“Kulturari esker, gizartea kritikoagoa eta demokratikoagoa da”

“Kulturari esker, gizartea kritikoagoa eta demokratikoagoa da”

N. E.

Krisi ekonomikoak kulturaren sektorea “kinka larrian” jarri duela adierazi du Nafarroako Kultur Programatzaileen Elkarteko presidente Javier Pazek (Legazpi, Gipuzkoa, 1964). Egun, Azagrako kultur etxean aritzen da lanean, programatzaile modura. Antzerkia sustatzeko Nafarroako Gobernuak abian jarritako plana oso baikorra dela uste du. Dena den, aitortu duenez, programatzaileen zeregina erabat mugatzen dute udaletako aurrekontuek.

Krisi ekonomikoak zuzenean eragin dio kulturari. Programatzaile modura, zertan antzeman duzu hori?

Herri eta hirietako kultur etxeetako programazioa diseinatzeko orduan, aurrekontu publikoen menpe egoten gara. Esan behar dena da kulturaren sektorean aurrekontuak ez direla inoiz handiak izan. Baina, azkenaldian, 2009. urteaz geroztik izugarri murriztu dira. BEZaren igoerak ere zuzenean eragin du. Lehendik zaila zen egoera zaildu egin duela esan daiteke. Gure ustez, kultura gizartea hobetzeko tresna bat da. Izan ere, kulturari esker, gizartea kritikoagoa eta demokratikoagoa da, eta horri balioa eman behar zaio.

Antzerkian zentratuz, zein iritzi duzu Nafarroako antzerkigintzaz?

Lehen esan dudan bezala, oso urte zailak igaro ditugu. BEZaren inguruan esan dudanak, noski, izugarri eragin du. Krisi ekonomikoaren aurreko urteetan, kultur gune asko eraiki ziren Nafarroan. Gutxi gorabehera, 30 bat agertoki daude. Bazirudien arte eszenikoen eremuan aukerak zabalduko zirela horri esker. Baina ekonomiaren atzeraldiak aukera horiek zapuztu zituen. Ondorioz, antzerkia modu profesionalean egin nahi izan dutenek oso gaizki pasatu dute, aurrera egiteko izugarrizko zailtasunak izan dituztelako. Diru laguntzak, orokorrean, oso zenbateko txikikoak izan dira. Eta, ondorioz, antzezlanak modu profesionalean sortzea oso zaila izan da.

Antzerkia Sustatzeko Planak errealitatea hobetzen lagunduko duela uste duzu?

Nik uste oso proposamen interesgarria dela. Antzerkigintzak aspaldian aldarrikatu du halako plan estrategiko bat. Diseinuan sektorearekin lotura dutenek hartu dute parte, eta, beraz, askoren onespena du. Mahai baten bueltan sektorean lan egiten dugun eragileak esertzea eta gaiaz hitz egitea oso baikorra iruditzen zait. Guk, programatzaile bezala, ez dugu inorekin hitz egiteko arazorik izan, eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu.

Orokorrean, arte eszenikoen sektorea oso atomizatua dagoela esaten da. Ados zaude?

Bai, egia da sektorea oso atomizatua dagoela. Azkenean, antzerkigintzan talde txiki asko daude. Baina, akaso, denak modu antolatuan elkartzea falta zen. Planean jasotzen da sektore mahaia sortzeko asmoa, eta, hori egia bilakatzen bada, guztion arteko harremana hobetu egingo dela iruditzen zait. Kulturan profesionalok lan egin behar dugu. Guk, programatzaile modura, kulturaren presentzia indartzea eta garatzea nahi dugu.

Programatzaileen lan egiteko moduari dagokionez, urte hasieran jakiten duzue zenbateko diru saila izango duzuen programatzeko?

Udal bakoitzak modu autonomoan funtzionatzen du. Programatzailea zinegotziarekin biltzen da urteko planaren diseinua egiteko. Gainera, inguruko herrietako programatzaileekin ere biltzen gara, ikuskizunak modu bateratuan kontratatu ahal izateko. Horri esker, programazio erakargarriagoak diseinatzeko moduan izaten gara. Hala ere, beti saiatzen gara Nafarroako taldeak ekartzen, bertakoak direlako eta eskaintzen dutena kalitatezkoa izan ohi delako.

Planaren diseinuan parte hartzerik izan duzu?

Ez. Ez dut Antzerkiaren Talde Eragilean parte hartzeko aukerarik izan, nire lana dela eta. Denboraz oso justu ibili ohi naiz. Hala ere, prozesua oso gertutik jarraitu dut. Plana aurkeztu bezain pronto aztertzeko aukera izan dut, eta nik uste oso proposamen onak egin dituztela diseinatu dutenek.

Proposamen berritzaileetako bat 948 Merkatua, arteen azoka deiturikoa da. Zein iritzi duzu proposamen horren inguruan?

Benetan ideia ona iruditzen zait. Guk, elkarte modura, urte luzez aldarrikatu dugu halako azoka baten beharra. Izan ere, kulturaren sektorea ikusgarriagoa egiteko modu bat da. Oso espazio interesgarria izango da, eremu askok izango dutelako tokia: musikak, pinturak, antzerkiak… Gobernuak Nafarroako antzerkiaren aldeko apustua egin du, eta hori argi dago. Espazio berean artearen panorama nolakoa den ezagutu ahal izango da, eta mundu guztia ikusgarriagoa izatea lortuko da. Inguruko hirietan egiten dira antzeko azokak, eta, egia esan, orokorrean, oso erakargarriak izaten dira.