Carpe Diem

Jon Barberena

Iraganak nostalgiaz bustitzen du orainaldia, etorkizunak ardurez betetzen duen gisara. Argazki zaharrak ditugu denboraren abiadura azkarra enpirikoki frogatzeko. Gabezien ispilu. Falta zaiguna eta zaizkigunak irudikatzen dituzte, eta bizitzaren logikaz eta absurdoaz hausnartzera bultzatu. Aspaldiko denborak laudorioz inarrosten ditugunean eta biharkoak gutxietsi, zahartu garela ondoriozta dezakegu. Zahartzaroan iraganari pasioz begiratzen zaio, etorkizunak ez duelako halako jakin-minik sortzen. Halere, etorriko diren egunak pasatako egunen kalkoak izaten dira maiz. Denborak zahartutako pertsonak ederki daki bihar ez duela munduak hobera eginen, eta aurreikuspenek ikuspen penatuak izaten dituztela ondorio. Etor daitekeenaz ahaztu, eta adinekoak aspaldi pasatako egutegiko orriak hatzekin baino, buruarekin (bir)pasatzen ditu anitzetan. Bizi izandako momentu gogoangarriak zirraraz eta nostalgiaz oroitzen ditu. Ez du amets potolorik prefabrikatzen biharko edo etzidamuko; bai baitaki utopia inon ez dagoen lurraldea bertzerik ez dela. Denbora izan duelako irakasle. Metodologia iraultzailerik eta arbela digitalik gabe, izan duen irakasle hoberena. Kulturak eta ohiturek errotutakoak des-ikasten jakintsuago bihurtzen da pertsona nonbait.

Zahartzarora iristea helburu dugunok, berriz, biharkoarekin egoten gara tematuak. Momentuko ezkil soinuei entzungor eginez, biharko ezkil soinuak aditu nahi ditugu. Ohartu gabe soinu berbera izanen dutela biharko ezkil soinuek ere. Etorkizuneko eguraldiak, lanak, autoak edo soldatak itsutzen gaituzte. Galbidera garamatzate.

Hizkuntza zahar honen gramatikaren esparrutik ere, badugu zer ikasi. Bi aldi ditugu euskaraz: orainaldia eta lehenaldia. Geroaldirako ez dago lekurik gurean. Agian, horren garrantzitsua ez delako eman diogu funtzio hori aspektuari. Bihar aurkitu nahi dugu gaur bilatzen aritu eta aurkitu ez duguna. Zoriontasunaren bila bagabiltza, zoriontsuak ez garela ondoriozta dezakegu. Bilatzen ari garenaz ahaztu eta aurkitutakoarekin konformatuko bagina, zoriontsuago izanen ginateke. Etorkizuna aseguru etxeek asmatutako asmakizuna dela idatzi zuen behin Pako Aristik. Ez dakit etorkizunaren lehenaldia ote dugun orainaldia edo iragana bera ez ote den etorkizunaren orainaldia. Carpe diem oihuka dezagun gizarteak etorkizunaren izenean jarri dizkigun mamuak eta beldurrak uxatzeko. Etorkizunak askatasuna murrizten du. Noizbait etorriko (omen) den egun potoloa ospatzeko, biltegian gordea dugun botila edan dezagun. Egun batzuk bertze egun batzuk baino egunago diren ustetan erosi genuen arren, edan dezagun denborak ozpindu aitzin. Topa egin dezagun orainarengatik! Garenarengatik! Iraganaren aztarnak lagun, etorkizunik existituko ez balitz bezala. Badugu zer ospatu. Topa!