Iritzia: Zenbat

Lur Albizu Etxetxipia

Zer egin, nola erakarri, nola ekarri jendea euskarara. Antzeko galdera egin zigun duela ez asko Reyes Ilintxetak Euskalerria Irratian. Heldu den ikasturterako hezkuntzako aurrematrikulazioaz arituko ginela imajinatzen dut. Eta ez da erraza erantzutea.

Iruditzen zait ez dela erraza erantzutea, alde batetik, euskararantz jendea, erdaldunak erakartzeko mila eta bat modu asmatu behar ditugula uste dudalako. Eta, bestetik, gure esku bakarrik ez dagoelako: aspaldikoa da hemen, Nafarroan, euskararen (eta, kasu honetan, zehazki D ereduaren) kontrako kanpaina eta zalaparta. Horri ez zaio erraz bueltarik emanen; geure burua defendatzen saiatzearekin nahikoa lan daukagu.

Ez dut gogoan zer esan genuen egun horretan irratian. Baina ematen du D ereduak ez duela, geografikoki behintzat, aurrerapauso handirik emanen. Aurten, batzuk eta askotarikoak izan dira D ereduaren alde egin diren kanpainak: Sortzen, hainbat toki entitatetako Euskara Zerbitzuak, ikastolen elkartea, gobernuarena… hautsak harrotu eta euskararen kontrako alderdiek (Ezkerra, besteak beste) nahikoa zarata atera dute, jakina, gobernuaren kanpaina dela eta. Duela urte batzuk arte UPNk egiten zuen hori egiteagatik. Lau behintzat aipatu ditut, eta seguru baten bat ahaztu zaidala. Lau kanpaina desberdin, bakoitza bere berezitasun, euskarri eta ezaugarriekin. Gustu, nahi eta behar diferenteetarako. Baina eremu ez-euskaldunean ez da aldaketa handirik egon, matrikulazioari dagokionez. Zenbait eskola eta udalen jarrerak, beldurrak eta, batzuetan, kontrakotasunak, ez dute lagundu. Kanpainak beharrezkoak dira.

Baina estrategia aldatzen hasi behar dugu; gehiago hitz egin behar dugu, egon, kezkak azaleratu eta geure lubakietatik atera. Esperientziak partekatu eta lehentasunak markatzen hasi. Eta hezkuntza lehentasuna da. Eskolarik gabe nekez helduko da euskara zenbait tokitara. Nekez aldatuko ditugu jarrerak eta urrunago izanen dugu euskararen herria. Izan gaitezen zintzoak: bi urte eskas besterik ez zaizkigu geratzen. Bestela, akaso beranduegi izanen da. Eta bi urte besterik ez zaizkigu geratzen eskubide urraketa sistematikoekin bukatzeko. Zonifikazioa desagerrarazi eta maila bereko herritar izateko (paperean, behintzat), Vascuenceren Legea iraganeko kontu bihurtzeko. Euskaldunak ahalduntzeko. Gobernua babesten ari den horietako bati kontuak eskatu eta errespeta gaitzan exijitzeko.

Asko geratzen zaigu aurretik eta lan handia egin beharko dugu, denborak gure kontra jokatuko duelako. Arrazoi asko eta askotarikoak ditugu eta ezagutzen ditugu euskarara hurbiltzeko, badakigu zer eman digun euskarak eta zer ematen digun, eta ez da gutxi. Zenbat irabazten dugu euskararekin? Nola irekitzen dizkigu bidezidor, bidexka, bideak? Nork bere erantzuna du: niri euskarak eman dizkit bizipenak, mundua begiratzeko moduak, lagunak, egin eta egoteko erak. Euskara gabe beste bat nintzateke. Euskarak mundu asko oparitu dizkit, ez dit ezer kendu. Probatu ez duenari ateak irekitzen asmatzen dugunean jakinen dugu aurrera egiten.