Zuzenean, bitartekaririk gabe

Edurne Elizondo

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzua zaharrenetakoa da Iruñean. 1970eko hamarkadan jarri zuten martxan Iruñeko Udalak eta Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek. Nafarroako Gobernuak zuen, orduan, zerbitzuaren ardura, baina udalaren esku utzi zuen 1997an. Hurrengo urtean, zerbitzua zuzenean kudeatzen hasi zen erakunde hori. 21 langile hasi ziren, 1998ko martxoan, eta haien artean zen Nerea Esparza, gerora osatutako Asimec enpresa publikoko langile batzordeko burua. Ia hasieratik ari dira herritarrak etxean artatzeko zerbitzuan, halaber, Marian Velaz eta Loli Serrano; baina biak, beti, lan hori egin duten enpresa pribatuetan izan dira. Bada aldea, nabarmendu dutenez. “Enpresa baten xedea dirua irabaztea da, eta horrek berekin ekartzen du, gehienetan, langileen lan baldintzek okerrera egitea”, nabarmendu du Serranok. Horregatik, “kontent” da Iruñeko Udalak hartu duen erabakiarekin: hain zuzen ere, bere esku hartu du orain arte bi enpresaren esku egon den zerbitzuaren kudeaketa, eta udaleko langile mugagabe ez-finko bilakatu ditu Asimec eta Sarquavitaen ari zirenak.

Esparzak argi du enpresa pribatuan ari ziren langileen egoerak hobera egin duela aldaketarekin; eta ontzat jo du hori, “zalantzarik gabe”. Kezka agertu du, ordea, orain arte Asimec enpresako kide izan diren langileen etorkizunari buruz. Esparzak nabarmendu du urte luzez borroka egin dutela langileek egun dituzten baldintzak lortzeko, eta beldur direla aldaketarekin atzera eginen ote duten. Ez dira hori onartzeko prest.

“Prozesua hasi bertzerik ez dugu egin, baina lanaren antolaketan arazoak sumatu ditugu; goiz da, eta behar duen denbora emanen diogu udalari. Argi dugu kudeaketa zuzena dela eredurik egokiena, baina adi egonen gara, gauzak ongi egin ditzaten”, erantsi du.

Zerbitzu bat eta bi enpresa; bat publikoa, eta bertzea pribatua. Ia 200 langile. Eta erdian, Iruñeko Udala. Egoera hori atzean uzteko eta langile guztiak multzo berean jartzeko prozesua ezberdina izan da batzuentzat eta bertzeentzat. Hasierako asmoa, gainera, bertze bat zen: langile guztiak enpresa publikoan sartzea, alegia. Halaxe aitortu du udalak berak. “Oposizioan ginenean ere argi ikusten genuen bazela tartea zerbitzuak hobera egiteko; lehen apustua langile guztiek enpresa publikoan bat egitea izan zen”, azaldu du Edurne Eginok, Gizarte Ekintzako eta Garapen Komunitarioko zinegotziak. Udaleko zerbitzu juridikoek, ordea, txostena egin zuten, eta bazter utzi zuten aukera hori: “Enpresa publikoak sinatua zuen hitzarmena hagitz zurruna zen, eta ez zen hura betetzeko modurik langile gehiago hartuz gero”, gaineratu du zinegotziak. Ondorioz, hilaren 1ean errealitate bilakatu zen alternatibaren alde egin zuen udalak: enpresa publikoan eta pribatuan ari zirenak erakunde horretako langile bilakatu ditu.

“Egoera erabat aldatu da guretzat: aldaketak berekin ekarri du gure lana kontuan hartzea eta aitortzea”, nabarmendu du Edurne Arandigoienek. Sarquavitaen aritu da azken urteotan familia langilea. Zerbitzuan duela 13 urte hasi zen, eta, geroztik, Gaztelan fundazioko Miluze enpresako, Ammako eta Azvaseko langile izan da, zerbitzua Sarquavitaeren esku gelditu aurretik. Etxe horien artean, Miluze izan da irabazi asmorik gabeko bakarra. “Enpresetan, finean, zenbaki hutsak izan gara. Beti egin behar izan dugu lan gure eskubideen alde, enpresen, bai eta udalaren aurrean ere. Formakuntzaren esparruan egin ditugun urratsak, adibidez, gure ahaleginen ondorio izan dira”, nabarmendu du Arandigoienek.

Eginok ez du ukatu orain arteko lan baldintzak ez direla egokienak izan. Batez ere, esparru pribatuan aritu diren langileenak. Iruñeko Udalak 2008an sortu zuen Asimec, eta, geroztik, orain arte, enpresa horren esku egon da herritarrak artatzeko zerbitzuaren zati bat. “Esparru publikoan ezinezkoa zen malgutasuna arlo pribatuan aritu diren langileei eskatu zaie; horrek berekin ekarri du, adibidez, ordu gutxiko kontratuak egitea”, azaldu du zinegotziak.

Merkeagoa

Eginok gogoratu du legeak ezartzen duela udalek kudeaketa zuzena hobetsi behar dutela zerbitzu bat ematerakoan; bigarren tokian legokeela kudeaketa hori erakunde autonomo baten esku uztea; hirugarrenean, enpresa publiko baten esku; eta, laugarrenean, azkenik, enpresa pribatu baten esku. “Hemen ez da hori gertatu. Azken hogei urteotan, sinetsarazi nahi izan digute kudeaketa pribatua merkeagoa zela; zerbitzuak enpresen esku utzi ditugu, inolako azterketarik egin gabe. Errealitatea da kudeaketa zuzena gure enpresa publikoa baino merkeagoa ere badela”, erran du udaleko zinegotziak.

Herritarrak etxean artatzeko zerbitzuaren kasuan, hain zuzen ere, urtean bost milioi euro inguruko aurrekontua beharko duela zehaztu du udalak. Hau da, orduko 27,06 euroren gastua eginen luke batez beste 2017an; kopurua, iaz, 28,46 izan zen. Beraz, %5 merkeagoa litzateke.

Eginok errandakoarekin bat egin du Nerea Esparzak; azken urteotan udalak arlo pribatuaren aldeko apustua egin duela uste du familia langileak ere. “Zerbitzua ez da behar bezala garatu: ez dira garatu gure enpresak zituen gaitasun guztiak”, salatu du. Esparzak, gainera, Asimec enpresa bera sortu zutenean galdu ziren lanpostuak ekarri ditu gogora. “1998an, zerbitzua zuzenean kudeatzen zuen udalak. 2008an sortu zuen Asimec, eta, enpresa martxan jarri zenean, 35 langile karrikan gelditu ziren; ezin dugu hori ahaztu”, erran du langileak.

Hasierako urte zailak gogoan dituzte, halaber, Sarquavitae etxeko Loli Serranok eta Marian Velazek. “Inoiz ez genekien egunean zenbat ordu eginen genuen lan, ezta zenbat kobratuko genuen ere”, nabarmendu dute langileek. Lanarekiko eta eskaintzen zuten zerbitzuarekiko konpromisoa berretsi dute biek, halere. “Horri esker egin dugu aurrera”.

Arlo pribatuko eta publikoko langileen ezaugarri izan da hori, urteotan guztietan: lanarekiko konpromisoarena. Askotarikoa da artatzen dituzten erabiltzaileen soslaia. Mila baino gehiago direla zehaztu du Edurne Egino zinegotziak. Zenbaki hutsen atzeko istorioak ederki ezagutzen dituzte familia langileek. “Haien etxeetan sartzen gara, haien esparrurik intimoenean; lanak mugak ezartzen ditu, noski, baina ezinbertzean sortzen dira gure eta erabiltzaileen arteko loturak”, azaldu du Velazek.

Erabiltzaileetako anitz dira zaharrak. Oro har, mendekotasunen bat duten erabiltzaileak artatzen dituzte. “Gerta daiteke istripu batengatik edo ebakuntza bat egin diotelako ere laguntza behar izatea norbaitek”, zehaztu du Arandigoienek. “Finean, erabiltzaileak eta haien familiak laguntzea da gure lana; behar duen horretan artatzea”, erantsi du: “Ohetik altxatzea, paseatzea, garbitzen laguntzea, jaten ematea…”. Etxe bakoitzean gehienez bi ordu ematen dute.

Familia langileen lana koordinatzeko ardura dute zerbitzuko gizarte langileek. Haietako bat da Cristina Chasco. Duela 11 urte hasi zen. Geroztik egindako lanari so egin, eta zerbitzuaren kudeaketa “gero eta zailagoa” zela nabarmendu du. Horregatik, ontzat jo du orain hartutako erabakia. “Udalak sendo egin du zerbitzuaren alde, kudeaketa zuzenean bere esku hartuta”.

Udalaren hasierako asmoen berri bazuten langileek, eta uste zuten, kudeaketa zuzenean egin beharrean, enpresa publikoan bat eginen zutela denek. Nerea Esparzarentzat, urrats egokia zen hori. Bat egin du, halaber, azkenean hartutako erabakiarekin, baina zalantzak dituela berretsi du. Arlo pribatuan ari ziren langileak baino anitzez ere “ahaldunduago” dira enpresa publikokoak, Esparzaren hitzetan. Eta argi utzi du ez dutela bidean atzera egin nahi.

Bada eztabaida sortu duen bertze auzi bat: oposizioarena. Asmoa langile guztiek enpresa publikoan bat egitea zenean ere, Asimec etxean ari zirenek eskatu zuten beraiek enpresa horretan sartzeko egin zuten azterketa egitea arlo pribatutik helduko ziren langileek ere. Egoera aldatu egin da, eta langile guztiak udaleko langile dira orain. Horrek berekin dakar, hain zuzen ere, oposizioa gainditu behar izatea, antolatzen denean. Asimec enpresako kideek, ordea, ez dute uste beraiek berriz egin behar dutenik 2008an egindako azterketa, eta jarrera hori defendatzeko prest dira.

Edurne Egino zinegotziak aitortu du gai horrek “erresumina” eragin duela Asimec enpresako langileen artean, batez ere; argi utzi du, hala ere: “Duela zortzi urte egindako kontratazio zerrendak ez du betiko balio”.

Postuak sortzeko aukerari buruz ere, deus gutxi aurreratzen ahal dela erran du Eginok. “Asmoa da, hala ere, postuak ateraz joatea, ahal dugun neurrian, eta, ahal dugun neurrian, halaber, egungo kolektiboari kalte egin gabe”.

Arlo pribatuan ari ziren langileek ere aitortu dute “kezka” eragiten diela oposizioa egin behar izateak, baina kudeaketa zuzenaren aldeko apustuak berezko duen urratsa dela uste dute.

Gogoetarako beharra

“Etorkizunera begirako proiektua izan daiteke hau; aukera ematen ahal digu zerbitzuak hobera egin dezan”. Horixe nabarmendu du Loli Serranok, eta Edurne Egino zinegotziak bat egin du familia langilearekin.

Egun, astelehenetik iganderako zerbitzua eskaintzen du udalak herritarrak etxean artatzeko; 07:30etik 22:00etara. Hala eta guztiz ere, hainbat esparru zerbitzu horretatik kanpo gelditzen direla aitortu du udalak, eta horri buruzko gogoeta egiteko beharra jarri du mahai gainean. Bertzeak bertze, Iruñeko Udalaren babespean diren 144 etxebizitzetan bizi diren herritarrak artatzeko moduaz hausnartzeko beharra aipatu du Eginok.

Oro har, populazioa gero eta zaharragoa dela kontuan hartuta, egungo zaintza ereduak aldatzeko eta moldatzeko aukera nabarmendu du Eginok, gainera. Eutsi beharreko gaia dela argi du, eta udalaren erronken artean kokatu du hori ere. Familia langileen kudeaketa zuzenean bere esku hartu eta gero, tresna interesgarri bat du udalak orain gogoeta prozesu horiei aurre egiteko. Zerbitzua moldatu berri dute, eta goiz da, oraindik ere, emaitzak zein izango diren jakiteko. Alde guztiek ontzat jo dute udalak kudeaketa zuzena egitea. Hori nola gauzatuko den ikusteko zain dira langileak. Adi egonen direla ohartarazi dute Asimec etxetik heldu direnek. Zerbitzuak aurrera egin dezan. Eta ez atzera.