Iritzia: 600. kilometroa

Lohizune Amatria

Maindireak preso izango banindu bezala, ia burua atera ezinik, eskua luzatu, eta itzali dut iratzargailua. “Zergatik ari da joka?”. Itzali, eta jada ahaztu dudan ametsean murgildu naiz berriro. Ez du luze iraun. Joka berriz. 04:05. “Lo geratu naiz”. Azkar jantzi, eta autoa hartu dut. Ezin galdu zita.

Oso goiz da oraindik; mugimendua sumatzen da, ordea, Aezkoako errepideetan. Egun berezia da gaurkoa. Lagun batekin nago autoan, berandu gabiltza, Abaurrepea eta Garaioa herrien artean dagoen 600. kilometroan hitzordua dugu laster. Beste lagun baten zain gaude, baina. “Ez gara iritsiko, etorri azkar”, deitu diogu. Minutuak ordu izango balira bezala pasa dira. Oso urduri gaude.

Azkenean, abiatu gara. Errepidearen bazter batean utzi dugu autoa, gaizki xamar. Lagun gehiago zain ditugu, ilunpean, euripean. Haienganaino iritsi, eta bihurgunea hartzen argi distiratsuz apaindutako furgoneta ikusi dugu. “Korrika badator!”. Emozioak hartu gaitu; oihuka, algaraka hasi gara. Segundo gutxi, eta lekukoa guk izango dugu. “Zeinek hartuko du lehen?”. Erabaki gabe dugu.

Bat-batean, baina, dortsalak ahaztu zaizkidala konturatu naiz. “Barkatu, ze amorrua”. Korrika gertu dugu; hala, gure xiren koloreak zehaztu du nork hartuko duen lekukoa lehen. Iritsi gara aldaketara, eta kasualitatez lekukoa inoiz hartu ez duen lagun bat izan da astintzen lehena. Gorriz doa jantzita. Ur tanta lodiek lagundu dute gure kilometroa, arropa blaitu zaigu. Baina irribarre handi batek marrazten digu aurpegia. Beste urte batez han gara, gure hizkuntzaren alde gure aletxoetako bat jartzen, beste une zoro zoragarri bat bizitzen.

Lagun gehiago aurkitu ditugu aldamenean korrika, Aezkoako ibilbide guztia egiten ari direnak, lorik egin ez dutenak eta gaixo, eguraldiari aurre eginez, lasterka egitea erabaki dutenak. Dortsalik ezak, euriak, lehen uneek eta gauak ezaugarritu dute gure kilometroa. Idatzi hau bizi izandakoaren ikuspuntu bat baino ez da. Korrikak istorioz eta emozioz betetako 2.557 kilometro egin ditu. Hala bizi dugu gure hizkuntza, bihotzez, sentimendu osoz.

Biztanle gutxiko eremua da Pirinioetakoa. Korrikarekin dagoen atxikimendua, baina, handia da. Ez da ezohikoa, beraz, herri batean kilometro bat egin, autoa hartu eta Korrika aurreratuz, aurrerago besteren bat egin duen herritarren bat ikustea. Zirraragarria da jendeak egin duen ahalegina. Gustatuko litzaidake, lasterraldiak eragiten digun euforia igarota, euskararen alde indarrez, auzolanean eta elkartasunez jardutea. Euskarak hori eta gehiago merezi du eta.