Aitzinera ihes egiteko arriskua

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Edurne Elizondo

Antonio Aragon izan zen, Nafarroako presidente ohi Gabriel Urralbururekin batera, Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egiteko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat. 1991ko irailean, Ebroko Ur Konfederazioko presidente izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilari izan zena. Kargu berritik, ubidearen bigarren fasea “neurrigabea” zela aitortu zuen Aragonek; “neurriz kanpoko” inbertsioak eskatzen zituela. “Nafarroako gobernuek, bideragarria ez dela jakin arren, bigarren fase horren erabilera demagogikoa egin dute 1991tik; okerrena da, ubidearen aitzakiarekin, 30 urte daramatela Erriberan uraren arazoa konpontzeko zain”.

Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezenak dira hitzak eta salaketa. Erakunde horrek txosten bat egin du ubidearen bigarren fasea bazter uzteko alternatibak aztertzeko; lehen fasea egina dago, eta lehen fase hori zabaltzeko lanak ere amaitutzat jo dituzte jada; horko lurrek ubideko ura har dezaten prestatzeko obrak amaitzea falta da. Bigarrena egiteko beharrik ez dagoela uste dute Urbiziko kideek, ordea, eta aitzinera ihes egiteko arriskuaz ohartarazi dute. Izan ere, krisi ekonomikoak baztertu egin du, azken urteotan, bigarren fase hori, baina mahai gainean jarri du berriz Uxue Barkos buru duen egungo gobernuak. Bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, eta lurpeko hoditeria baten bidez egitekoa hobetsi du; baina proiektua mapan jarri du, berriz ere.

Fito Jimenezek Charo Brinquis Urbiziko kide eta aditua izan du lagun bigarren fasea bazter uzteko alternatibei buruzko txostena osatzeko prozesuan; Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errentagarritasunik eza utzi zuen agerian, jada, 2012an egindako lanean. Asteon, Jimenezek eta Brinquisek prestatutako agiria defendatu du jendaurrean erakunde bereko teknikari Julen Mendigurenek. Attac elkarteak Nafarroako ubideari buruz antolatutako mahai inguruan parte hartu du, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberorekin, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecarekin eta Intia (Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak) enpresa publikoko teknikari Idoia Ederrarekin batera. Nork bere ikuspuntutik heldu dio ubidearen auziari.

Intiaren txostena

Bigarren faseari buruzko eztabaida mahai gainean jarri zuen gobernuak 2015eko abenduan. Prozesu bat iragarri zuen orduan, parte hartzea sustatzeko, eta alternatibak lantzeko. Prozesu horren barruan, hain zuzen ere, txosten bat egin du Intiak. Erriberako nekazarien artean inkesta egin dute enpresako kideek, Ederrak azaldu duenez. Bigarren faseko hasierako proiektuak hartuko lukeen eremuaz harago jo dute, eta, denera, ureztatzaileen 53 komunitatetako kideekin egon dira. Intiako kideen helburua da lurrak ureztatzeko dagoen beharra identifikatzea, behar horri erantzun ahal izateko. “Dauden proposamen guztiak aurkeztu nahi dizkiegu, haiek erabaki dezaten”, erran du Intiako teknikariak.

Txosten horretan, lau proposamen jaso ditu Intiak. Lehena litzateke egungo egoerari eustea. Bigarrenak 15.000 hektarea ureztatu ahal izateko aukera jartzen du mahai gainean, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du ubidearen bigarren fasea. Hirugarren proposamenak Val urtegiko ura baliatzea aipatzen du, haren bidez 5.000 hektarea ureztatzeko. Hektarea kopuru bera ukituko luke azken proposamenak: Lodosako ubidea baliatuko luke, eta ureztatze sistemak hobetzeko beharra jartzen du mahai gainean, gainera. Datozen hilabeteotan, proposamen horiek guztiak aurkeztuko dizkiete Intiako kideek nekazariei, eta ureztatzaileen komunitateetan bozketak egin beharko dituzte, bat edo bertze aukeratzeko.

Urbizik ontzat jo du Intiak egindako lana, eta, batez ere, nekazariei parte hartzeko aukera eman izana. Mendiguren kritiko agertu da, ordea, Nafarroako Gobernuarekin. Izan ere, 2015ean iragarritako eztabaida prozesua amaitu baino lehen egin du administrazioak bigarren fasearen alde. “Hainbat proposamen aurkeztu, baina bat hobetsi du jada: ubidea Pitillastik Ablitasera eramateko asmoari eutsi dio gobernuak”. Bigarren fasearen aldeko apustuak “Canasaren tunelean aurrera egitea” ekartzen duela salatu du.

Canasa Espainiako eta Nafarroako gobernuek osatutako enpresa publikoa da; haren ardura da ubidea egitea. Urbiziko kideen hitzetan, enpresa horren “finantza krisia” estaltzea da, neurri handi batean, bigarren fasearen helburua. “2014. urtean, 8,6 milioi euroren galerak izan zituen, eta 10,5 milioi eurorenak, berriz, 2015. urtean”, aipatu izan du Charo Brinquisek. Haren hitzetan, galera horien atzean dago uste baino diru gutxiago jaso duela ekoizpen hidroelektrikoagatik, uraren kontsumoa ere uste baino txikiagoa izan dela, eta proiektuaren plangintza ekonomikoa, gainera, ez dutela ongi egin. “4-5 milioi euroren gastuak ditu Canasak urtean, mantentze eta ustiatze lanengatik, baina hori ez da inongo paperetan ageri”, erantsi du Brinquisek.

Intiak egindako txostena ontzat jo du Mendigurenek, baina ez, ordea, Nilsa enpresa publikoak osatutakoa. Intiak ureztatzeko beharrak aztertu ditu; Nilsak, berriz, hornidurarakoak. Etxeetara, zerbitzuetara eta industrietara ailegatzen den urari buruzkoak dira Nilsaren ardurak, hain zuzen ere. Mendigurenek salatu du Nilsak bigarren fasearen alde egin duela bere txostenean, eta zalantzan jarri ditu lan horretan jasotako ur beharrak.

Iruñerriko Mankomunitatearekin alderatu ditu Mendigurenek datu horiek. “2015ean, etxeetan, zerbitzuetan eta industrian 30 hektometro kubo kontsumitu ziren Iruñerrian; 360.000 biztanle ditu. Erriberan 90.000 dira, eta 18,5 hektometro kuboko beharrak jarri ditu Nilsak mahai gainean”. Fito Jimenezek ere zalantzan jarri ditu kopuru horiek, eta uste du ez dutela justifikaziorik. “Iruñerriko kontsumoa halako bi dute Erriberan; kontrolatu gabeko uraren kopurua ere izugarri handia da; urak ihes egiten duela erran nahi du horrek, bertzeak bertze. Beti gertatu da datuak puztu direla ubidea justifikatzeko”, erantsi du Urbiziko kideak.

Garai batean, adibidez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Itoizko urtegia eta ubidea egin behar zirela Iruñerriak txorrotako ura behar zuelako. Errealitatea da Iruñerriak gutxitan kontsumitu duela Itoizko ura. “1,1 milioi euro ordaintzen ditu Iruñerriko Mankomunitateak, urtean, erabiltzen ez duen uragatik”, salatu du Mendigurenek. Hau da, kopuru finkoa da hori, ura kontsumitu edo ez ordaindu behar dena. Egoera hori aldatu nahi du mankomunitateak berak, eta, antza, aurten kopuru horren erdia ordaintzeko akordioa egin du.

Datuen inguruko kezkak agerian utzi ditu Urbizik, baina ez du ukatu Erriberan arazo bat dagoela uraren kalitatearekin, eta konpondu beharra dagoela aitortu du. Zalantzan jarri du, ordea, bigarren fasea gauzatzea aukerarik onena ote den hori egiteko, eta alternatiba gisa aipatu ditu El Ferial urtegia eta Queilesko iturriak.

Nekazaritza eredua

Gobernuak, oraingoz, ubidearen bigarren fasearen alde egin du horniduraren esparruan dauden arazoak konpontzeko eta lurrak ureztatzeko sistema gisa. Aurreko gobernuek mahai gainean jarritako datuak ez lirateke beteko, hala ere. Bigarren faseak 21.500 hektarea ingururi eraginen ziela erran izan da urte luzez; oraingo gobernuak uste du 15.000 hektarea inguru ureztatzeko gaitasuna duela ubideak, eta, kopuru horretatik abiatuta, 9.000-10.000 hektarea inguruko azalera proposatu du. Lur azpitik obra %40 merkeago izanen litzatekeela erantsi du.

Datuez eta kopuruez harago, nekazaritzari buruzko ikuspuntu zabalago bati eusteko beharra nabarmendu du, hala ere, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberok. Urtegiaren eta ubidearen aurka agertu da sindikatu hori hasieratik, eta halako azpiegiturek ekartzen dituzten kalteak berretsi ditu Iberok, berriz ere. Batetik, salatu du ubideari lotutako ereduak bazter uzten dituela nekazari txikiak, eta monolaborantzako lurrak hedatzen dituela. Ubidea nekazarientzat uste zuten baino garestiagoa dela ere salatu du, eta gobernuak proiektua “saldu” egin duela, “zentzuzko plangintza” egin gabe.

Bertzetik, Iberok agerian utzi du ubideak erabat baldintzatzen duela Ingurumeneko, Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrekontua. “Bertzelako laguntzetarako dirurik ez da; aurrekontua 76,7 milioi da, eta 21 zuzenean doaz ubidearentzat”.

Kexa horrekin bat egin du Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecak; bertze hainbat departamentuk ere gastuaren zati bat hartu beharko luketela uste du; Canasak ureztatzaileei kobratzen dienarekin ere baditu desadostasunak. “Argi dut erabiltzaileok ordaindu behar dugula azpiegituraren zati bat; baina obra guztia egin gabe, orain lanean ari garenok ari gara azpiegitura osoa ordaintzen”. Eta ez du bidezkotzat jo. Ubidearen alde egin du, hala ere, argi eta garbi. Eta nekazari gehienen artean ere jarrera azpiegitura horren aldekoa dela uste du. “Lehen fasean, lurren %12 baino ez dira gelditu proiektutik at”.

Bertze datu bat, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak eragindako guztien artean. Azpiegitura horien benetako dimentsioari neurria hartzea, hala ere, ez da erraza. Lehen fasea egina da. Bigarrena, oraingoz, mahai gainean. Harekin batera, batzuen kezkak, eta bertzeen itxaropenak. Behar ote den da gakoa.