Energiaren krisiak argituz

Energiaren krisiak argituz

Kattalin Barber

Energia bera zer den argitzen saiatu da Xabier Zubialde Sustrai Erakuntza fundazioko kidea Hacia la soberanía energética: crisis y soluciones desde Euskal Herria izenburuko liburuan (Txalaparta, 2017). Edonon dago energia, eta herritar guztien parte da; bizitzeko ezinbestekoa da, eta funtsezko eginkizuna du gizartean. Azkenaldian, hain justu ere, guztien ahotan egon da argindarraren prezioaren igoera. Inoizko prezio garestienetakoa hartu du hotz handiagoa egin duen asteetan. Zubialderen ustez, zenbait faktoreren emaitza izan da igoera. Analisi politikoa eta teknikoa egin du.

Orain dela 20 urte pribatizatu zen Espainiako eredu energetikoa eta, egun, ondorioz, esku gutxiren menpe dago energia. “Enpresa pribatuak dira gehienak, eta ezin dugu jakin nola kudeatzen duten energia, publiko egiten ez dutelako”. Energiari buruz erabaki gehienak “itzalean” daudela dio Zubialdek. Horregatik, eskaera zehatza egin du adituak: energiaren kudeaketa publikoa izatea, gizarteak erabaki guztien jakitun izateko.

Beste arrazoi batzuk eman ditu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Urtarrilean kontsumoak asko egin du gora, tenperatura zero graduren inguruan ibili delako, eta argindarra sortzea gehiago kostatu da. Zubialderen ustez, hiru “kasualitatek” bat egin dutelako egin du gora prezioak. “Batetik, neguan gaudelako gas natural gehiago erabili dugu etxea berotzeko. Bestetik, gas naturala garestitu da Frantziako hainbat zentral geldirik daudelako, eta, ondorioz, eskaerari erantzuteko, argindarra bitarteko garestiagoekin ekoitzi behar da”. Zubialdek aipatutako hirugarren kasualitatea agintariek onartu dutena izan da: euri gutxi egin du, eta haize gutxi egon da. Hori dela eta, energia berriztagarriak ezin izan dira nahi adina erabili.

Aljeriako krisi energetikoa izan du hizpide Zubialdek, argindarraren ingurukoen testuingurua azaltzeko. Herrialde horretatik ekartzen da gas natural gehiena, hain zuzen ere, eta, azkenaldian, “puntu gorenera” iritsi da. “Zaila egiten zaie gas naturala sortzea. Horregatik garestitu da, eta horrek eragin du argindarra garestitzea ere”.

Argindarraren prezioaren igoerak menpekotasun energetikoa utzi du agerian, finean. “Alde batetik, ikusi dugu eredu pribatu bat dela hau guztia kudeatzen duena, eta, beste alde batetik, Frantzia eta Aljeria herrialdeekiko menpekotasun ikaragarria dugula”. Gizarteak gero eta energia gehiago kontsumitzen duenez, menpekotasuna gero eta handiagoa da.

Argitaratu berri duen liburuan kontzeptu horiek guztiak argitzen saiatu da Xabier Zubialde, energia bera biluzten, hain zuzen ere. Alde horretatik, burujabetza energetikoa du ardatz: “Askotan, kontzeptuak nahasten ditugu. Burujabetza energetikoari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten energia motei buruz. Askok energia berriztagarriei buruz hitz egiten dute, baina sakonago goaz: interesatzen zaigu nork hartzen dituen energiari buruzko erabakiak, nola, zein ondorio eta zein helbururekin. Hori argitzen saiatu naiz”. Baliabideen kontrola, eredu energetikoa, eta eredu horrek zer eragin dituen pertsonengan eta ingurumenean, eta kontu horiei guztiei buruz erabakitzeko ahalmena nork izan behar duen biltzen du burujabetza energetikoak, haren hitzetan. Horregatik, plangintza publiko eta demokratikoaren alde egin du.

Zubialderen iritziz, ez dira “beharrezko urratsak egiten ari” burujabetza energetikorantz. Francoren garaian gaur egun baino burujabetza energetiko handiagoa zela dio. “Aurrerapausoak ez, atzerapausoak eman dira urte hauetan guztietan”. Gizarte ereduak hartzen dituen erabakiek energia eskaera desberdinak sortzen dituzte, eta horrek ondorioak ditu eredu energetikoan: “Eredu energetikoak gizarteak eskatzen duena ematen du”. Izan ere, herri batek duen gizarte eredua eredu energetikoari lotzen zaio, eta alderantziz, Zubialdek nabarmendu duenez.

Etorkizun “gordina”

Abiapuntu gisa, Euskal Herriaren eredu energetikoari buruzko diagnostikoa egin du Zubialdek. Euskal Herriaren eredu energetikoa aipatzean, energia produzitzen, eraldatzen eta kontsumitzen den modua ulertu behar da. “Gertatzen ari dena mahai gainean jarri dut”. Eta ez da oso baikorra izan: krisi ekonomikoaz eta krisi energetikoaz jardun du. Bi krisiak ezin dira bereizita ulertu: “Krisi energetikoaren lehen olatua 2008ko krisi ekonomikoa da. Itzalean dagoen eta mundu mailakoa den krisi energetiko horrek sortuko ditu beste krisi ekonomiko batzuk”. Harago joan da Zubialde, eta zehazten saiatu da: datorren urtean baliteke beste krisi ekonomiko bat hastea. “Egoera larria da, eta, zoritxarrez, laster beste krisi bat izanen dugu”. Baliabideak agortuz doaz, eta energia mugatua da.

Bi krisiek zergatik dauden “hain lotuta” argitu nahi izan du Xabier Zubialdek: “Sortu dugun gizarte ereduak eskatzen du energia kopuru handia. Energia eta ekonomia erabat loturik daude. BPG barne produktu gordinak gora egiten duen heinean, energia kontsumoak ere gora egiten du. Aldi berean ari dira dantzan gorantz eta beherantz”. Hortaz, agintariek BPGak igo behar duela esaten dutenean, horren atzean ere ageri da energiaren kontsumoak gora egin behar duela.

Etorkizun “gordina” aurreikusten du Zubialdek, eta panorama gordin horri alternatibak eta erantzunak eman behar zaizkiola argi du. Horri buruz hitz egiten ariko da datorren asteartean, hilaren 14an, Iruñeko Katakrak liburu dendan antolatukotako mahai inguruan. Zubialderekin batera, Antonio Aretxabala geologoa eta Pablo Lorente Sustrai Erakuntzako kidea egonen dira.