“Bikaintasuna lortzea da zailena mendiko argazkigintzan”

“Bikaintasuna lortzea da zailena mendiko argazkigintzan”

Kattalin Barber

Ia-ia aldi berean sortu zitzaion mendiarekiko eta argazkilaritzarekiko zaletasuna Iñaki Larreari (Iruñea, 1982). Nafarroako nahiz atzerriko mendi eta paisaiak kameraren bidez betikotzen aritzen da. Pasio du jarduera hori.

Noiz piztu zitzaizun argazkilaritzarako zaletasuna?

Txikitan, guztioi sortzen zaigu noiz edo noiz jakin-min hori. Oraindik gordetzen ditut garai hartako mendi liburuak. Ez da bakarrik mendia, naturak bere horretan erakartzen nau. Horregatik hasi nintzen kamerarekin atzera eta aurrera ibiltzen, jakin-min horrek bultzatuta. Gero eta gehiago gustatzen zitzaidan argazkiak ateratzea eta kamerarekin ibiltzea, baina ez nuen denborarik. Langabezian geratu nintzen gero, eta hori baliatu izan nuen sakontzeko. Argazkilari onen argazki onen bidez ikasiz joan naiz.

Mendizaletasunak eraman zintuen argazkiak ateratzera edo alderantziz?

Ia-ia aldi berean sortu zitzaidan mendiarekiko eta argazkilaritzarekiko zaletasuna. Agertoki horien aurrean zaudenean une hori harrapatzeko beharra duzu. Argia, kolorea, momentua… Mendia bikaintasun hori da, eta, hor zaudenean, bikaintasun hori erretratatu nahi duzu. Egun, argazkiek gailurrek baino gehiago liluratzen naute. Lehen, mendira joaten nintzen, eta argazkiak ateratzen nituen. Orain, argazkiak bilatzen ditut, eta argazkiak ateratzera joaten naiz mendira. Bakarrik joaten naizenean lortzen ditut argazki onenak, benetakoak. Sakontzeko aukera duzu orduan, imajinatu eta deskubritzeko.

Zure argazkiak ateratzeko modua da hori?

Bai, eta ez bakarrik nirea, baizik eta argazkilari gehienena. Bakarrik zaudenean eta bakarrik horretan ari zarenean, ingurua arretaz aztertzen duzunean eta hamaika aldiz huts egiten duzunean, orduan sortzen da argazki onena. Hori da gailentzen dena, eta ez besteentzat, baizik eta norberarentzat. Buruan gordeta gelditzen zaizkizun argazki horiek dira berezienak.

Zein berezitasun ditu mendi argazkilaritzak?

Oraindik mendi argazkilaritzan sakontzeko aukera handiak daude, baina egia da asko egina dagoela. Nolabait, urratsak eta konposizio erreferentziak finkatuta daude. Guztiak joaten gara mendi perfektuaren bila eta idealizatzen dugu, esaterako, Matterhorn mendia edota Himalaiako bailarak. Horiek bakarrik ikusita betetzen zaituzte. Baina hortik kanpo uste dut asko dagoela egiteko. Argi eta hodeien dantzak ikaragarriak dira mendian, horien bila noa ni.

Nafarroa nola ikusten duzu argazkiak egiteko?

Dugun lurraldea oso pribilegiatua da, baina bere mugak ditu. Aniztasun handiko lurra da Nafarroa, eta paisaiak oso erakargarriak dira. Beharbada, alpetar izaera falta zaio. Nafarroako basoak gustatzen zaizkit gehien. Neguan, pagadiak erretratatu ditut, eta materiala dut zerbait egiteko. Faunari buruzko argazki batzuk ateratzea besterik ez zait falta bilduma osatzeko.

Pentsatu ohi da argazkilaritza berehalako zerbait dela, baina lan handia dago atzean; mendi argazkilaritzan are gehiago?

Bi berezitasun ditu mendi argazkilaritzak. Mendi argazki polit bat egitea oso erraza da, baina mendi argazki bikain bat egitea zailena da. Bi aukera horiek eskaintzen ditu mendi argazkilaritzak, kontrapuntu bat, ia-ia. Hasiera batean badirudi erraza dela, paisaiak asko egiten duelako, baina argazki horren bikaintasuna lortzea da zailena. Sakontzen duzunean horretaz konturatzen zara.

Zer-nolako zailtasunekin topo egin duzu zuk?

Nahi duzun argi, kolore eta konposizioa lortzea, esaterako, ez dago zure esku, baizik eta ingurunearen esku. Ez da beti gertatzen, lekuan bertan egon behar duzu, eta esentzia hori atzeman. Argazki batek distira duenean, faktore horiek guztiek bat egin dutelako izaten da. Ezohiko momentuak izaten ohi dira momentu bereziak, azken finean.

Dena prest duzu une hori harrapatzeko baina askotan ez da iristen, ez delako izaten horretarako baldintzarik.

Bai, landu ditudan eta atera ez diren argazki asko ditut. Aldi berean, bidean sortzen dira pentsatuta ez zenituen beste argazki batzuk. Horiek ere maila handia dute. Ez dituzu espero eta iristen dira, zurekin egiten dute topo. Gakoa, azkenean, lekuan bertan egotea da. Lan eta konpromiso handia exijitzen du mendi argazkilaritzak.

Argazki eta irudien etengabeko bonbardaketa dugu gaur egun, dena da bisuala. Nola eragiten dio horrek argazkilaritzari?

Egun, dokumentu grafiko asko daude, baina argazki gutxi. Desberdindu behar dugu irizpide batzuekin egindako argazkia, oinarri bat duena eta atzean lan bat duena. Gustatu nahi duten argazki asko daude. Baina niri politena iruditzen zait ideiak saritzen direnean, lan bat dagoenean argazkien atzean. Ideia bat lantzea eta irudikatzea, hori da interesgarriena.

El humano en la montaña izenburuko liburua argitaratuko duzu apirilean. Zer hartu duzu oinarri proiektu hori osatzeko?

Aspaldi lantzen ari naizen gaia da mendiari eta gizakiari buruzko hori; niri gustatzen zait pertsonak ateratzen diren natura argazkiak egitea. Modu horretan, mendiaren aurpegi atseginago bat erakutsi nahi izaten dut. Ez dute mendiaren ohiko gogortasun hori islatzen. Egia da ez dudala ezer berririk deskubritu lan horien bidez, baina argazki atseginak dira. Nik mendian bizi ditudan momentu horiek transmititu nahi ditut, finean. 22 argazki bildu ditut, denera. Apiriletik aurrera, gainera, Frantziako Pirinioetako parke nazionaleko etxeetan paratuko ditut. Erakusketa ibiltaria izanen da. Aurrerago, lan horiek honat ekartzeko asmoa dut.