“Bat egiteko ordua dugu”

“Bat egiteko ordua dugu”

Edurne Elizondo

Inoiz ez nion erran estimatzen nuela”. Lagun handia zuen Beau-Dk Elhadji NDiaye, eta arantza hori gelditu zaio. Estimatzen zuela erran ez izana. Egunero bazkaltzen zuten elkarrekin. “Jeneral erraten nion nik; hil baino hiru egun lehenago hitz egin genuen azkeneko aldiz. Beti nire etxera etortzen zela erran zidan, bere etxera joan behar nuela nik, behingoz”. Baina ez zuen aukerarik izan. Lehenago zendu zen laguna, Espainiako Poliziaren esku.

Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu zuten Elhadji NDiaye, joan den urriaren 25ean; lurrean etzanda, gainean hainbat polizia zituela agertzen da hainbat bizilagunek egindako bideoetan. Ezin mugitu. Konorterik gabe eraman zutela nabarmendu zuten hainbat lekukok. “Hilik”. Polizien bertsioaren arabera, ordea, ziegan sartzeko zain zela konturatu ziren arnasa ez zuela hartzen. Hiru hilabete luze pasatu dira ordutik, senegaldarra Poliziaren esku zendu zenetik, eta harentzat justizia eske jarraitzen dute haren herrikideek. Africa United elkarteak bertze urrats bat egin du orain, eta akusazio gisa ariko da, SOS Arrazakeria eta Salhaketa elkarteekin batera. “Auzia ez dezatela itxi da gure helburu nagusia”, nabarmendu du Africa Unitedeko presidente Beltxak.

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak isiltasunaren bidetik egin du aurrera Elhadji NDiayeren heriotzaren auzian. Carmen Alba ordezkariak, adibidez, uko egin dio Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateari. Harekin hitz egiten saiatu da Nafarroako Hitza, senegaldarra hil eta hiru hilabete geroago, baina ez du lortu. Elhadji NDiayeren heriotza gertatu ondoko prentsa oharrak igorri baino ez dute egin Albaren komunikazio bulegotik. Hau da, duela hiru hilabete errandakoa errepikatu dute Espainiako Gobernuaren ordezkaritzako arduradunek, idatziz igorritako agiri horien bitartez. Bertzerik ez.

Isiltasun horrek ez ditu Africa United elkarteko kideak batere harritu. Ez zuten bertzerik espero. Horrek ez du erran nahi, hala ere, egoera hori onartzeko prest direnik. Elkarteak Iruñeko Sanduzelai auzoan duen egoitzan “bat egiteko” beharra nabarmendu dute Beltxak eta Beau-Dk. Senegaldarrak dira biak, Elhadji NDiaye bezala. Haren heriotzak hunkitu eta ukitu ditu. Ez dute zain gelditu nahi, deus egin gabe. Argi dute, ordea, bidea ez dela erraza izanen. Poliziaren jazarpena “eguneroko kontu” dela erran dute, eta egoera horren ondorio jo dute NDiayeri gertatutakoa. Justizia nahi dute, baina justizia lortzeko esperantza handirik ez dute, aldi berean. Beren esku dagoena egiteko prest dira, betiere. “Gutako baten aurka egiten badute, denon aurka egiten dute; hori da nire konpromiso soziala, bertzeen aurkako bidegabekeriak nire kontrako bidegabekeriatzat sentitzea, hain zuzen ere”, erran du, irmo, Beltxak. “Bada bat egiteko ordua, eta baten kontrako erasoak denon kontrako erasotzat hartzekoa”.

“Ez da deus pasatzen”

Duela 11 urte ailegatu zen Beltxa Iruñera. Beau-D, berriz, duela sei. Valentzia izan zuen lehen helmuga Senegaldik atera zenean, eta handik etorri zen Nafarroara. Elhadji NDiayeren heriotzak arrasto sakona utzi diola aitortu du. “Senegaldarrak hiltzen dituzte, eta ez da deus pasatzen. Nire laguna hilik da, eta horrek min handia egiten dit. Bere irudia zikindu nahi izan dute, gainera. Hagitz gogorra izan da dena”, azaldu du, serio.

“Ezeroso sentiarazten gaituzten hamaika egoera bizi dugu, egunero”. Beltxarenak dira hitzak, eta adibide bat jarri du: “Sarasate pasealekuan kasualitatez bost pertsona beltz elkartzen badira, berehala agertzen da Polizia”. Poliziaren jazarpena eta soslai etnikoa duten kontrolak ez dira arazo bakarra, hala ere. “Herritarren arrazakeria ere eguneroko kontu da”, azaldu du.

Minduta erran ditu hitz horiek senegaldarrak. “Gauez, besta egiten ari den talde batek beltz bat ikusten badu karrikan, hasten dira txantxak egiten. Nire aurrean gertatu dira halakoak. Gertatu izan da beltz horrek erraten ari zirena ez ulertzea, baina nik bai, nik txantxak eta irainak ulertzen nituen; min handia egiten dute halako egoerek”.

Beltxak kontatutako egoerak ongi ezagutzen ditu Beau-Dk ere. Baina bertzelako gogoeta bat jarri nahi izan du mahai gainean. “Nik ez dut arrazakeriagatik negarrik egiten”, erran du. “Arrazakeria bada, baina egoera horri aurre egiteko lehen urratsa guk egin beharko genuke. Bat egin beharko genuke, komunitate sendo bat osatu. Nik ez diot inori eskatuko maite nazala; maite banaute, ederki, baina nik, batez ere, errespetua nahi dut. Ezin dugu deus egin gabe jarraitu, hiltzen gaituzten bitartean. Bat egiteko ordua da”, nabarmendu du.

Elhadji NDiayeren auzian senegaldarraren familiak egindako urrats guztiak ez ditu ontzat jo Beau-Dk. “Elkarteak ari gara justizia eskatzen; guk aurkeztu dugu salaketa, familiak ez duelako egin, oraindik”. Lagunarekin bat egin du Beltxak. “Familiari dagokio, batez ere, borroka egitea. Gure helburu bakarra Elhadjik utzitako seme-alabentzat eta gainerako senideentzat kalte-ordaina lortzea da, jakin baitakigu zigorrik ez dugula lortuko haren heriotzaren erantzuleentzat”.

Afrikari buruzko ezjakintasunari aurre egin nahi diote Beltxak eta Beau-Dk, gainera. “Herritarrek gu ezagutzea nahi dugu”, azaldu du Africa United elkarteko presidenteak. Afrika hamaika herrik osatzen dutela gogoratu du, eta denak direla ezberdinak. “Hemengoentzat, ordea, afrikar guztiak gara berdinak”. Herritar bakoitzaren atzean dauden asmoak, errealitateak eta istorioak jarri nahi dituzte mahai gainean. Zabaltzeko, ezagutzeko. Errespetatzeko. “Ezin gara etxean gelditu. Bat egin behar dugu, elkarrekin lan egiteko”, berretsi dute senegaldarrek.