egitekoa. Errateko dutena entzutea; medikuarengana laguntzea. Karrikan inor ez bizitzea da beren azken helburua. Asmo hori ez da oraindik errealitate bilakatu, ordea. “Karrikan lo egiten dutenak hogei pertsona inguru badira egun Iruñean”, azaldu du Martinezek. Zubien azpian eta banketxeetako kutxa automatikoentzako espazioetan bilatzen ohi dute aterpe, hotzak gogorren jotzen duenean. Joan den azarotik, Hotzaldi izeneko programa martxan du udalak. Aurtengo negua bereziki gorria izaten ari da, tenperaturak nabarmen egin baitu behera azken asteotan. “Karrikan diren guztiek badute aukera lo egitera udalaren aterpera joateko”, erran du Villarrek.

Hotzari ez ezik, bakardadeari aurre egiteko paretak ere badira egoitza horretakoak. “Hondoa jo duten pertsonak etortzen dira gurera”, nabarmendu du udalaren etxerik ez dutenentzako zerbitzuko koordinatzaile Ruben Unanuak. Xilema fundazioko kide da, erakunde horrek kudeatzen baitu zerbitzua, 2010etik. Gora egin du aterpeko erabiltzaileen kopuruak, azken egunotan, hotzaren ondorioz.

Etxerik ez dutenentzako egoitzan bi programa daude martxan. Erabiltzaile ibiltariena da bat; hau da, Iruñean erroldatuta ez daudenena. Horiek aterpean hiru gau pasatzeko eskubidea dute, urtean. Gisa horretako 25 toki ditu aterpeak. Erabiltzaileek gosaria, bazkaria eta afaria hartzen dute; garbiketa zorroa ematen diete, gainera, bai eta arropa garbia ere, behar badute.

Urtean, 1.300 baino gehiago

Unanuak argi du urtean hiru gau ematea ez dela irtenbiderik onena karrikan bizi direnentzat. Aterpe gehienetan horrela jokatzen dute, ordea. Horrek ekartzen du etxerik ez duen jende anitz hiri batetik bertzera mugitzen ibiltzea. “Sistema horrek karrikan bizi direnen deserrotze prozesua areagotu bertzerik ez du egiten”, aitortu du Unanuak. Horregatik, erabiltzaileak nor bere hiriko zerbitzuetara bideratzen saiatzen dira aterpeko langileak, eskura dituzten zerbitzu guztiak balia ditzaten.

Zehaztu du, hala ere, hiru gau horiek luzatzeko aukera ere badela. Azken egunotako hotzagatik, adibidez, edo erabiltzaileren bat gaixo dagoenean. “Gizarte langileak baloratzen ditu kasu guztiak, eta, egun gehiago behar badira, hartzen dira”.

Urtean, 1.300 pertsona inguru hartzen dituzte Iruñeko aterpean erabiltzaile ibiltarientzat duten programan. Baldintza bakarra bete behar dute egoitzan sartzeko: “Egun horietan ezin dute alkoholik edo bertzelako substantziarik kontsumitu”. Aterpearen babesa bilatzen duten erabiltzaile gehienek badituzte kontsumo arazoak, edo buruko gaitzek eragindakoak. “Bi egoera horiek nahasi egiten dira, gainera, kasu anitzetan”.

Aterpeko bertze programa hirian erroldatuta daudenentzakoa da. Horretan ere 25 toki daude. Sei hilabetez egon daitezke erabiltzaileak, gehienez. Epea, halere, malgua da, kasu honetan ere. “Esku-hartze programa bat dugu erabiltzaile horiekin. Asmoa da kontsumo arazoak badituzte horiei aurre egitea, bazter utzi ahal izateko. Horretarako prest badira, programaren bigarren fasean etxebizitza, enplegua edo osasuna lantzen ditugu erabiltzaileekin”. Helburua, betiere, aterpera joaten direnak sartu baino hobeki ateratzea da.

Iñakik argi du bere kasuan hala izanen dela. Sartu baino anitzez hobeki aterako dela. Oraindik ez daki noiz utziko duen aterpea, halere. Urrats anitz egin ditu, baina argi du oraindik ez dela ateratzeko prest. Duela bi hilabete luze ailegatu zen aterpera. “Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu karrikan bizitzen egoten ahal nintzela. Banuen lana, banuen etxea, banuen dirua. Baina, kontsumitzen hasi, eta dena pikutara joan zen”. Prozesu horretan familia eta lagunak galdu zituen Iñakik. Bakarrik gelditu zen. Iazko irailean jo zuen hondoa. Karrika bilakatu zen haren etxe. Urrian, kutxa automatiko baten ondoan aurkitu zuten udaltzainek. “Aterpera ekarri ninduten. Existitzen zenik ere ez nekien”, azaldu du Iñakik.

Anitz ikasi duela nabarmendu du. Eta orain ongi dagoela. “Hondoa jo, eta gora egin dut, berriz ere”. Aterpeko errealitatea zaplazteko baten gisakoa izan zela aitortu du, halere: “Ni gaizki nengoela uste nuen, baina ni baino okerrago dago jende anitz”.

Duena baloratzen ikasi duela gaineratu du Iñakik. Aterpeko hainbat lan egiten ditu, soldata txiki baten truke. “Aterpe barruko garbiketa lanak eta gisakoak egiteko aukera eskaintzen diegu erabiltzaileei”, azaldu du Unanuak. Helburua da autonomia eta autoestimua lantzea, bertzeak bertze.

Iñakik, gainera, soldatzaile gisa aritutako urteek emandako esperientzia baliatu ahal izan du aterpean. “Hainbat ikastaro eta azterketa eginez, titulu bat lortzeko aukera izan dut”. Enplegu bat lortzeko zain da orain.

Aterpetik berriz ere etxe batera ateratzea hartu du helburu Iñakik. Prozesu horretan dago. Bertze hainbat arlo ere ari da lantzen. “Guregana etortzen diren pertsonek harremana galdu izan ohi dute familiarekin edo lagunekin. Aukera badugu, harreman horiek berreskuratzen saiatzen gara; erabiltzaileek lehen zuten sare hori berriz ere osatzen”, azaldu du Unanuak. Iñaki ari da horretan. Aitortu du ez dela batere erraza. “Lehendabizikoz bat egin genuenean, hotza izan zen harrera”. Ez du amore eman, halere. “Eguberrietan eman nuen gau bat gurasoekin”, azaldu du, hasieratik erakutsi duen irribarrea galdu gabe.

Gero eta gazte gehiago

Bertze erabiltzaile batekin partekatzen du Iñakik gela. Goizez, garbiketa lanen erritmoak markatzen du aterpeko giroa. Atarian bat egiten dute anitzek, zigarreta erretzera ateratzen direnean. Bertze zenbaitek eraikineko kanpoko aldean erabiltzaileen lagun diren animalientzat dagoen esparrura egiten dute eguneko lehen bisita. “Badugu toki bat animalientzat; kasu anitzetan, animalia horiek dira erabiltzaileek duten familia bakarra”, nabarmendu du koordinatzaileak.

Erabiltzaile horien artean, %90 gizonezkoak dira, eta gehienak, 35-45 adin tartekoak. Gazteen kopuruak, halere, gora egin du azkenaldian. Horixe nabarmendu du Unanuak, kezkaz. “18-24 adin tartekoak erabiltzaileen %3 ziren 2012. urtean; 2016an, berriz, %9,5”. Gorakada hori zerk bultzatu duen ez dute argi aterpeko arduradunek. “Aztertu beharra dago zer gertatzen ari den, erantzun ahal izateko”. Unanuak errandakoa berretsi dute Martinezek eta Villarrek. Karrikan ere gero eta jende gazte gehiago ikusten dutela nabarmendu dute, kezkaz, haiek ere.

Ez da hezitzaileen kezka bakarra. “Egunotako hotza handia da, baina, halere, zenbaitek nahiago dute karrikan gelditu”, azaldu du Martinezek. Aterpera joan eta gero, handik karrikara itzultzea erabaki dute zenbait erabiltzailek ere, Unanuak erantsi duenez. “Hemen egitura bat eskaintzen diegu; gutxieneko zenbait arau. Horrek on egiten die anitzi; bertze zenbait, berriz, erosoago daude karrikan eta bakarrik, nahi dutena egiten”.

Karrikako egunerokoa, halere, ez da erraza. Unanuak nabarmendu du kalea etxe duten gehienek sufritu izan dituztela erasoak eta irainak. “Gizartearentzat ikusezin izaten dira; eta, ikusgarri bilakatzen direnean, ez da onerako izaten”.

Estigmak eta aurreiritziek duten indarra ongi ezagutzen dute Martinezek eta Villarrek. Osasun arloko errealitatea jarri dute horren adibide. “Karrikan bizi den norbaitek hagitz gaizki egon behar du ospitalera bere kabuz joatea erabakitzeko”, azaldu du Villarrek. Egiten dutenean, ez dute beti arretarik egokiena jasotzen. “Lehenbailehen eman nahi izaten diete senda-agiria”, erantsi du Martinezek. Karrikan bizi direnak bakarrik egoten ohi direla berretsi du, eta ospitalean nork lagundu ez izateak anitz zailtzen duela gaixo horien egonaldia. “Gauzak bertze modu batera egin beharko lituzkete, pertsona horiek behar bezala artatzeko”.

Bada sendatu nahi ez duenik ere. “Halaxe erraten digute. Hil arte zain egon bertzerik ez dutela nahi”. Hori gogorra dela aitortu dute hezitzaileek. Baina errespetua zor diotela nork erabakitakoari. “Eskura dituzten baliabideak eskaini bertzerik ezin dugu egin”. Lagundu, entzun, babestu. Karrika beti baita hotz.