Ogirik nahi ez duenari, taloa

Ogirik nahi ez duenari, taloa

Edurne Elizondo

Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramaile Alberto Friasek ez du ezkutatu gertatu denak “harritu” egin duela. “Harritu, bai eta haserretu ere”, argi utzi duenez. “Inoizko jokalekurik okerrena dugu aurrez aurre”, nabarmendu du Friasek. Azken asteotan hainbat udaletan jasotako mezuak eragin du egoera hori: Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak ezagutarazi die martxan jarri duela Ezkio-Itsaso eta Orkoien arteko 220 kilowatteko linea berrindartzeko proiektua. Ingurumenean izanen lukeen eragina aztertzeko prozesua abiarazi du jada. Proiektu horrek, hala ere, ez du ekarri aurretik mahai gainean zegoena bazter uztea. “Indarrean jarraitzen du Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean 400 kilowatteko linea egiteko asmoak”, salatu du Friasek. Ogirik nahi ez duenari, beraz, taloa eman nahi dio Espainiako Sare Elektrikoak.

Hemeretzi herritan jaso dute Espainiako Ingurumen Ministerioaren gutuna; haietako hamahiru dira Nafarroakoak. Orkoiengo azpiestazioak bi linea ditu: Altsasu-Orkoien 1 da lehena, eta Altsasu-Orkoien 2, bigarrena. Azken horrek Sakanako herriak zeharkatzen ditu, eta Etzegaratetik ailegatzen da Ezkio-Itsasora. “Hori da berrindartu nahi dutena”, azaldu du Friasek. Hori egiteko, zazpi kilometroko azaleran dauden zuhaitzak moztu nahi dituzte, bertzeak bertze. “Haritzak eta pagoak dira hor dauden gehienak”, zehaztu du Friasek.

Autopista Elektrikorik Ez plataformako kideak erantsi du linea berrindartzeko erabilitako argudioek agerian uzten dutela Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko 400 kilowatteko linea berria ez dela beharrezkoa. “Egungo linea berrindartzeko asmoa saltzeko, aipatu dute hori egiteak ekartzen ahal duela bertze linea berririk ez egitea; onartzen ari dira linea berririk ez dela behar”, azaldu du Friasek.

Espainiako Sare Elektrikoak, ordea, ez du bertze linea hori egiteko proiektua bazter utzi. Inondik inora. “Aurrera jarraitzen dute”, salatu du Friasek. “Argi dago ingurumenean kalte gutxiago eraginen lukeela jada eginda dagoen linea bat berrindartzeak, bertze berri bat egiteak baino; baina hemen biak egin nahi dituzte, eta hori ezin dugu inolaz ere onartu”, berretsi du proiektuaren aurkako plataformako bozeramaileak.

Espainiako Gobernuak 2011. urtean jarri zuen martxan 400 kilowatteko linea berri hori egiteko proiektuak ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko azterketa egiteko prozesua. Behin betiko bidea erabaki eta gero, 2013. urteko udan alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Espainiako Gobernuak; Nafarroatik eta Gipuzkoatik, hain zuzen ere, 13.000 baino gehiago aurkeztu zituzten. Alegazio horiek ez dute erantzunik jaso, oraindik ere. “Proiektua geldirik dago, baina ez dute bertan behera utzi”, ohartarazi dute plataformako kideek. Ingurumenean eta herritarren osasunean eraginen lituzkeen kalteak nabarmendu ditu Friasek.

Bozeramaileak berretsi du goi tentsioko linea berri horren helburua ere ez dela bertako herriak hornitzea. “Azpiestaziorik ez dute eginen; helburua da argindarra Frantziara eramatea”, azaldu du. Hori bera salatu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, behin baino gehiagotan. “Kontsumitzen dugunaren bikoitza ekoizteko gai gara; gisa horretako proiektuen atzean negozioa baino ez dago”, erran du fundazioko kide Martin Zelaiak. Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artekoa, gainera, ez da proiektu bakarra. Sustrai Erakuntzak mahai gainean jarri du, azken hilabeteotan, Europak bertze linea bat bultzatu nahi duela Iruñerritik Landetara, Pirinioak zeharkatuz.

Gobernua, isilik

Espainiako Ingurumen Ministeriotik jasotako mezuari erantzuten hasi dira udalak. “Alegazioak aurkeztuko ditugu”. Alberto Friasek onartu du, hala ere, proiektu berriak “ezustean” harrapatu dituela herri anitz, eta zenbaitetan, segur aski, erantzuteko epez kanpo izanen direla. Amore emateko asmorik ez dute, hala ere.

Plataformak, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak duen ardura jarri du mahai gainean. Bozeramaileak erran du jakin badakitela Espainiako Sare Elektrikoko arduradunek bilerak egin dituztela Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. “Ez dute hitzik ere erran, ordea”, salatu du Friasek.

Gogoratu du, gainera, plataformak iazko maiatzean eskatu ziola bilera Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiri. “Ez dio erantzunik eman gure eskaerari”. Ondorioz, Nafarroako presidente Uxue Barkosi zuzendu diote, orain, bilera egiteko eskaera. Gobernuko arduradunen “isiltasuna” ez du batere ontzat jo Friasek, eta gogoratu du egungo gobernua babesten duten taldeen arteko akordio programatikoan jaso zela goi tentsioko linearen auzia.

Akordio horretan aipatu zuten, hain zuzen ere, azterketa bat eginen zutela goi tentsioko beste linea bat beharrezkoa ote zen edo ez zehaztu ahal izateko. Proiektuak kalte egindako herrietako biztanleen iritzia kontuan izanen zutela jaso zuen agiriak, gainera. “Baina ez dute gurekin hitz egin nahi”, salatu du Friasek. Eta kezkagarritzat jo du egungo egoera. Plataforman ez daude prest ogia eta taloa jasotzeko.