“Ahantzarazitako oroimena gizarteratu behar dugu”

“Ahantzarazitako oroimena gizarteratu behar dugu”

Kattalin Barber

Ameriketako Estatu Batuetatik etorri da Iruñera Jacqueline Urla antropologoa (Kansas City, Missouri, AEB, 1956). Uste du Erorien Monumentua ez dela behera bota behar, eta “kontzientzia leku” bilakatu beharko luketela espazio hori. “Biktimak aitortzea beharrezkoa da, baina beste urrats bat egin behar dugu: frankismoaren historia gizarteratu behar dugu”, nabarmendu du AEBetako antropologoak.

Oroimen historikoa ikertzen ari zara. Zergatik?

Urteak daramatzat memoria historikoaren gaiarekin interesaturik. Nire aitona 1936ko abuztuaren 23an fusilatu zuten, Bardeako Valcaldera eremuan, beste 51 lagunekin batera. Orain dela zortzi urte hasi nintzen horri buruz galdezka. Familiakoek bagenekien fusilatu zutela, baina ez genekien beste ezer, ez genuen bestelako daturik. Interesa dut gizarte mugimenduetan, eta orduan hasi nintzen harremanetan jartzen Nafarroako memoria historikoaren esparruan lanean ari diren elkarteekin.

Zure aitonaren gorpuzkiak oraindik ez dituzue aurkitu. Nola bizi izan du zuen familiak egoera hori?

Hasieran, Navarra 1936: De la esperanza al terror liburuan agertzen zena bakarrik genekien. Gure familiarentzat, liburu hori oso argigarria izan zen. Ondoren etorri zen detektibe eleberritzat har daitekeena: Valcalderan ez zen hilotzik aurkitu. 1959. urtean, gorpuzki guztiak atera, eta Madrilgo Erorien Haranera eraman zituzten. Valcalderako sarraskian hil zituztenen 52 gorpu horiek, ordea, desagertuta daude oraindik gaur egun.

Familia erbesteratu egin zen. Nola ikusten da auzia atzerrian egonda?

Guztiontzat shock bat izan zen gertatutakoa. Min egiten du jakiteak zure aitona diktadoreen aldeko monumentuan hobiratu dutela. Familiarentzat iraina izan da hori. Nafarroako familia batzuek gorpuzkiak atera zituzten Erorien Haranetik, baina beste batzuk desagertu egin ziren. Iruñekoekin inork ez daki zer gertatu zen. Horrek guztiak agerian uzten du estatuaren utzikeria. Nola da posible hori gertatzea? Ez da egon aitortzarik orain gutxi arte.

Nafarroan ugaritu egin dira oroimen historikoaren aldeko saioak. Urratsak egiten ari dira?

Bai, pozgarria da hori. Pentsa: orain dela urte batzuk, ez genekien Valcaldera non zegoen ere, eta han ez zuen inon jartzen han jazotako sarraskiari buruzko deus. Egiak asko laguntzen du zauriak sendatzen. Guztiz eskertzen dut hemengo elkarteek memoriaren alde egin duten eta egiten duten lana. Eredugarria da, guztion historia jaso eta biltzen ari baitira elkarte horiek. Pertsona askoren ahaleginari esker lortzen ari da hau guztia. Gainera, uste dut orain gehiago hitz egiten dela gaiari buruz.

Txikitatik gaiaz hitz egiten zenuten etxean?

Guk ez genuen hemengo errepresioa bizi izan: AEBetan geunden. Baina frankismoaren eragina gurasoengan ikusi genuen guk: familia zigortuta, baztertuta zegoen, eta kexatu ezinik, gainera. Bakarrik irentsi eta irentsi, besterik ezin zuten egin. Gure familiaren bizitzak ez zuen inporta. Ez genuen beldurrik gaiari buruz hitz egiteko, baina, aldi berean, ez genuen auzi horri buruz norekin hitz egin ere. Familia sakabanatuta zegoen, eta, ondorioz, sustraiak galdu genituen. Harrigarria dirudien arren, bizi ginen eremuan inork ez zekien ezer 1936ko gerrari buruz. Hortaz, ezin genuen gure esperientzia inorekin partekatu, eta bakarrik gure artean hitz egiten ahal genuen. Gure identitatearekin lotutako zerbait zen.

Emilio Mola eta Jose Sanjurjo militar kolpisten gorpuzkiak Erorien Monumentuko kriptatik atera zituzten iaz. Hori egin eta gero, mahai gainean dago eraikin horri buruzko eztabaida. Zer egin behar da monumentuarekin?

Hasteko, nik uste dut oso aberatsa eta interesgarria dela monumentuari buruzko eztabaida bera piztea. Gai horren inguruan ideiak eta proposamenak trukatzea oso aberasgarria da, ados jarri ahal izateko. Ez dago bide zuzena, noski; herriak erabakitzen duen bidea eginen da. Baina uste dut zaila izanen dela bide hori. Izan ere, hemen ez dago adostasunik 1936ko gerra eta diktadura zer izan ziren zehazteko orduan ere.

Zergatik ez da lortu adostasuna?

Hemen, diktadurak iraun egin zuen, ez Alemanian bezala. Hitler garaitu egin zuten; Franco, berriz, ez. Nolako trantsizioa egon zen, horrek zerikusia izan zuen. Jende askok ez zuen atzera begiratu nahi izan. Ez da egon gizarte gaitzespenik, ezta zigorrik ere. Horregatik, oraindik ere gai delikatua da. Eta horregatik, era berean, 40 urte geroago, hemen gaude, Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egin pentsatzen.

Pedagogia egitea beharrezkoa da?

Orain garai ona da gaiari heltzeko, nire ustez. Gure iraganak eragina du gaur egunean, eta horren jabe izan behar dugu, halabeharrez. Uste dut beharrezkoa dela beste urrats bat egitea. Beharrezkoa da biktimak aitortzea, eta gorpuzkiak ateratzea. Funtsezko lana da. Baina, horrez gain, frankismoaren historia gizarteratu behar dugu. Ahantzitako eta ahantzarazitako oroimena gizarteratu behar dugu, baketze eta adiskidetze bidean balio duelako. Isiltasunak kontrakoa eragiten du. Oraindik, Nafarroan kosta egiten da gaia gizarteratzea, baina ahaleginak egiten ari gara, eta hori sustatu nahi dute memoria historikoaren elkarteek, hain zuzen ere.

Frankismoa gizarteratzeko balio dezake Erorien Monumentuak?

Nik uste dut hemengo herritarrek erabaki behar dutela zer egin monumentuarekin, eta ez kanpoan gaudenok. Hala ere, nik kontzientzia leku baten alde eginen nuke. Frankismoaren museoa egitea proposatuko nuke nik, eta, horrela, auzia gizarteratzea.

Badira gisa horretako beste hainbat toki.

Bai. Gernikan bertan eta beste hainbat herrialdetan egin dituzte gisakoak. Ezagutarazi behar dugu gertatu zena, eta horretarako balio dute halako tokiek. Ez dakit herritarrak hausnarketa horretarako prest dauden, baina behintzat aukera badago. Finean, memoria historikorako leku bat izatea litzateke kontua. Kontzientzia lekuen nazioarteko koalizio bat dago, eta horren parte izaten ahal da Iruñea ere. Eredugarria izanen litzateke hori. Pedagogia egin behar dugu, eta memoriatik ekintzetara jauzi egin. Dena den, argi dut hemengoek erabaki behar dutela zer egin, soilik horrela izanen baitute eragina hartutako erabakiek.