Arriskuak ez baitu mugarik

Arriskuak ez baitu mugarik

Edurne Elizondo

Ebroko Ur Konfederazioak berak erran du: Zangoza aldean egin nahi duten Muga meategiak Esako urtegiaren segurtasunari eragiten ahal dio; modu nabarmen batean, gainera, erakunde horrek egindako txostenak jasotzen duenez: agiriak dio enpresak kontrol sistema zehatzak ezarri beharko lituzkeela, eta, behar izanez gero, “esplotazioa bertan behera utzi”.

Geoalcali SL etxeak bultzatutako proiektua da Muga. Nafarroari eta Aragoiri (Espainia) eraginen lieke; zehazki, Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatuko litzateke proiektua. Helburua da potasa eta gatza ustiatzea. Egitasmo horren aurkako plataformak 400 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion proiektu horri, 2015eko udan, inguruan eragiten ahal zituen arriskuengatik. “Guk mahai gainean jarritako arrisku horiek berresten ari dira orain egindako txostenak”, erran du plataformako kide Enrique Mirandak.

Ebroko Ur Konfederazioak egindakoa eskuratu ahal izan dute plataformako kideek, hain zuzen ere. Ez dira erakunde horrek egindako lanak bakarrik jasotzen txosten horretan. “Bertze hainbat elkartek egindakoak ere badira”; bertzeak bertze, Espainiako Geologia eta Meategi Institutuak eta Espainiako Geografia Institutu Nazionalak egindakoak. Denek bat egin dute kontu batean: Muga meategiak Esako urtegiari eragiten ahal dizkion arrisku egoerez ohartarazi dute.

Nafarroako aurreko gobernua hasi zen Muga meategia martxan jartzeko proiektua tramitatzen, 2015eko ekainean. Egin beharreko urratsetako bat da egitasmo horrek ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena osatzea. Hori betetzeko eskatu zuen Espainiako Ingurumen Ministerioak Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostena. Iazko ekainean aurkeztu zuen erakunde horrek, baina berriki jaso dute meategiaren aurkako plataformako kideek. “Alegazioak aurkeztu arren, ez genuen txostena zuzenean jasotzeko eskubiderik; azkenean, Nafarroako Parlamentuari egin genion eskaera, Nafarroako Gobernuari eska ziezaion, eta horrela eskuratu ahal izan dugu”, azaldu du Mirandak.

Faila eta pitzadurak

“Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak argi eta garbi erran du Geoalcalik egindako ikerketak ez direla inondik inora nahikoak”, nabarmendu du Mirandak. Gogoratu du Muga meategia Esako urtegitik kilometro ingurura egonen litzatekeela, eta, bertzeak bertze, Xabier herri azpian eginen lituzketela zuloak. “Azpiegitura horrek sismikotasunean zer-nolako eragina izanen lukeen, adibidez, ez du aztertu enpresak”, gaineratu du. Loitiko faila dago inguru horretan, hain zuzen ere. Enpresak dio meategia faila horretatik hegoaldera eginen luketela. “Txostenak agerian utzi du, ordea, faila horrek badituela pitzadura perpendikularrak, eta, hain zuzen ere, urtegitik meategiraino doazela”.

Ebroko Ur Konfederazioak ohartarazi du meategiak sismikotasunari eragiten ahal diola, eta nabarmendu du urtegiko magalei ere kalte egiten ahal diela proiektuak. “Txostenak dio, gainera, garaian garaiko datuak jaso baino, denbora tarte batez gertatzen denaren berri jaso beharko lukeela enpresak”, erantsi du plataformako kideak. Hau da, hainbat urtez jaso beharko lituzketela datuak, ondorioak zehaztu ahal izateko.

“Bitxitzat” jo du Mirandak Ebroko Ur Konfederazioak berak egiten ez duena eskatzea Muga proiektua bultzatzen dutenei, baina erakunde horrek egindako txostena “sendotzat” jo du meategiaren aurkako plataformak. “Urtegiko arduradunek argi eta garbi erran dute kezka handia badutela, eta meategiak hondamendia eragin lezakeela”, azaldu du Mirandak.

Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenak mahai gainean jarri du, bertzeak bertze, meategiak urtegia husteko dagoen arriskua. “Gerta daiteke urtegiko ura sartzea meategian, eta horrek hondamendia ekar dezake”. Mirandak adierazi du, bertzalde, konfederazioak erran duela jada Geoalcalik ezin izanen duela bete gatza toki batean pilatzeko duen asmoa. “Halako gatz multzoek ondoko ibaiei kalte egiten ahal diete; hori gertatu da hainbat tokitan”.

Meategiak eragiten ahal dituen kalteak mahai gainean jarri ditu Ebroko Ur Konfederazioak, eta berretsi ditu, modu horretan, proiektu horren aurkako plataformakoek 2015ean errandakoak. Konfederazioak informazio gehiago eskatu dio enpresari, eta Mirandak argi du proiektua hutsetik hasi eta jendaurrean aurkeztu beharko luketela, berriz ere, aurrera eginez gero.

Zangozako herritarrak ere aspaldi hasi ziren Esako urtegia handitzeko lanak ekartzen dituzten arriskuez ohartarazten. Urtegiko bi magalak mugitzen direla ziurtatu dute adituek. Arrisku horiek gogoratu eta salatuko dituzte maiatzaren 27an, Iruñean: manifestaziora deitu du Esa + Ez Lanak Gelditu plataformak.