Autoen hiria ez da oinezkoena

Autoen hiria ez da oinezkoena

Edurne Elizondo

Estatistikek islatzen dituzten datu hutsez harago, bat-bateko heriotzak eragindako samina dago, beti, auto harrapatze baten atzean. Iruñean gora egin du gisako gertaeren inguruko kezkak, hilaren 11n auto batek 76 urteko emakume bat zebra-bide batean harrapatu eta gero; bertan hil zuen. Orduko 50 kilometroko abiadura muga, eta hainbat semaforo eta zebra-bide ditu errepide horrek; abiadura kontrolatzeko radarra ere bai. Hala eta guztiz ere, gertatzen diren istripuak kontuan hartuta, bide hori da hiriko arriskutsuenetako bat.

2013tik 2016ra zazpi pertsona hil dira Iruñean, autoek harrapatuta. “Oro har, istripuek behera egin zuten 2008tik 2015era, krisiak gogorren jo zuenean, alegia, denbora tarte horretan autoen erabilerak ere behera egin zuelako”, azaldu du Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak. “Autoen erabilerak pixka bat gora egin orduko, ordea, gora egin du istripuen kopuruak ere”. Neurri eraginkorrak martxan jartzeko ordua dela uste du zinegotziak, eta orain arte udaletxeko pasabideetan errandakoa mahai gainean jarri du, herritarrek Aranzadiko kideen proposamenaren berri izan dezaten: “Iruñea orduko 30 kilometroko abiadura muga duen hiri bilakatu nahi dugu”.

Proposamen horren bidez garbia da Cuencaren taldeak ezarri nahi duen politikaren norabidea: autoak egun duen nagusitasuna bazter utziko duen hiri eredu bat nahi du. Oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emanen diena. “Hiri eredua baitago harrapatzeen atzean”, nabarmendu du zinegotziak.

Autoek harrapatuta hildako herritarren adinari egin dio so Cuencak, halaber; izan ere, 2013tik 2016ra hildako zazpi pertsonetako bostek 70 urte baino gehiago zituzten; denbora tarte horretan 85 pertsona larri zauritu ziren istripuen ondorioz, eta haietako 43 ziren 70 urte baino gehiagokoak. “Iruñea ez da hiri egokia zaharrak oinez ibiltzeko”, laburbildu du zinegotziak. Kontuan hartuta populazioa gero eta zaharragoa dela, eredua “lehenbailehen” aldatzen hasteko beharra berretsi du. Iruñeko biztanleen %22k dituzte 65 urte baino gehiago, jada.

Presioa, karrikan

“Gipuzkoako etorbidean gertatu dena ez da istripu puntual bat; hiri eredua da arazoa”, bat egin du Cuencarekin Aitor Txarterinak, 8-80 Iruñea plataformako kideak. Elkarretaratzea egin zuten talde horretako kideek, joan den astean, istripua jazo zen toki berean. “Harrapatze bat gertatzen den bakoitzean aterako gara kalera; askotan, ezkutuan gelditzen dira halakoak. Hiriak segurua izan behar du 8 eta 80 urte bitarteko herritarrentzat, eta, gaur-gaurkoz, hori ez da gertatzen”.

“Presioa” egin nahi du 8-80 Iruñea plataformak, hain zuzen ere, autoaren nagusitasunari aurre egiteko. Iruñeko Udala “norabide onean” dela uste du Txarterinak, baina erantsi du aldaketak ez direla gertatzen ari nahi bezain azkar eta nahi bezain sakon. Oposizioko taldeen jarrera ere kritikatu du, autoaren nagusitasuna nabarmentzen duen sistema aldatzeko saioei trabak jartzen dizkietelako.

Cuencak ere argi du lanean hasteko ordua dela. Berandu baino lehen hasi behar dutela neurriak martxan jartzen egungo sistema aldatzeko. “Badakigu herritar guztiak ez direla kontent izanen Iruñean orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen badugu, baina neurri hori ezartzea merezi du, segurtasunaren alde”, defendatu du Cuencak. Erantsi du, gainera, Iruñea zeharkatzeko batez besteko abiadura, gaur egun, orduko 15 kilometrokoa baino ez dela.

“Auto batek norbait harrapatzen badu orduko 64 kilometroko abiaduran, hiltzeko arriskua %85ekoa da; orduko 30 kilometroan, berriz, %5ekoa”, azaldu du Iruñeko Udaleko zinegotziak. Cuencak argi du helburuak izan behar duela inor ez hiltzea auto batek harrapatuta.

Galiziako Pontevedra hiria jarri du eredu. Han, orduko 30 kilometroko abiadura muga dute. Hiriko erdiguneko karrikak oinezkoentzako egokitu dituzte, eta bizikletari eta garraio publikoari ere eman diete lehentasuna. “Emaitzak hor daude; azken bost urteotan ez da inor hil harrapatzeen ondorioz”, nabarmendu du Cuencak.

Administrazioak hirian gertatzen diren istripuen ardura bere gain hartu behar duela argi du zinegotziak: “Helburutzat hartu behar dugu hildako bakar bat ere ez izatea administrazioaren utzikeriagatik. Hori nahi dut nik Iruñean”.

Administrazioak erantzukizunaren bere zatiaren ardura bere egin behar duela argi du Aritz Romeok ere. Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia da. Aitortu du “oso berri txarra” izan dela Gipuzkoako etorbidean gertatutako harrapatzea. “Hasi gara errepide hori aztertzen, berriz ere halakorik gerta ez dadin”, azaldu du.

Neurri batean bat egin du Romeok Cuencarekin. “Iruñeko abiadura mantsotzea beharrezkoa da”, nabarmendu du zinegotziak. Ez du hain argi, ordea, hori lortzeko bidea Nafarroako hiriburua orduko 30 kilometroko hiri bilakatzea dela. “Horretara jo behar dugu, baina batez besteko abiadura muga gisa. Kalez kale aztertu behar dugu hiria, kalez kale neurririk egokienak ezarri ahal izateko; zenbaitetan inportantea da zirkulazio arina izatea”.

Agerian gelditu dira Aranzadiko eta EH Bilduko kideen iritzien artean dauden aldeak. Cuencak neurri orokor gisa hiri osoan ezarri nahi duena Romeok hainbat kaletan baino ez du egokitzat jotzen. Ermitagaña karrika jarri du Cuencak desadostasun horren adibide. “Udaltzaingoak uste du 50eko abiadura mugari eutsi behar zaiola hor, Nafarroa etorbideko zirkulazioa arintzeko balio duelako. Autoari ematen dio lehentasuna erabaki horrek, berriz ere”.

Asmo guztietan ez dute bat egin, baina Romeok onartu du egoera hori aldatu beharra dagoela. Autoari egun duen protagonismoa kendu behar zaiola. Bere sailak hori lortzeko esku artean dituen proiektuak nabarmendu ditu zinegotziak. “Navas de Tolosa kalea autobusentzako bide bilakatuko dugu”, azaldu du. Horrekin batera, egun errepide batek moztuta dauden Taconera eta Basotxo berriz ere elkartzea da udalaren asmoa. “Autoak hortik kanpo geldituko dira”. Proiektu horren bidez, helburu nagusia da Jose Alonso karrikako zirkulazio arazoak konpontzea. “Bide bakarreko kalea da, eta, egun, 10.500 auto pasatzen dira handik; xedea da kopuru hori 3.000ra jaistea”. Armada etorbidea erabili beharko dute autoek.

Hiriko errepide nagusiak dira, hain zuzen ere, oinezkoentzako arriskutsuenak. Horixe nabarmendu du Cuencak. “Zaragozako, Sanduzelaiko, Gipuzkoako etorbideak, bai eta Pio XII.arena ere”. Halakoetan eta, oro har, hiri guztian gidatzeko dauden moduak “aztertzeko beharra” jarri du mahai gainean 8-80 Iruñea plataformako Aitor Txarterinak. Gogoratu du garai batean hiritik kanpo gelditzen ziren bide zabalak Iruñe barruan direla egun, eta horrek are arriskutsuago bilakatzen dituela oinezkoentzat.

Neurriak eskatu ditu plataformak, eta neurriak behar direla onartu dute udaleko arduradunek. Badute lanean hasteko tresna: 50.000 euroko diru saila ekarri duen bide segurtasunerako plana. Iruñea mantsotzea da helburua; berandu baino lehen.