Liburu egin da memoria

Liburu egin da memoria

Edurne Elizondo

Hau da nire mikromundua: Leitzako eta Goizuetako bazterrak”. Leitzan bizi da Patziku Perurena, Amazabal auzoan, baina Goizuetan sortua da, 1959an, Aitasemegi auzoan. Bere mikromundua osatzen duten bi txoko horietan du idazle eta ikertzaileak, beraz, oin bana. Batean eta bertzean egindako urratsak baliatu izan ditu bere lanak osatzeko, eta, oraingoan, Goizuetako memoria liburu bilakatu du, herriko agiri zaharrak paperean jasota. Goizuetako dokumentu zaharrak lana argitaratu berri du, Pamiela etxearekin.

Euskarabidearen babesa jaso du Perurenaren azken obrak. Goizuetakoak egindako ikerketaren “interesa” nabarmendu du erakunde horretako Euskararen Plangintza eta Sustapen Zerbitzuko buru Paula Kasaresek, hain zuzen ere. Liburuak toponimiaren arloari egiten dion ekarpena jarri du mahai gainean, eta, bereziki, Perurenak etxeen izenak jasotzeko egindako lana txalotu du Kasaresek.

Patziku Perurenak hainbat mendetako historia jaso du bere azken liburuan, 1324tik 1918ra bitarteko agirien bitartez. Herriko udal eta eliza artxiboetara jo du, bertzeak bertze. Iturri horiek duten garrantzia nabarmendu du idazleak, eta Euskal Herriko alkate guztiei eskatu die errespeta ditzatela, eta herritarren esku jar ditzatela nork bere herriko artxiboak.

1324. urteko lehendabiziko agiriak burdina merkaturatzeko legeei buruzkoak jasotzen ditu. “Ez da batere harritzeko burniari buruzkoa izatea, horixe izan baita herriotako lehengai preziatua joan den milaka urtetan”, adierazi du Perurenak Pamielarekin argitaratutako orrietan.

XIV. mendekoa da idazleak Goizuetako udal artxiboan aurkitutako agiririk zaharrena; hurrengo bi mendeetako bertze bi nabarmendu ditu: 1406ko agiri bat eta 1510eko beste bat, Goizuetaren eta Orreagaren arteko harremana agerian uzten dutenak. “Izan ere, bi agiri horiek Goizuetaren eta Orreagaren arteko akordioak dira, gure herria Orreagaren mende egon baitzen”. Agiriotan ikusten da Orreagak ematen zituela Goizuetako legeak, arlo guztietan. Perurenak erantsi du harreman horrek garaian garaiko liskarrak ere sortu zituela haien artean.

Etxeen zerrendak

1427. urteko bertze agiri batek eman dio atentzioa Patziku Perurenari, eta liburuan jaso du: herriko etxeen izenen zerrenda osatu zuten urte horretan. Kasaresekin bat egin du idazleak, eta nabarmendu du etxeen zerrendek informazio anitz ematen dutela. Izan ere, etxeen izenak eta haietan nor bizi zen jasotzen zuten zerrenda horiek.

Herriko etxeen inguruko bertze hamaika pasadizo eta kontu jaso ditu Perurenak. 1555. urtean, adibidez, su hartu zutela herriko 25 etxek. Antza, haizea zakar zebilen, eta Urrutine izeneko etxeak hartu zuen su lehendabizi; handik bertze etxeetara zabaldu ziren garrak, eta suteak, denera, 25 kiskali zituen.

Etxeak ditu protagonista, bertzalde, Perurenak jasotako bertze auzi batek; 1571. urtean gertatu zen. Antza, Patziku Goizuetakoa Marimartin Etxandikoarekin ezkondu zen: ordurako, bizi zeneko etxe erdia hipotekatua zuen, baina berriz bereganatu zuen emazteak emandako doteari esker. Etxeak, baina, bertze jabe bat bazuen, gizonak Katalin Bizargorriri saldu baitzion, emazteari deus erran gabe.

Esku pilotari ere toki egin dio Perurenak bere liburuan. “Aimar Olaizolaren herrikoa izanda” hala behar zuela argi utzi du idazleak azken lana aurkeztu duenean. 1737tik 1915era bitarteko agiriak landu ditu, bertzeak bertze, testua osatzeko. “Blé esaten zioten, hasieran, esku pilotari; eta Iparraldean euskaratu zuten izena”, azaldu du, zertzelada gisa.

Eman ditu bertzelako zertzeladak egileak, liburuan jasotakoari buruz; tartean, 1897. urteko udal ordenantzei buruzkoak. Urte horretako ordenantzak euskarara itzuli zituen Martin Arozenak, lehendabiziko aldiz. Herriko telegrafista izan zen Arozena, aurrena, eta udaletxeko idazkari, gerora. “Arozenak, antza, ordenantzak egokitu zituen euskarara; gero, Lorenzo Arratibelek berridatzi zituen”, azaldu du Perurenak.

1918. urtekoa da Goizuetakoak bere herriari buruzko historiaren berri emateko jasotako azken agiria. Gripeak jo zuen herria urte hartan, hain zuzen ere. 1918ko irailaren 3an sumatu omen zituzten gripearen lehendabiziko arrastoak, Goizuetan. Handik sei egunera, Queipo de Llano nafar gobernadorea herrira joan zen, Osasun Zuzendari Jimeno medikuarekin batera. Perurenak idatzitako orrietan azaldu du lasaitasuna eskatu ziela gobernadoreak herritarrei, eta ez zela hainbertzerako erran ziela.

Ordurako, 200 kutsatu eta dozena erdi hildako utziak zituen gripeak herrian. Gaitza Nafarroa osora zabaldu zen. Udaleko artxiboan jasota gelditu da senideek gripeak hildakoen berri eman zutela. Gutxienez hogei kasu jaso ditu liburuak.

Mendez mendeko tradizioen, bizipenen, liskarren, istiluen eta gisakoen lekuko da Patziku Perurenak egindako lana. Artxiboetan zegoena batera eman du Pamielak argitaratutako orrietan. Artxibo horiek gordetzen dituzten altxorren garrantzia berretsi du idazleak. Goizuetako herriak duenaren lagin bat utzi du, idatzita, azken liburuan. Lan horrek Perurenaren mikromundua hobeki ezagutzeko aukera ematen dio irakurleari.