Iritzia: Zaska iraina denean

Tania Arriaga Azkarate

Gizarteak teknologia eraldatzen du, eta teknologiak gizartea, etengabeko hartu-eman batean. Antzinako Grezian, Tekne hitza erabiltzen zuten gure burutik ateratzen ziren artefakto fisiko zein idealak izendatzeko; kanibalismo mentalari, alegia. Egun, jakin badakigu teknologiaren arloan iraultza disruptiboa bizitzen ari garela. 60ko hamarkadan asmatu zutenetik, Internetek, pittinka-pittinka, aldaketa planetarioa eragin du. Sareak jan gaitu, eta guk jan dugu Sarea. Sarea saretu zaigu, antropofagia grinatsuan.

Manuel Castells soziologoak, Oxford University Pressen eskutik, Communication Power liburua argitaratu zuenetik badira zortzi bat urte. Katalanak ederki azaltzen zituen masa-komunikabideak eta masa-norbera (mass-self) komunikazioaren arteko ezberdintasunak. Lehen ereduak garai bateko egunkari, telebista eta irrati kateen ereduari erantzuten dio. Adibidez, azken ehun urte pasatxoan, Diario de Navarra-k Nafarroako herritarrei mezu monolitikoak igorri dizkie: bat ari, askok irentsi. Bigarren ereduan, enpresa, eragile soziala edo norbera, gailu, konexio zein jakinduria minimoa izanez gero, igortzaile ahaltsua izan daiteke milaka jarraitzailerekin.

Normala denez, aldaketa honek edukian ere eragina izan du. Berriak, ikus-entzunezko ekoizpenak, argazkiak, iritziak, kanalak, kateak eta aplikazioak ikaragarri ugaldu dira. Kopuru handitze horrek bere alderdi argiak eta ilunak ditu: orokorrean, aniztasuna egon badago, baina kalitatea topatzea gero eta zailagoa zaigu. Informazioaren arloari dagokionez, kazetaritzak pairatzen duen prekaritate itogarriak ez die inongo mesederik egiten zehaztasunari, inpartzialtasunari, independentziari, gizatasunari eta ardurari. Are gehiago, oraindik ere arau horiek jarraitzen dituzten komunikabiderik balitz, beste zenbait oztopo saihestu beharko lituzkete; maldatsuena, ziurrenik, unibertso zabalean ikusiak izatea. Ariz ariz ikasten da, eta bozgorailua erabilita hitza zabaldu nahi duen oro estrategia batekin hala bestearekin saiatzen da.

Bizitzaren arlo guztietan listatxoak direnez gero, badira ikasgai hau ere lehenbailehen eta edozein preziotan gainditu nahi dutenak, baita haien arima alderdi ilunari salduta ere. Lehendabizi, marka digitala sortzen dute, identitate argia eta trinkoa, pitzadurarik gabekoa. Hau da, 0 edo 1, oso 0 edo oso 1, oso-oso 0 edo oso-oso 1, oso-oso-oso 0 edo oso-oso-oso 1. Bigarrenik, politikan, komunikazioan, star system-ean jarduten badira, antza, zuzentasun politikoak ez duenez funtzionatzen, diskurtso probokatzailea erabiltzea eraginkorrena da. Ikus, bestela, Trump bera edo kazetaritza espainolaren prosa zipotudadun idazleak; sarraskijale ase-ezinak, ezberdinari eraso egin eta iraintzen dutenak fan erreplikanteen bila. Blade Runner-en ez bezala, pantailaren bestaldean, gizabanako-kontsumitzaile-aspertu-odol zalea zipotudismo gogorra goratzen dago, azken zaskari irri eginez eta hurrengo iraina birtxiokatzen.

Euskal unibertso komunikatiboan zipotudoak egon diren arren, oraindik, egurtu daitekeena soilik iraintzen dute —ospetsua izan nahi dudanean izenak eta gaiak emanen ditut—, eta betiko jarraitzaileak dituzte. Eragile sozialak, aitzitik, euskaldun komunikatzaileak oraindik egiten ausartzen ez direnak egiten ari ote dira? Hori galdetzen diot neure buruari Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean Ipar Korea laudatzeko hitzaldiak antolatzen dituztenean.